Mari Jose Aranguren ekonomialaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 11a, 10:19

“Krisia Tolosaldean eta ihes egiteko moduak” izenburupean, hitzaldia eskainiko du Mari Jose Aranguren zizurkildarrak apirilaren 24an, Zizurkilgo Atxulondo Kultur-Etxean. Ekonomian aditua izanik, egungo egoeraren inguruan mintzatu da.

Ekonomiaren munduan ibilbide luzea egina duzu...
Enpresa eta Ekonomiako Lizentziatura ikasketak egin nituen. Gero Doktoretza egiteko aukera izan nuen. Bertan, enpresa txiki eta ertainen gaiari buruzko ikerketa burutu nuen. Euskadin, batez ere, enpresa txiki eta ertainak ditugu. Enpresa mota hauek badituzte beren abantailak (malgutasuna etab...), baina hauetako batzuk egiten duten produktu edo ematen duten zerbitzuaren arabera, askotan zailtasunak izaten dituzte enpresa handiekin lehiatzerako orduan. Horrek kezkatzen ninduen eta horregatik egin nuen tesia gai honen inguruan. Tesia bukatu eta gero Deustuko Unibertsitatean ekonomiako ikasgaiak irakasten hasi nintzen (15 urte inguru daramatzat horretan). Orain dela 5 urte, Orkestra Lehiakortasuneko Euskal Institutua sortu zen, hau, Deustuko Unibertsitateko ikerketa zentro bat da. Orkestran ikerlari gisa lanean hasteko aukera izan nuen eta orduz geroztik, klase gutxiago ematen ditut eta ikerketan aritzen naiz batez ere.

Zerk bultzatuta murgildu zinen ekonomiaren munduan?
Enpresa eta Ekonomiako Lizentziatura egiten ari nintzela, ekonomiako ikasgaia asko gustatzen zitzaidala konturatu nintzen. Gero tesia egiten hasi nintzenean, ekonomiak gure herriaren etorkizuneko garapenari lotutako arazo asko ulertzeko eta gainditzeko tresnak ematen zizkigula ohartu nintzen, eta horrek, asko erakartzen ninduen. Nik lizentziatura 1992an bukatu nuen eta orduan ere, orain bezala, krisi sakon batean murgilduta geunden. Langabezi tasak oso altuak ziren eta krisiari aurre egiteko, enpresa txiki eta ertainek izugarrizko garrantzia izan zuten gure herrian. Horregatik izan ziren ikergai nire tesian.  

Joan den urrian, Orkestra-ko ikerketa zuzendari izendatu zintuzten. Nola jaso zenuen berria?
Eskaintza hau aurreko urteetan eginiko lanaren errekonozimendua izan zen eta horrek, beti pozten zaitu. Batetik, errespetu pixka bat eman zidan zuzendari izateko eskaintza onartzeak; ardura gehiago hartzen bainuen niregain. 38 pertsona inguruko taldea gara Orkestran, lau iker sailetan banatuta. Lau talde horien ikerketa koordinatzeko ardura hartzea zekarren eskaintza hori onartzeak eta horrek, kezkak ugaritu zizkidan.  Bestalde, ordea, taldekideek lanpostua onartzera animatu ninduten; taldean, denon artean aurre egingo geniola erronkari. Lankideek emandako animoak izan ziren azkenean, eskaintza onartzera eraman nindutenak. Gure lan egiteko era talde lanean oinarritzen da, eta lankideen babesa izatea oso garrantzitsua da.  

Horrez gain, Deustuko Unibertsitateko irakasle ere bazara. Zein irakasgai irakasten duzu?
Orain klase ordu gutxiago ematen ditut. Beste irakasle batekin batera lizentziaturan Mikroekonomia irakasten dut. Doktoretzan, berriz, “Enpresen arteko lankidetza eta klusterrak” ikasgaia irakasten dut. Honez gain, ikastaro motzak ematen ditugu gai konkretu batzuen inguruan, batez ere, lanean ari den jendeari zuzenduak, gai batzuetan eguneratzeko.

Hainbat liburu ere idatzi duzu eta beste hainbatetan kolaborazio lanak egin. Bat aipatzekotan, zein aipatuko zenuke?

Bat aipatzekotan, azkena aipatuko nuke: Lehia-abantailak eraikitzeko estrategiei buruz beste hiru lankiderekin idatzi dudana. Bertan jasotzen den mezu nagusia zera da: Lurralde bakoitzak izan nahi duen etorkizuna eraikitzeko bideak definitzea garrantzitsua dela. Lurralde bakoitzeko biztanleek lurralderako nahi duten estrategia definitu behar dutela eta hori bultzatu. Nolako etorkizuna nahi dugu; hazkunde ekonomiko hutsean oinarritua edota gizarte berdintasuna eta ingurumenaren zaintzea ere kontutan izango duena? Horrek baldintzatu beharko lituzke erabaki asko, besteak beste, lurralderako definitzen diren politikak.  

2011az geroztik beherakada ekonomikoa oso nabaria izan da. Zein adierazle hartzen dira kontuan beheraldia dagoela esateko?
Normalean, Barne Produktu Gordinaren (BPG) bilakaera aztertzen da eta honekin batera, langabeziaren eboluzioa, lurralde bakoitzean pertsona bakoitzeko sortzeko gai garen balio edo produktibitatea, esportazioen bilakaera, etab.

Gaur egun krisi gogor batean murgilduta gaude. Zeri zor zaiola uste duzu?
Arrazoi bat baino gehiago dago. Batetik, merkatu finantzarioen kudeaketa desegokia. Bestetik, beste hainbat herrialdeetan gu baino merkeago ekoizteko gai diren lehiakide berrien garapena (Txina etab.). Hauez gain, azken urteetan eman den gehiegizko zorpetze-maila... Ez dago arrazoi bakar bat, arrazoi askoren ondorio da krisi hau.   

Egoera honi buelta emango diogula uste al duzu?
Bai, emango diogu buelta, baina krisi ondorengo egoera ez da krisiaren aurretik genuen egoeraren berdina izango. Krisi honekin jende asko ari da gaizki pasatzen. Gogorra da esatea, baina krisiak aukera bezala ere ikusi behar ditugu, ez soilik, mehatxu bezala. Krisian gauden denbora honetan egiten dugunak asko markatuko du irteeraren nolakotasuna. Noiz aterako garen? Hori ez dakit.

Zein irtenbide ikusten dituzu?
Nire ustez, Euskadin azken urteetan pertsonen prestakuntzan, teknologietan, ikerketan eta abarretan inbertitu da; hori dela eta, gure sisteman gaitasun asko dugu. Metalen eraldaketan, ingeniaritzan, etab., onak gara. Gauza batzuetan sendotasunak ditugu eta sendotasun horietatik abiatuz gauza berriak egin ditzakegu. Sisteman gaitasun asko dago, baina askotan, gaitasun horiek bata bestearengandik isolatuta daude. Gaitasun desberdinak konbinatuz, batez ere lankidetzaren bidez, produktu eta zerbitzu berriak egin ditzakegu eta merkatu berriei erantzun. Esate baterako, nanoteknologia autogintzara aplikatuta, autoen pieza hobeak eta merkeagoak egin ditzakegu, eta abar.

Orain gutxi Zizurkilen kokatzen den Huyck Wangner (Perot izandakoa) multinazionalak bere ateak itxiko dituela jakinarazi zuen. Zein aukera ikusten duzu honi buelta emateko?
Lehen esan dudan bezala, produktu eta zerbitzu berriak ekoizteko gaitasunak sortzen saiatu behar dugu, ditugun gaitasunak aprobetxatuz. Honek, pertsona desberdinen ezagutzak nahastea eta konbinatzea eskatzen du. Honetarako elkarren arteko lankidetza garrantzitsua da, batez ere, gauza desberdinak egiteko gaitasunak dituzten pertsona desberdinen artekoa (biologoak, ingeniariak, nanoteknologiaz dakitenak...).

Azken datuei begiratuz gero, langabeziak ere gora egin du. EUSTATen arabera, 2011n, 2703 langabe zeuden tolosaldean. 2012an, berriz, 3207. Datu horiek okerrera egingo al dute oraindik?
Litekeena da oraindik zerbait igotzea. Denon artean gai izan behar dugu lan aukera berriak sortzeko. Hor daukagu gure erronka.

Egun, eskuartean ba al duzu proiekturik? Zein dira, etorkizunera begira zure asmoak?
Orain Euskadin, “Estrategia Espezializazio Argia” bultzatzeko proiektu batean gabiltza. Aurrez aipatutakoarekin oso lotua dago. Europan, berrikuntzako politika berriek zera diote: Lurralde bakoitzak bere gaitasunetatik abiatuta ekonomia arlo desberdinetara dibertsifikatzen saiatu behar duela. Honetarako, Euskadin, Europako beste lurralde batzuekin alderatuz, aukera asko dugu eta horiek aprobetxatu beharko genituzke krisi honetatik ateratzeko. Honek gure jarrera aldatzea eskatzen du: lankidetzako jarrera bultzatzea batez ere. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!