Urumeako autobideko Hernaniko saihesbidea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 22a, 16:16

Gaur goizean inauguratu da ofizialki Hernaniko saihesbidea, obrak amaitu ostean. Inaugurazio ekitaldian Martin Garitano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak, Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuak, Luis Intxauspe Hernaniko alkateak eta Jose Manuel Erauso obren zuzendariak hartu dute parte.

Bideoa | Kronika, jarraian

 

Garitanok poza azaldu du saihesbide berria ireki delko eta hiru arrazoi aipatu ditu horretarako: "Saihesbideak N-1eko trafikoa asko arinduko du, 30.000 auto kenduko baitizkio egunean; bestalde, obrak burutu dituzten enpresekin ondo bideratu ditugu lan baldintzen bermeak; eta azkenik, esan behar da gainkostuari dagokionez, %9koak izan direla, hots, Europan batez beste ematen diren datuen azpitik".

AP-15 autobidearen zati den saihesbide berriak 2,4 kilometroko luzera du, eta Mandazubiko lotunean hasi eta Martindegikoan amaitzen da. Galtzada berriak zirkulazioko bi lerro ditu, 3,5 metrokoa da bakoitza.

Obraren osagai garrantzitsuenen artean, honakoak aipa litezke: Urumeako, Portuko eta Martindegiko zubibideak, Igartzagaineko tunel faltsua, AHTren azpiko pasabidea eta Hernaniko erdigunerako lotunearen birmoldaketa.

Era horretan, amaitutzat eman daiteke Urumeako autobidearen bikoizketa. Gaur egun, 30.000 ibilgailu baino gehiago ibiltzen dira korridore horretan, eta kopuruak gora egingo du hemendik aurrera. Izan ere, Andoain eta Donostia artean N-1 ez den beste errepide bat hartu ahal izango da.

26.123.658,35 euroko inbertsioa izan du, eta Acciona eta Obegisa enpresen eskutik eraman da obra. 26 hilabetetan egin dira lanak. Obra 2010eko abenduan esleitu zitzaien Acciona eta Obegisa enpresei, 23.930.742,40 eurogatik. Azkenean, 26.123.658,35 euro inbertitu dira, eta beraz, gainkostua %9,1ekoa izan da.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!