Sailkapenean aurrerapausoa emateko aukera dute Urnieta HK 10 hotela taldeko kadete mutilek Hondarribiko taldearen aurka larunbatean 14:45ean etxean jokatuko duten partidan. Lehenengo postuak puntu gutxitara dituzte urnietarrek, eta garaipenak lehian jarraitzeko aukera emango lieke. Urnieta HK 10 hotela taldeko jubenil neskak, berriz, Zumarragara joango dira larunbatean Urolaren aurka jokatzera, 16:15ean. Azken partidako garaipenaren ondorioz gogotsu daude urnietarrak, eta bide onetik jarraitzea espero dute.
Bestalde, Urnieta Guria Kafetegia taldeko infantil mutilek Eibarren jokatuko dute larunbatean bertako taldearen aurka, 11:30ean. Ondo jokatzen dute eibartarrek, baina irabazteko aukerarik badutela jakitun dira urnietarrak. Urnietako Bosteko Jatetxea taldeko infantil neskek, berriz, etxean jokatuko dute Elgoibarren aurka, larunbatean, 12:00etan. Ligaxkako talderik lehiakorrena da Elgoibar, baina ezustekoa emateko itxaropenik ez dute galdu urnietarrek. Urnieta Guria Kafetegiako infantil neskek Ordizian jokatuko dute igandean goizeko 9:30ean. Lehenengo itzulian irabazi egin zuten urnietarrek, eta etxera bi puntuekin itzultzeko asmotan dira. Urnietako Bosteko Jatetxeko kadete neskek ere igandean jokatuko dute, hauen kasuan, etxean, Elgoibarren aurka, eguerdian. Azkenaldian bikain jokatzen ari dira, eta emaitza onak lortzea denbora kontua besterik ez dela seguru daude.
Azkenik, Gipuzkoako selekzioak entrenamendua egingo du Urnietan igandean 9:30ean, eta Urnieta Guria Kafetegiko bi taldekide izango dira bertan: Joseba Errazkin Bermejo eta Imanol Pagola Artola.