Zizurkilgo alkatearen erantzuna, atez atekoaren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 26a, 21:58

Atzo Tolosaldea Txukun plataformak egindako adierazpenei erantzun die Joxe Mari Luengo alkateak, atez atekoari buruzko informazio bulegoaren aurkezpenean:

"Zizurkilen, Spora enpresa izan da txostena egin diguna. Eta enpresa hori kritikatu egiten dute nahiz eta erreferentzia bat den hondakinak kudeatzeko alorrean, zergatik eta eurek nahi duena esaten ez duelako". 

 "Manipulazio hutsa erabiltzen dute esanez ez diogula txostena eman sinadurak ez dizkigutelako erakutsi. Adierazpen horien jatorrian, Zizurkilgo EAJko bi zinegotziekin izandako eztabaida dago, bide batez, argi uzten duena ekimen honen atzean zein alderdi eta zer interes dauden. Guk esan genien ez genuela ezer ezkutatzeko. Hori bai, beraiek leku batzuetan hainbeste aipatzen duten errespetu instituzionalaren izenean, salatu genuen sinaduren berri prentsatik jaso dugula soilik. Hori gutxienez, ez da serioa"

"Onar dezaket ez dugula dena ondo egin, baina ez gezurra esan dugunik. Gardentasuna eta herritarrei gauzak argi esatea hasieratik egin dugun zerbait da, hau ez dugu ezkutuan eraman, urtebete baino gehiago da atez atekoa jarriko genuela esan genuena. Batzuek aukera politikoa ikusi dutenean hau erabili nahi dute, baina eskatuko nieke ez esateko ez dagoenik. Tristea da inoiz nirekin hitz egin ez duen pertsona bat entzun beharra esaten nik gezurra esan dudala".

 "Inbertsio izugarriena asmakuntza hutsa da. 50.000 euroko partida da Zizurkilerako, beharrezkoa den azpiegitura, larrialdi guneak, konposta guneak... eraikitzeko.  Hori da dagoena. Ez dakit zenbat zintzilikario jarriko ditugula dio Tolosaldea Txukun-ek, ez da hori gure proiektua, lehenengo informatzea eskatuko nieke.  Bide batez, EAJ ez da inor Zizurkilen lekzio ekonomikoak emateko. Has daitezela azaltzen euren kudeaketa ekonomikoa, pilatuta dugun zorraren zergatia eta hartu ziren zenbait erabaki. Zor horri buelta ematen ari garenak gu gara, kudeaketa gardenarekin, gure aurrekontuak edonork ikusteko moduan daude, webgunean eta jendaurrean aurkeztuta"

"EAJko kideei esan nahi diet, beste gairen batean proposamenik egin nahi izanez gero, ongi etorriak izango direla. Bi urtean ez diegu bat bera ere entzun".

Herritarrei berriz, lasaitasun mezua bidali nahi izan die. "Askok benetako kezka dute, aldaketa batek dakarren kezka ohikoa eta ulergarria. Nik esango nieke, zalantza guztiak argitzeko zerbitzua hemen dutela, eta dituzten arazoek badutela irtenbidea. Ohitura aldaketa bat besterik ez da".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!