Atez ateko sistema herritarren ikuspegitik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko api. 11a, 10:12

Aurreikuspenen arabera, uda aurretik jarriko da martxan atez-atezko sistema berria Amasa-Villabonan eta Zizurkilen. Bi jarrera kontrakoen adierazle, azken egunotan, herritako hainbat balkoitan zabor poltsak eta koloredun loreak azaldu dira. Ondorengo galdeketan, herritar batzuen iritziak ikus daitezke.

Mertxe Etxeberria
Amasa-Villabona

  1. Atez atekoaren alde edo aurka zaude? Zergatik?    Ez nago ez alde ezta aurka ere. Ez zait gaizki iruditzen, baina bosgarren edukiontziaren aldeagoko jarrera dut. Hala ere, jendeak birzikla dezan beharrezkoa bada eta guztion onerako bada atez atekoa jartzea, aurrera. Izan ere, ezer birziklatzen ez duen horrek bost edukiontzi edo hamar izan, berdin-berdin jarraituko luke.
  2. Momentu honetan, Gipuzkoan, arazo baten aurrean gaude: zabortegiak bete egin dira eta laster itxi egingo dituzte. Zein uste duzu dela arazo honi aurre egiteko irtenbidea? Atez ateko sistema izan liteke. Gauza berrien aurrean beldurra sortzen zaigu eta horrek, jende asko sistemaren aurka jarri du. Pentsatzen jarrita, garai batean baserrietan egiten zen sistema bera da. Organikoa animaliei ematen zaie, papera erre egiten da eta plastikoa, berriz, birziklatu. Egun, jende askok birziklatzen du, baina ez dugu ondo egiten. 
  3. Errauskailua bai edo ez? Zergatik? Ez. Ez dakit zein izan litekeen aukerarik egokiena, baina ez dut errauskailurik nahi; inork ez du errauskailurik bere etxe ondoan nahi.
  4. Zure ustez, ohituko al gara egoera berrira? Bai, dudarik gabe. Hernanin ere gaizki hasi ziren, aurkako askorekin, baina orain oso ondo moldatzen dira.
  5. Aurrera begira, atez ateko sistemarekin egoerak hobera egingo duela uste duzu? Denborarekin bai. Atez atekoa birziklapena ondo egitera behartzen zaituen sistema da eta batzuek obligazio hori behar dute birziklatzeko. 
  6. Eta herrian sortu diren jarrera kontrajarriak lasaituko direla uste al duzu? Orain beste konturik ez dago, berria delako, baina buelta emango diogu. Ohituko gara.

 



Maitane Aierbe
Amasa-Villabona

  1. Atez atekoaren alde edo aurka zaude? Zergatik? Ez nago ez alde, ezta kontra ere, baina errauskailurik nahi ez dudanez, nahiago dut atez ateko sistema jartzea.
  2. Momentu honetan, Gipuzkoan, arazo baten aurrean gaude: zabortegiak bete egin dira eta laster itxi egingo dituzte. Zein uste duzu dela arazo honi aurre egiteko irtenbidea? Orain arte guztiok behar bezala birziklatu izan bagenu, ez ginateke egoera honetara iritsiko. Arazoa hori da, jendeak oraindik ez duela birziklatzen. Aukerarik egokiena, oraingo sistemarekin, guztiok behar bezala birziklatzea izango litzateke, baina ikus daitekeenez hori ezinezkoa da. 
  3. Errauskailua bai edo ez? Zergatik? Dudarik gabe, ez. Azken aldian, sor ditzakeen eraginen berri irakurri dut eta egia esan, nahiko larriak dira. 
  4. Zure ustez, ohituko al gara egoera berrira? Norberak bere aldetik jartzen badu, bai. Beste herrietan ere moldatu dira eta gu ere moldatuko gara.  
  5. Aurrera begira, atez ateko sistemarekin egoerak hobera egingo duela uste duzu? Bai. 
  6. Eta herrian sortu diren jarrera kontrajarriak lasaituko direla uste al duzu?    Lehen esan bezala, bakoitzak bere aldetik jarri behar du pixka bat, aldatzeko prest egon. Denen partaidetzarik gabe, gauzak ezin dira aurrera atera.


Naiara Alkorta
Zizurkil

  1. Atez atekoaren alde edo aurka zaude? Zergatik? Ni atez atekoaren alde nago. Alde batetik, herritar guztiek birzikla dezaten modurik eraginkorrena iruditzen zaidalako; eta bestetik, atez ateko sistema duten beste herrietakoen kexarik entzun ez dudalako. Galdetu izan diet sistema honen berri eta hasieran uste zutena baino erosoagoa dela esan izan didate.
  2. Momentu honetan, Gipuzkoan, arazo baten aurrean gaude: zabortegiak bete egin dira eta laster itxi egingo dituzte. Zein uste duzu dela arazo honi aurre egiteko irtenbidea? Entzun izan dut arazo honen berri eta egia esan nahiko kezkatua nago. Ez gara konturatzen, baina uste baino zabor gehiago sortzen dugu eta zabortegiak betetzean itxi egiten dituztela kontuan izanda, irtenbideak bilatu behar dira. Arazo honi aurre egiteko oso modu egokia iruditzen zait atez ateko sistema, ez du esan nahi zabor gutxiago sortuko dugunik horrela, baina nire ustez, gero materialak berrerabili ahal izateko lagungarria da.
  3. Errauskailua bai edo ez? Zergatik? Zeinek nahiko luke bere herrian errauskailu bat? Nik ez behintzat. Gainera, errauskailuek izugarri kutsatzen dute eta horrela beste arazo batzuk areagotuko genituzke, hala nola, berotegi efektua.
  4. Zure ustez, ohituko al gara egoera berrira? Lehen esan bezala, beste herrietan lortu dute atez ateko sistema egunerokotasunarekin hartzea. Jakin badakit hasiera batean herritarroi egoera honetara moldatzea kostako zaigula, baina agian horrela konturatuko gara birziklatzeak duen garrantziaz.
  5. Aurrera begira, atez ateko sistemarekin egoerak hobera egingo duela uste duzu? Nire ustez, sistema berri honekin herritar guztiok birziklatzera behartuta gaude nolabait eta hori kontuan hartuta, hobetuko delakoan nago.
  6. Eta herrian sortu diren jarrera kontrajarriak lasaituko direla uste al duzu? Nabarmena da herritarren gehiengoa sistema honen aurka ageri dela, baina askotan uste dut, asko ez direla egoeraz jabetzen. Zein beste irtenbide dugu? Errauskailua? Nik ulertzen dut sistema hau hasiera batean ez dela erakargarria eta herrian zaborra zintzilika egotea polita ere ez dela. Baina kontra daudenei esan nahi nieke aldaketen aurrean ez dela erreparatu behar norberari ondo dagokiona, kasu honetan ingumenaz ari gara hitz egiten eta ondorioz, gure osasunaz. Sistema hau herritarron onurarako jarriko da martxan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!