Bertsopaper lehiaketa abian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 21a, 12:01

Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak, Pello Mari Otaño zenari omen eginez, I. Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa antolatu du.

Bertsolaritzaren historia luzean, sortzailerik bikainenetakoa izan da Pello Mari Otaño Barriola. Zizurkilgo Errekalde baserrian jaio zen 1857an, eta txiki-txikitatik jaso zituen bertsolaritzaren zantzuak; aitona, aita, osaba Joxe Bernardo, Bernardo anaia, Mikela amona eta Mikela arreba ere, denak, maila handiko bertsolariak izan baitziren. “Arnasarekin batera bertsoa irensten zuala kozkortu zan Pedro Mari”, zioen Antonio Zavalak. Juan Mari Lekuonaren aburuz, bestetik, “Amuritza etorri arte, beharbada gehienik eragin duen maisua izan da Otaño bertsolaritzan”. Pello Esnalek ere idatzi zuen Pello Mariren gain: “Hasieran Errekalde baserria eta Karidadeko Bentaren artean banatzen ziren haren bizipen eta ametsak. Geroxeago Donostiatik Zizurkilerako joan-etorrietan. Eta bizitzaren azken zatian Amerika eta Euskal Herriaren artean”. Izan ere, hiru joan-etorri egin zituen Argentinara. Han, Santa Fe-ko Rosarion zendu zen 1910ean, bihotzekoak emanda.
Bertsolari handia izan zen Pello Mari. Idatzita bertso sorta ederra utzi zuen, ederra bezain oparoa. Bat-batekoak baino, idatziak gehiago. Izan ere, asmaren eraginez-edo eztarri kaskarra omen zuen eta ez zion gehiegi laguntzen bat-bateko bertsogintzarako. Horregatik deitzen zioten “Kattarro”.
Aitzina aipatu moduan, bertsolariaren oroimenez, Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak Lehen Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa antolatzea erabaki du. Zizurkilen ez ezik, Argentinan urte asko igaro zituen Pello Marik. Besteak beste, bera izan zen Ameriketan aritu zen lehen euskara-irakaslea. Hori dela eta, lehiaketak txoko berezia egin nahi izan dio diasporako euskaldungoari.

Parte-hartzaileak
Lehiaketako partaideak hiru mailatan banatuko dituzte. Alde batetik, gazteen maila egongo da, 18 urte artekoena, hots, 1995a baino geroago jaiotakoena. Bestetik,  diasporakoen maila. Bertan, Euskal Herritik kanpo jaio eta bizi diren euskaldunak sartuko lirateke. Azkenik, helduen maila egongo da, 1995ean edo aurretik jaiotakoentzat.

Lehiaketarako baldintzak
Parte-hartzaileek nahi duten gai, neurri eta doinuan idatzi beharko dituzte bertsoak, nahi adina bertsopaper bidaltzeko aukera izango dutelarik. Gazte eta diasporakoen mailetan, parte-hartzaile bakoitzak bertsopaper bakoitzeko idatzi beharreko bertsoak gutxienez 6 eta gehienez 10 izango dira. Helduen mailan, berriz, bertsopaper bakoitzeko idatzi beharreko bertsoak gutxienez 8 eta gehienez 12 izango dira.
Lanak apirilaren 10a baino lehen bidali beharko dira posta elektronikoz pedromariotano@zizurkil.net helbidera edo ohiko postaz ondorengo helbidera:
Hernandorena Kultur Elkartea. (Pello Mari Otaño bertsopaper lehiaketa). Iriarte etxea, Pello Mari Otaño plaza, 1. 20159 Zizurkil

Bertsoak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute eta izenordez bakarrik sinatuak. Izenorde horrek guztiz ezezaguna izan behar du eta bertso sortaren barruan jarriko da. Ohiko postaz bidaltzekotan, bertso sorta hori eta izenordea gutun azal batean sartuko dira. Beste gutun azal batean xehetasun guztiak adierazi beharko dira: egilearen izena eta izenordea, jaiotze-data, helbidea eta telefono-zenbakia. Azkenik, bi gutun azalak beste bakar batean sartu eta aipatutako helbidera bidali beharko dira. E-postaren kasuan, berriz, igortzen den mezuari bi artxibo erantsi beharko zaizkio: bertso-sorta batetik eta gainontzeko xehetasunak bestetik.

Sariak
Epaimahaia hiru bertsolari ezagunek osatuko dute eta hauen erabakiak aldaezinak izango dira. Gazteen eta diasporakoen mailetan lehen saria 250?-koa izango da eta bigarrena 100?-koa. Helduen mailan, bertsopaperik onenaren egileak 500? jasoko ditu eta bigarren sarituak 250?. Sari-banaketa maiatzaren 4an, larunbatez, izango da Zizurkilen egingo den bertso-afariaren barruan. Bertan, irabazleek beraien bertsoak abesteko aukera izango dute.

Lanen jabetza
Lan sarituen jabetza antolatzaileen esku geratuko da. Beraz, Hernandorena Kultur Elkarteak eskubide osoa izango du lan horiek argitaratzeko. Egileak bere lanak argitaratzeko asmoa izango balu, Hernandorena Kultur Elkartearen baimena beharko du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!