Airetiko kable sistema bidez egurra garraiatzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 21a, 09:31

Bimendi Basolanak izeneko enpresa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aginduz, Leitzarango pinuak erauzten ari da; era berezian, ordea. Airetiko kable sistema erabiltzen dute egurra garraiatzeko. Enpresako kide den Juanjo Lasak eman ditu azalpenak.

Kable bidezko garraioa Euskal Herrian baliabide ia ezezaguna da gaur egun. Euskal Herrian bere lehen erabilera XX. mendeko bigarren hamarkadan izan zen. Ordutik hona sistemak eta garaiak asko aldatu diren arren, Bimendi Basolanak enpresak antzinako sistema hori oinarri hartuta, egungo makinariaren laguntzaz, Leitzaranen dihardu lanean. Sistema honen berri jakin zutenean Austriara jo zuten argibideak ikastera: “Estatu mailan airetiko kable bidezko sistema erabiltzen dugun bakarrak gara. Orain bost urte Austriara joan ginen nola funtzionatzen zuen ikastera eta ondoren, sistema handik hona ekarri genuen. Han baina, zuhaitzen adarrak eta guzti aprobetxatzen dituzte, besteak beste, berogailuen erregai gisa erabiltzeko. Guk oraindik badugu haiengandik zer ikasia ”,  azaldu du Juanjo Lasak.

Funtzionamendua
Lehenik eta behin zuhaitzak erauzi egiten dituzte. Leitzarangoaren kasuan, pinuak dira erauzi beharreko zuhaitzak: “Pinuek 30 edo 40 urte arteko bizia izaten dute, mozten ez badira bertan usteltzen dira eta hori basoarentzat kaltegarria izaten da”. Zuhaitzak bota ondoren, garabia muntatzeari ekiten diote: “Normalean, bost ordu inguruko lana izaten da, baina terreno batzuk konplexuagoak direnez, zortzi ordu ere pasa litezke.Guk gehienbat erabiltzen duguna kable motzeko sistema da. Badago kable luzeko sistema ere, baina honek bailara batetik bestera aritzera behartzen du eta hori Euskal Herrian zaila da”. Kable motzeko sistemak, beraz, honela funtzionatzen du: “Lehenik ilara zuzenean dauden hiru zuhaitz aukeratzen dira: bata maldaren goialdean, bestea erdian eta hirugarrena beheko aldean.  Horretarako, gailu berezi bat daukagu eta berak markatzen digu zein diren ilaran dauden zuhaitz horiek. Garabia goian egoten da euskarri moduan funtzionatzen duten lau kable zuhaitzetara lotuak dituelarik, kontrapisua eginez. Zuhaitzei kalterik ez egiteko, kablea eta enborraren artean esola batzuk sartzen ditugu. Garabi horren aurreko aldetik bi klabe ateratzen dira eta horiek lotzen dira lehen aipatu ditugun hiru zuhaitz horietara. Erdiko zuhaitzean, gainera, euskarri berezi bat jartzen da pisuarekin kablea eror ez dadin. Garabiak aurrealdean dituen bi kable horietatik lodienaren bidez, egurrak alde batetik bestera mugitzen dira atzera eta aurrera ibiltzen den gurdi baten bidez. Gurdi horrek bere barnean motor bat dauka eta horren bidez funtzionatzen du. Hiru langileen artean egiten dugu lana. Goian bi egoten dira eta behean bestea. Goiko langiletako batek eta behekoak makinaria mugitzeko urrutiko agintea erabiltzen dute. Gurdia behera ailegatzen denean langileak egurrak lotzen dizkio eta ondoren, gurdi hori gora bidaltzen du. Garraioa amaitutakoan ordenagailu bidez zein neurritako enborrak nahi ditugun esaten diogu makinari eta berak moztu eta garbitzen ditu”, adierazi du Juanjok. Aipatutako makina honek, 4 tona jasotzeko adina indar du eta, horrez gain, beste sistemak ez bezala, baso hutsean, inongo biderik ireki gabe, 500 metroko distantzian erabiltzeko aukera ematen du.

Onurak
Airetiko kable bidezko sistema hau erabiltzea garestixeagoa den arren, Juanjok adierazi duenez, “onura handiak ditu. Beste sistemekin egurra arrastaka eramaten da eta horrek basoko lurra ondatzeaz gain egurra bera ere kaltetzen du. Guk erabiltzen dugun sistema honekin basoko landareak ere bizirik mantentzen ditugu; izan ere, askotan guk ikusten ez ditugun arren, pinuen artean landare txikiak egoten dira. Horrez gain, arrastaka eramateko sistemarekin gehienez ere, 80 metrotara mendiko pista batek egon behar du, bestela bide berriak egin behar dira egurra menditik jaitsi ahal izateko”.

Egurrarekin, zer?
Egurra moztuta eramateko prest dutenean, kamioian kargatu eta eskatutako tokira eramaten dute: “Normalean zerrategietara edota papertegitara eramaten dugu. Egur hau enbalatzeko erabiltzen da gehienean. Batzuetan, ordea, altzariak egiteko ere erabiltzen da”.  

Gizartearen uste okerra
Juanjok adierazi duenez, “basolanetan aritzen garenok gizartearengandik gaizki ikusiak gaude. Askok uste du basoak puskatzen eta hondatzen ibiltzen garela. Egia da, gure sektorean ere badaudela astakeri handiak egin dituztenak, baina basoak garbitu beharra daude. Garbitu ezean, landaredia usteldu egiten da eta sasiak nagusitzen dira”.

Kable bidezko garraioaren historia
Kablearen sorrera garbi zehaztea oso zaila da, baina esan daiteke 1920ko hamarkada inguruan hasi eta 1930eko hamarkadan zabalduriko lan tresna dela kablea. Bixente Eskisabel Urbiztondo ataundarra izan zen sistema honen sustatzailea. Egurra, belarra, garoa eta antzeko nekazaritza produktuak airetik kable bidez garraiatzeko sistemak ezarri zituen ekintzailea eta enpresaria izan zen Eskisabel. Bere lehen kableak Nafarroako Iratiko oihanean ezarri eta gero, Euskal Herriko beste hamaika lekutan ere jarri zituen, hala nola,Asteasun eta, bereziki, Ataungo baserri eta auzoetan.
XX. mende hasieran, Ataungo mendi eta hegaletan ez zegoen biderik eta baserritarrek baserriko produktuak zaldi, mando edo idien laguntzaz edo beraien bizkar gainean garraiatzen zituzten. Gurdibiderik ez izatean, baserritarrak oinezko bidetik ibili behar zuen, zenbait lekutara iristeko oinez bi edo hiru ordu pasatuz. Ondoren, handik belarra, garoa edo beste edozein gauza etxera ekartzeko. Baserriko lana errazteko asmoz sorturiko garraio sistema da, beraz, kablea.

Ernioko kablea
Gerraostean hain eskasa zen ogi zuria egiteko egur-ikatzaren beharra sortu zen. Horrela, Erniopeko basoak ustiatzeko formula bila hasi ziren, besteak beste, Mateo Aranburu, Pello Elizegi (Pello Errota), Jaxinto Irazu, Joxe Kalixa, Luziano, Serapio eta Eleuterio Maiz, Domingo Ugalde, Joxe Mari Larrarte eta Bernardo Astiasaran. 1945ean Bixente Eskisabelengana jo zuten eta honek 4.000 metro pasako kable zuzena jarri zuen Asteasuko Konporta baserriraino. Hiru urtez, Illardegi basotik ia 4.500 egur tona atera zituzten.

Kablearen gainbehera
1950eko hamarkadatik aurrera industriaren garapena bortitzagoa eta indartsuagoa egin zen. Garai berriek baserri mundua ahuldu egin zuten, baserriko lana bigarren mailara igaroz. Baserrietatik urrun geratzen ziren belardietan pinua sartzen eta baserrietara bide berriak eraikitzen hasi ziren. Horrez gain, industriaren iraultzarekin makinaria berriak indarra hartuz joan ziren. Baserri munduan, batik bat traktoreak izan ziren nagusi. Makinaria berri honen sorreraren ondorioz, kable asko desagertu eta suntsitu egin ziren. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!