Leizaran Ernio Inmobiliaria taldeak seigarren amaitu du Liga

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 25a, 13:52

Andoaingo mutilek asteburu honetan jokatu dute aurtengo liga txapelketako azken partida eta Zarautzen aurka lortutako bi puntuekin seigarren amaitzea lortu dute. Denboraldi honetan 10 talde lehiatu dira Gipuzkoako 1. lurraldeko mailan, eta Leizaranek aurten ateratako bigarren taldea dabilen 2. lurraldekoan, berriz, 13 talde ari dira. Eskubaloiak Gipuzkoan duen sasoi onaren adierazgarri da aurten 25 talde sortu izana.

Leizaran Ernio Inmobiliaria taldeak urriaren 5ean ekin zion aurtengo Gipuzkoako 1. mailako lurraldeko liga txapelketari Tolosan. Xabier Amianok gidatutako taldeak Oñatin lortu zituen lehen puntuak bosgarren jardunaldian, partida estu baten ondoren Aloña Mendi 27-28ko emaitzarekin garaituta. Lehen itzulia oso gogorra egin zitzaien andoaindarrei, Oñatikoez gain Allurralden Donibaneren aurka lortutako bi puntuak besterik ez baitzituzten poltsikoratu; partida honetan 37-24 irabazi zuten. Itzuli honetako gainontzeko partidetan, gainera, ez zuten punturik eskuratzeko aukera handiegirik izan. Horrela, lehen itzuliaren ostean, 4 punturekin azken aurreko postuan ziren andoaindarrak.

Bigarren itzulia hastearekin batera, ordea, Leizarangoek beste aurpegi bat erakutsi zuten, hirugarren postuan zegoen Tolosa 31-29ko emaitzarekin Allurralden mendean hartu ondoren. Irungoren aurka erraz galdu ostean, Zumarragako Urola eta Ordiziaren aurkako partidetan puntuak eskuratzeko lehian izan ziren azken minutura arte, baina ihes egin zizkieten eta sailkapeneko azken postura erori ziren. Hortik aurrera, ordea, eta azken bost jardunaldietan, bi berdinketa eta hiru garaipen erdietsi dituzte andoaindarrek, zortzi puntu eskuratuz. Lehenik, etxean Aloña Mendiren aurka 26nako berdinketa lortu zuten eta hurrengo partidan Eibarko Haritza 22-26 hartu zuten mendean. Horren ostean, une hartan bigarren postuan zegoen Legazpiko Lau Bide Jatetxearen aurka 29-24 irabazi zuten Allurralden. Azken aurreko jardunaldian Pasai Donibanera egindako bisitan ederki kostatako puntua lortu zuten andoaindarrek, 29na amaitu zen partida eta azken postuetatik ihes egitea lortu zuten. 

Iragan asteburu honetan Allurralden liderraren bisita jaso zuten. Zarautzek bi puntuak behar zituen liga txapelketa eskuratzeko baina Leizarango mutilek ere bi puntuen beharra zuten azken aurreko postura berriz ez erortzeko. Partida zarauztarren alde hasi bazen ere, etxekoek atsedenaldirako aurretik jartzea lortu zuten. Leizarango mutilek lau goleko errenta lortu zuten, baina zarauztarrek ez zuten etsi eta partida berdintzea lortu zuten. Lehia estuaren adierazgarri azken markagailua ere: 26-25 nagusitu ziren andoaindarrak.

Azken sailkapenari begiratu besterik ez dago aurtengo ligan eman den parekotasuna ikusteko. Leizaran Ernio Inmobiliariak seigarren amaitu du 14 punturekin, bosgarrenean geratu den Urolarekin puntutara berdinduta. Laugarren sailkatuak, Irungok, bi puntu gehiago besterik ez ditu lortu eta 7., 8. eta 9. postuetan geratu diren Eibarko Haritzak, Aloña Mendik eta Ordiziak 13na punturekin amaitu dute liga. Sailkapenaren azken postuan Donibane geratu da, 10 punturekin. 

Goraipatzekoa da Leizarango mutilek egindako bigarren itzulia, Euskadiko txapelketarako sailkatu diren ligako lehen hiru taldeei irabaztea lortu baitute: Tolosa, Zarautz eta Legazpi, hurrenez hurren. 

 

Gainontzeko taldeak

Liga txukuna egin ondoren senior emakumezkoen taldeak 7. amaitu zuen gipuzkoarren multzoan Euskadiko txapelketaren barruan. Bigarren fasea ongi hasi dute, gainera: bi garaipen eta berdinketa batekin sailkapeneko lidergoan dira andoaindarrak.

Senior gizonezkoen bigarren taldeari liga gogorra egiten ari zaio, lau partida jokatzeke azken postuan baita bi garaipen bakarrik lortuta. Hala ere, aurtengoa izan da andoaindarrek senior gizonezkoen mailan bi talde atera dituzten lehenengo urtea eta taldearen hasierako helburua betetzen ari dira, alegia, jokalari guztiek jokatzeko aukera izatea eta eskubaloian jokatu gabe inor ez geratzea.

Jubenilen mailako bi taldeak Federazio txapelketan murgildurik daude: gizonezkoak lehen postua lortzeko aukerekin dabiltza eta emakumezkoak sailkapenaren erdialdean dira.

Kadeteak Foru Aldundiko txapelketa jokatzen ari dira. Mutilek Ormaiztegin duten hurrengo partida garrantzitsua izango da lehen postua mantentze aldera. Neskak ere lehen postuen lehian dabiltza.

Infantil mailako nesken Leizaran A taldeak Gipuzkoako txapelketan sartzea lortu zuen, eta txapelketa zaila egiten ari zaio. Nesken Leizaran B taldea eta mutilak, berriz, Foru Aldundiko txapelketan murgildurik dira, biak ere lehen postua eskuratzeko lehian. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!