Eskola kirola kudeatzeko egituren garapenerako hitzarmena sinatu da gaur

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 22a, 16:01

Urnietako Udaleko eta Egape eta Presentación de María ikastetxeetako ordezkariak elkartu dira ekitaldian

Gaur goizean sinatu da Urnietako udaletxean eskola kirola begiratu eta kudeatzeko egituren garapenerako hitzarmena. Udalaren aldetik Mikel Pagola alkatea eta David Rosco Udal zinegotzia bertaratu dira, eta ikastetxeen izenean, Maite Barandiaran Egapetik eta Roberto Vidal Presentación de Mariatik.

Jon Kortajarena Urnietako Udaleko kirol teknikariak azaldu duenez, orain 10 urte eman zitzaion hasiera ekimen honi, eta helburua "eskola kirola herri mailako proiektu izatea da, ez ikastetxe bakoitzak bere aldetik garatzen duen zerbait. Bi ikastetxeetako ikasleak elkarrekin nahastuta aritzen dira eskola orduz kanpoko kiroletan, erabakiak alde guztien artean adostuta hartzen dira, eta urteroko balorazioa egiterakoan, oso emaitza onak uzten ditu lankidetza honek. Hasieran zaila izan bazen ere, gaur egun eredu hau ez du inork zalantzan jartzen".

3. mailatik 6.era bitarteko ikasleek hartzen dute parte proiektuan. 3. eta 4. mailetakoek astean bi egunez kirol anitzak lantzen dituzte eta asteburuetan herri mailako topaketetan parte hartzen dute. 5. eta 6. mailetakoek ere astean bi saio egiten dituzte eta asteburuetan bailara mailako topaketetan aritzen dira.

65.000 euro

2012-2013 ikasturterako 65.000 euroko aurrekontua du proiektu honek: %25 kuoten bidez ordaintzen da, %15 Gipuzkoako Foru Aldundiak jartzen du eta gainerako %60 Urnietako Udalak hartzen du bere gain. 180 ikasle daude denera izena emanda, 24 begiraleren ardurapean aritzen direnak. Ume zein begirale gehienak urnietarrak dira.

Presentación de María ikastetxearen izenean, Roberto Vidalek adierazi zuen "proiektua berak eta jasotzen den diru-laguntzak berebiziko garrantzia" dutela eskola kirola aurrera eramateko.  Egapeko Maite Barandiaranek gaineratu zuen "hizkuntza normalkuntza planean ere laguntzen duela proiektu honek, eskola kirola egiten duten bitartean euskararen erabilpena bermatzen baita".

Berrikuntzak

Mikel Pagola Urnietako alkateak aurreratu zuenaren arabera, datorren ikasturtean hainbat inbertsio egingo dira eskola kirolera begira. "Egape ikastolan kanpotik sarrera zuzena izango duten biltegia eta komuna egokituko dira. Hala, asteburuetan ikastola itxita egonagatik ere, kirol jardueretara gerturatzen diren ikasle, begirale zein gurasoei bi zerbitzu horiek erabiltzeko aukera eskainiko zaie".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!