Andoaingo Udal gobernuak osatu du 2013. urterako aurrekontu proposamena. Iazko urrian hasi zen proposamena ixteko prozesua; baina zailtasun ekonomikoek uste baino gehiago luzatu dute prozesu hori. Nolanahi ere, behin proposamena itxita, horren aurkezpenerako harreman bira hasiko du Udal gobernu taldeak.
Alde batetik, Udala osatzen duten alderdiekin (PSE-EE, EAJ-PNV eta PP) aste honetan bertan elkartu dira Bilduko kideak, aurrekontuen gaineko negoziazio bideari ekiteko. Era berean, Udalean ordezkaritzarik lortu ez arren Andoaingo errealitate politikoaren isla diren gainerako alderdiei (Hamaika Bat, Aralar eta Ezker Batua) zein Udaleko langileen ordezkari diren sindikatuei ere (LAB eta ELA) helaraziko zaie proposamena.
Herritarrekin ere egingo du batzarra Udal gobernu taldeak. Martxoaren 26an izango da, 18:30ean, Bastero kulturgunean. Udal gobernuak batzar horretarako deia luzatu nahi die herriko elkarte, talde zein norbanako guztiei, proposamena bertatik bertara aurkeztu, ezagutu eta zenbait hausnarketa zein iritzi partekatzeko.