Villabonan eta Zizurkilen, atez ateko bilketa sistema, uda aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 21a, 12:00

Azken hilabeteotan zeresan handia eman duen gaia da hondakinena. Datorren asteetan ere, hizketagai izango da eskualdean. Villabonan eta Zizurkilen, atez ateko bilketa sistema jarriko dute abian, uda aurretik.

Atez ateko bilketa sistemaren helburu nagusia hondakinen birziklaketa egokia lortzea da. Amets Zabala, Tolosaldeko Mankomunitateko komunikazio arduraduna da eta hark eman ditu beharrezko azalpenak: “Egun Mankomunitatean dugun bilketa sistemarekin, portzentaje txikian birziklatzen da. Zabor horien bilketa eta tratamentu gastuak oso altuak dira eta herri askotako Udalek beren gain hartu behar izaten dute gastu horren zati handi bat. Atez atekoaren helburu nagusia, birziklapen tasa ahalik eta maila altuenera eramatea da”.

Landa gunean, konposta
Amasa-Villabona eta Zizurkil izango dira eskualdean atez ateko sistemari ekingo dioten lehendabiziko herriak. Villabonaren kasuan, kubo eta poltsa bidezko bilketa egingo da herrigune osoan. Amasan eta landa eremuan berriz, auto- eta auzo-konposta bidez tratatuko da hondakin organikoa. Gainerako hondakinak, ekarpen guneetara eraman beharko dira. Hiru ekarpen gune jarriko dira Amasa-Villabonan, gune horietara sartzeko bere giltza izango du herritar bakoitzak eta bertan aurkituko ditu hondakinak gaika sailkatuta bota ahal izateko zaborrontzi ezberdinak.
Zizurkilgo kasua antzekoa da, Zizurkil goian eta landa eremuan, ekarpen guneen bidez eta konpostajearen bidez bideratuko da hondakinen gaia. Bi ekarpen gune jarriko dituzte Zizurkilen. Elbarrena inguruan, berriz, atez ateko sistema erabiliz bilduko dira hondakinak.

Udalek banatuko dituzte ontziak
Dagoeneko egin dituzte herritarrei informazioa banatzeko lehen bilerak eta sistema berria abian jartzeko prozesua martxan da. Uda aurretik martxan jartzeko asmoa dute bai Udalek, baita Tolosaldeko Mankomunitateko kideek ere. Hala jakinarazi du Amets Zabalak: “Herritarrei informazioa banatzeko prozesua amaituta, ontziak eskatu beharko dira. Horrek esleipen prozesua irekitzea eskatuko du. Ontziak egin eta herritarren artean banatzeko ere denbora beharko da. Hala ere, uda aurretik martxan jartzeko asmoa dugu”.

Ohitura aldaketa
Horixe eskatuko du atez ateko bilketa sistemak etxe askotan. Izan ere, aurrerantzean, zaborrontzi bakarra izan ordez, hondakinak gaika sailkatzeko aukera emango duten ontzi ezberdinak izango dituzte herritarrek etxean. Papera eta kartoia, ontzi arinak, hondakin organikoak eta errefusa. Hondakin bakoitza ondo bereiztu beharko da aurrerantzean. Ondoren, etxeko atarira atera beharko dira ontziak, egun bakoitzean hondakin mota jakin bat.
Beira, sukaldean erabilitako olioa eta arropa zaharrak gaur egun dauden ontzietara eraman beharko dira, orain arte bezalaxe. Altzari eta bestelako tresnen bilketa sistema ere mantendu egingo dute. Hondakin eta traste handi horiek Garbiguneetara eramateko aukera ere zabalik izango da. Kaleko zakarrontziak ere gaikako bilketarako prestatuko dituzte uda aurretik.

Ordutegia
Iluntzeko 20:00etatik gaueko 22:00etara, horixe izango da hondakinak ateratzeko ordutegia. “Gauean zehar pasatuko dira bilketa egitera. Guk utzitako ontzia hustu, eta zegoen tokian utziko digute, nahi dugunean etxeratu dezagun”, azaldu du Ametsek.
Ontziak kalera ateratzeko ordutegiak malgutasun txiki bat izan dezake. “Erabilerak erakutsiko digu ordutegia nola kudeatu. Gure herrian, ontzien bilketa gaueko 23:00etan hasten dela konturatzen bagara, hondakinak ateratzeko denbora gehixeago izango dugu eta ez dugu zertan 22:00 baino lehen jaitsi beharrik”.

Bulegoak
Hondakinak biltzeko sistema berriaren inguruko zalantzak argitu eta sor daitezkeen arazoei konponbidea emate aldera, informazio bulegoak zabalduko dituzte laster Amasa-Villabonan eta Zizurkilen. “Edozein zalantza argitzeko prest egongo dira bertako arduradunak. Hondakinak ondo bereizten lagunduko diete herritarrei eta arazoren bat sortzen bada, beraiengana jo beharko da. Eman dezagun, norbaitek bazkari bereziren bat egin duela etxean eta uste baino hondakin organiko gehiago sortu duela. Etxean duen ontzia bete egin du eta ez du hondakin hori guztia etxean denbora gehiagoz eguki nahi. Bulegoan esango diote zer egin dezakeen. Litekeena da landa eremuko ekarpen gune batera eramateko baimena ematea. Sor daitezkeen egoera ezberdinei erantzuna emango zaie bulegoetan”, argitu du Ametsek.

Txipak
Herritarrek etxean izango dituzten ontzi guztiek txip bat izango dute, identifikaziorako: “Txip hori, ordea, ez da herritarrak kontrolatzeko, bilketa ondo egiten dela bermatzeko baizik. Bilketa egiten dutenak ontzia jaso eta gaizki sailkatutako hondakinak daudela konturatzen badira, ontzi hori nork utzi duen jakiteko modua izango dute txiparen bidez. Hezitzaileek inzidentzia horren berri emango diote ontziaren jabeari. Bilketa modu honek ez du zentzurik hondakinen sailkapena gaizki egiten bada eta horregatik ezarri nahi izan da nolabaiteko kontrola, baina inola ere ez da izango herritarrak kontrolatzeko, hondakinen kontrola eramateko baizik. Garbi utzi nahi dugu biltzaileak ez duela ontzietan zer dagoen miatuko”.
Herritarren intimitatea zaintze aldera, bestalde, ontziek ez dute jabearen izen abizenik edo helbiderik izango. Txiparen bidez jakin ahal izango da norena den, baina bilketan ariko diren langileek bakarrik jakin ahal izango dute hori. “Beste zenbait herritan, ontzia uzteko zintzilikagailuak du identifikaziorako txipa eta denborarekin, bizlagun bakoitzari zein toki dagokion jakin daiteke. Horrek, norberaren intimitatea hausteko bidea errazten du. Villabona eta Zizurkilen, ontziak izango du txipa, eta ez zintzilikarioak”.

Pixoihalak eta konpresak
Herritarren intimitatearen inguruan kezka handienetako sortzen duen gaia da konpresa eta pixoihalena: “Egunero egingo da horien bilketa. Ontziaren kanpoaldean zintzilikatuta, poltsa batean sartuta atera beharko dira atarira. Gerta liteke pixoihala erabiltzen duen helduren batek hala egin nahi ez izatea, inork pixoihala erabiltzen duela jakin ez dezan. Denborarekin joango gara arazo horiei irtenbide berriak bilatzen”.

Ekonomia
Alor ekonomikoari begiratuta, onurak ekarriko ditu atez ateko sistemak, Amets Zabalaren iritzian: “Lehengaien kontsumo neurrigabekoa egiten dugu egun. Birziklapenaren bidez, lehengaiak merkatura itzultzen dira, berriz ere erabiltzeko moduan. Hori horrela izanik, itzulketa ematen da; hau da, herritarrek birziklatzen badute, lehengai horiek erosi egiten dizkiote Mankomunitateari, herriei zuzenean eragiteko aukera emanez, eta beraz, gaur egun udalentzat defizitarioa den hondakinen kudeaketari laguntza bat emanez. Garbi esan nahi dut, hala ere, horrek ez duela esan nahi sistema berria ez denik defizitarioa izango, izan ere, alde handia baitago herritarrei egiten zaizkien kobraketetan eta Udalek aurre egin beharreko gastuen artean”.

Hondakinen tasa, etorkizunean
Epe luzera begira, hondakinen tasan aldaketak egiteko aukera aztertzen ari da Tolosaldeako Mankomunitatea. “Sortzez besteko ordainketa egitea da helburua. Kuboetan izango diren txipen bidez, hondakin sorkuntza kontrolatu ahalko da, eta argia edo ura erabiltzen dugunaren arabera ordaintzen dugun bezala, hondakinen tasa ere hala ordaintzea da helburua. Birziklatzea merkeagoa dela argi dago eta ez luke aukera bat izan behar, denok egin beharreko zerbait baizik”, azpimarratu du Ametsek.

Sailkapenerako modua

Amasa-Villabona

  • Organikoa: Udalek ontziak banatuko dituzte etxean erabili ahal izateko.
  • Papera eta kartoia: oraindik erabakitzeko dago nola egingo den. Hiru aukera aurkeztu dituzte: herritar bakoitzak paperezko poltsetan ateratzea, ontziak banatzea, edo guztiontzat berdinak izango diren poltsak banatzea.
  • Ontzi arinak: Poltsa horiak erabiliko dira.
  • Errefusa: Ontziak banatuko dira.

Zizurkil
  • Ontziak banatuko dituzte hondakin mota bakoitzarentzat: Organikoa, papera eta ontzi arinak, eta errefusa.

Informazio bulegoak
Amasa-Villabona
Kale Nagusia, 29 behea. villabona@tolosaldea.org Telefono zenbakia: 672655455.
Martxoaren 22an inauguratuko da, eta ordutik, astelehenetik ostiralera irekita egongo da, goizez 11etatik 13etara eta arratsaldez 18etatik 20etara.

Zizurkil
Atxulondo kultur etxea. zizurkil@tolosaldea.org Telefono zenbakia:661559736.
Aste Santuaren inguruan egingo dute inaugurazio ekitaldia. Astearte, asteazken, ostegun eta ostiraletan irekiko da, 15:00etatik 19:00etara.

Bilketa egunak
  • Astelehena: organikoa.
  • Asteartea: ontzi arinak.
  • Asteazkena: papera eta kartoia.
  • Osteguna: materia organikoa.
  • Ostirala: ontzi arinak.
  • Larunbata: materia organikoa.
  • Igandea: errefusa.
  • Egunero: pixoihalak eta konpresak.

Atez atekoak sortzen dituen ohiko zalantzak
Hondakin organikoak usain txarra botako al du?
Etxe barrurako zulodun kuboa izango dugu, poltsa konpostagarriekin. Zulo horiek airearen filtrazioari laguntzen diote, eta ez du usainik izango. Ondoren, poltsa betetakoan kalera ateratzeko kubora pasako dugu, eta horrela, ez da ezer zikinduko. Ontziak kalera aterata, egunean bertan bilduko dituzte eta modu horretan, kalean ez da usainik zabaltzen.

Zer egingo da lortuko den konpostarekin?
Konpostajeko planta batean beste herri batzuetakoekin elkartuko direnez, ez da gure herrira itzuliko, baina kalitate onekoa izango denez, saldu egin daiteke.

Ontzi arinen kasuan, bi egun nahikoak al dira?
30 litroko edukiontziak izango ditugu etxean eta nahikoa izango da astean bitan hustea. Etorkizunean maiztasuna jaisteko aukera izatea ere ez da baztertzen. Ontzi arinek espazio handia hartzen dute, baina hori horrela ez izateko, ondo tolestuz airea kendu diezaiekegu botila edota brikei, adibidez.

Ezingo ditut hondakinak nik nahi dudanean jaitsi. Eta asko pilatzen bazait?
Edukiontziek duten tamainagatik, gutxitan gertatuko den zerbait izango da. Baina noizbait ezinezkoa bada, landaguneetako ekarpen guneetara eraman daiteke, horretarako aurrez baimena eskatuta.

Ontzia lapurtzen edo puskatzen bazait beste bat erosi behar al da?
Herri bakoitzeko informazio bulegoan eskatuta, berria emango digute.

Isunak ipiniko al dira?
Momentuz, ez dira jarriko. Norbaitek hondakinak gaizki sailkatuta ateratzen baditu, hezitzaileak beharrezko azalpenak emango dizkio. Denborarekin, hala ere, ez da baztertzen behin eta berriz gaizki egiten duenari isunen bat jartzea.

Zer gertatuko da ordutegiak bete ezin badira?
Banaka aztertuko dira kasu guztiak. Ordutegia betetzeko zailtasunak dituenak informazio bulegoko teknikariekin hitz egin beharko du, irtenbiderik egokiena bilatzeko.

Zer egingo da gaizki sailkatuta ateratzen denarekin?
Gaizki sailkatutako edukinak dituzten ontziak ez dira bilduko, eta biltzaileek informatu egingo dute arazoaz, teknikariek beharrezko ikusten duten azalpena eman ahal izateko.

Bilketa egin ondoren, ontzia etxera eramateko ordutegirik ba al dago?
Ez, herritar bakoitzak ikusi beharko du noiz jaso, beti ere egunean zehar.

Sailkatzerako orduan zalantzak eragin ditzaketen hondakinak

  • Kortxoa: Naturala, materia organikoa da eta plastikozkoa, ontzi arina.
  • Paperezko mukizapiak: Materia organikoa.
  • Infusio poltsak: Materia organikoak dira baina grapa kendu behar zaie.
  • Porexpan bandeja txikiak: Elikagaiekin etortzen diren bandeja txikiak ontzi arinak dira. Beste porexpan guztia, garbigunera.
  • Botiletako txapak: Ontzi arinak.
  • Zilarrezko papera: Ontzi arinak.
  • Etxeko animalien gorotzak: Errefusa.
  • Etxeko hautsa: Errefusa.
  • Sendaketetarako materiala: Errefusa.
  • Bonbilak: Garbigunera eta salgai izaten diren dendetan ere utz daitezke.
  • Sukaldeko papera: Garbia, papera-kartoia. Janari ondarrekin zikindua, organikoa. Produktu kimikoekin zikindua, errefusa.
  • Estropajoak: Errefusa.
  • Spray-ak: Ontzi arinak.
  • Egurrezko kaxak: Txikiak, ontzi arinak. Handiak edo kopuru handia, garbigunera.
  • Esne kaxak: Tapoia kenduta bota behar dira eta biak ontzi arinetara.
  • Pipar poteak: Ahal bada, papera kendu behar zaie. Ontzi arinak.
  • Harategiko eta arrandegiko papera: Garbia, papera eta kartoiera. Zikina edota plastifikatua, errefusa.
    Errez bereizten bada, sailkapena egin ahalko da. Paper hutsa bada eta janariz zikinduta badago, materia organikoa.
  • Oliodun janariak: Materia organikoa.
    Olio gehiegik konposta egitea zaildu dezake baino kantitate txikiean ez du berebiziko kalterik sortzen.

 

Zaborrak biltzeko sistema berria, maiatzean Adunan
Hondakinak biltzeko sistema berria jarriko da abian Adunan, maiatza inguruan. Hondakin organikoen konpostajea izango da sistema berriaren ardatz nagusia.

Pasa zen urteko irailean jarri zuten martxan herriko lehen auzokonpostagailu gunea. Herriguneko hamabost familiak erabili dute geroztik, froga gisa. Josu Amilibia alkateak eman ditu beharrezko azalpenak: “Familia parte hartzaileak oso gustura daude hondakin organikoak kudeatzeko modu honekin. Galdeketa bidali genien euren iritzia ezagutzeko, eta oso emaitza baikorrak jaso genituen. Hori ikusita, Amalkor kalean beste konpostagune bat jartzea erabaki dugu. Bi guneak guztiz irekiak izango dira laster, nahi duten herritar guztiek erabil ditzaten”.

Organiko guztia, konpostagailura
Horrekin batera, bakarkako etxeetan ere konpostagailuak jartzen joateko lanketa egiten hasiko da Tolosaldeko Mankomunitatea, martxoan zehar. “Gutunak bidali dituzte etxe guztietara eta telefono bidez ere harremanetan jarriko dira herritarrekin. Konposta etxean egin nahi duenak, Mankomunitateko kide baten laguntza izango du. Beharrezko materiala ekarriko diete etxeraino, doan, eta konposta egiteko azalpenak ere emango dizkiete. Oso aukera egokia dela iruditzen zaigu”, adierazi du Josuk.

Sistema berria
Honekin lotuta doa hondakinen bilketarako sistema berria: “Konpostajea izango da ardatza, izan ere, Adunako etxebizitzetan sortutako materia organikoa herrian bertan kudeatuko baita. Horrekin batera, etxean sortzen den hondakin guztia sailkatu egin beharko da aurrerantzean”.

Etxolak
Landaguneetan, baserrietan bizi diren adunarrek etxolatxo batzuk izango dituzte eskura, euren hondakinak sailkatuta utzi ahal izateko. Hala azaldu du Josu Amilibiak: “Orain arte, baserrian bizi eta birziklatu nahi zuetenek, herrigunera gerturatu beharra zuten. Sistema berriarekin, etxetik gertuago izango dute birziklatzeko aukera hori. Etxe edo baserri bakoitzean giltza izango dute etxola horietan sartzeko eta bertan utzi ahal izango dituzte euren hondakinak, sailkatuta. Errefusa uzteko zintzilikario batzuk izango dituzte eta pardelak edo konpresak ere utzi ahal izango dituzte. Herriko langile batek jasoko du etxola horietan bildutakoa, eta herrigunean bildutakoari batuko dio”, azaldu du alkateak. Lau etxola jartzeko asmoa dute Udaleko kideek; Lardi auzoan, Altzarteko bidegurutzean, Hidronor lantegiaren inguruan eta Apakintza baserriaren inguruan. Orain arte ezagututako zaborrontzi berdeak desagertu egingo dira, honenbestez.

Errefusa, atarira
Herrigunean, mantendu egingo dituzte gaika biltzeko ontziak. “Etxean sailkatu beharko da hondakina, eta dagokion ontzira eraman. Organikoa ere herrian kudeatuko denez, errefusari irtenbidea ematea bakarrik geratuko litzaiguke. Horretarako, ontzi grisak banatuko dizkiegu herritarrei. Astean behin, etxeko atarira atera beharko dute ontzi hori, herriko langileak jaso dezan. Biltzen dena, Mankomunitateak jasoko du ondoren. Pardelak eta horrelakoak uzteko, ontzi berezi bat ere jarriko da herrigunean”.

Hondakinaren kostua, behera
Sistema berriarekin, hondakinek udalerriei sortzen dieten gastua murriztuko da. Hala azaldu du Josuk: “Batetik, hondakin organikoa ez litzateke bilketa sistemara sartuko. Bestetik, Mankomunitateko kamioiek egin beharreko bilketa ere murriztu egingo genuke; gaur egun astean hiru aldiz etortzen dira Adunara, eta hamalau zaborrontzietako hondakinak bildu behar izaten dituzte. Sistema berriarekin, astean behin bakarrik etorriko da eta hondakinak gune bakarrean izango ditu. Etorkizunean, bestalde, udalerri bakoitzak sortzen duen hondakin kopuruaren arabera ordaindu beharko du Mankomunitatearen zerbitzua. Horrek, eragin baikorra izango du sailkapena ondo egiten duten udalengan”.

Informatzailea
Sistema berria martxan jarri aurretik informatzaile bat ariko da lanean, herritarrei azalpenak eman eta materiala banatzen. “Premia bereziren bat duten herritarrek informatzailearekin hitz egin beharko dute, eta guztientzako irtenbide egokiak bilatzen saiatuko gara”.

Zakarrontzi berriak
Kaleko zakarrontziak ere aldatu egingo dituzte maiatzerako. Hondakinak sailkatuta bota ahal izateko egokitutako zakarrontziak jarriko dira. Jende gehien ibiltzen den herriko gune jakinetan jarriko dituzte zakarrontzi berri horiek, ahalik eta zerbitzu egokiena eskaini ahal izateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!