Aldaketak Behar-Zana pilota eskolan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 21a, 09:29

Behar Zana elkarteak martxoaren 3an, burutu zuen urteroko Batzar Orokorra. Bertan hartutako erabakietako bat pilota eskolako delegatu berriaren izendapena izan zen. Hemendik aurrera, Imanol Arruti 35 urteko gazte zizurkildarra izango da pilota eskolako ordezkari berria.

Noiz eman zenituen lehen pausoak pilotaren munduan?
Pilota eskolan izena eman aurretik, ikastetxean, palako pilota batekin jolasten genuen esku pilotan. 11 urte egiterako, lagun batzuek bultzatuta joan nintzen lehen aldiz Amasako frontoira. Primeran gogoratzen dut pilota eskolako lehen eguna. Garai hartan, Joxean Jauregi zen irakaslea eta gu mutiko bihurriak ginenez, errietaren bat edo beste ere jaso genuen.

Zein izan da zure ibilbidea pilotan?
Oso polita eta, aldi berean, desberdina izan da. Esku pilotan hasi ginenean, helburua partida guztiak irabaztea izaten zen eta gogoan dut lehen partida haiek nola galtzen genituen. 18 urterekin 22 urtez azpiko Munduko Txapelketan parte hartzeko proba bat egitera joan ginen Iruñera eta Behar-Zana eskolatik Ander Aranburu eta biok izan ginen aukeratuak. Munduko Txapelketa hura Arnedon (Errioxa) izan zen eta emaitzarekin baino, bizitako esperientziarekin geratu nintzen. Kanpoko jendea, mexikarrak zein kubatarrak, pilotan jokatzen ikustea bitxia eta polita da. 20-21 urterekin jarraitu edo ez jarraitu zalantza sortu zitzaidan. Ondorioz, hiruzpalau hilabetez utzita egon nintzen. Tarte horretan, Joxean Jauregik deitu zidan Espainiako selekzioaren izenean Mexikora trinketeko partidak jokatzera joateko. Espainiako selekzioaren izenean joan behar horrek ez zidan aparteko graziarik egiten, baina azkenean, inguruko jendeak animatu egin ninduen eta joan egin nintzen. Izugarrizko esperientzia izan zen eta hortik bi urtera errepikatzeko zortea izan nuen. Horrez gain, bi urtetan Munduko Kopa ere jokatu genuen. 26-27 urterekin, ordea, arraunean hasi nintzen eta hiru urtez pilota utzita eduki nuen. Beharbada, trinketean mailarik politenean nenbilenean utzi nuen. Hala ere, arraunean taldean lan egitea zer den ikasi nuen eta egia esan, hiru urte horietan pilota ez nuen faltan bota. Hiru urteren ondoren, berriz ekin nion trinketean jokatzeari eta oraingoz, gustura nabil, uzteko arrazoirik gabe.

Orain pilota delegatu izendatu zaituzte. Espero al zenuen?
Batzar Orokorra izan baino astebete lehenago jarri ziren nirekin harremanetan. Behar-Zanako zuzendaritza taldeak bere proposamena aurkeztu eta nik onartu egin nuen; ez esperientziarik daukadalako, baizik nik jaso dudana erakusteko aukera on bat dela uste dudalako. Egia esan, oso gustura eta lanerako gogoz nago.

Zein dira delegatu moduan dituzun helburuak?
Momentu honetan pilota eskola itota eta ilusiorik gabe dagoela iruditzen zait. Gure helburua, gurea diot talde bat garelako, eskolari haize berria ematea izango da. Horretarako, gazteekin eta haurrekin egin behar da lan eta beraiei protagonismoa eman. Momentu honetan, 6 eta 12 urte bitarteko 30 haur inguru dabiltza pilota eskolan eta duela lauzpabost urte zifra hori ia laukoitza zen. Gainera, egun ez dago 12 eta 20 urte bitartean ez gaztetxorik eta hor gure ustez, akatsen bat dago. Horregatik, gure helburua hutsune horiek betetzeaz gain, eskolari bizia ematea izango da, haurrak motibatzea. Oraintsu arte pilota eskolako entrenamenduak Amasan egiten ziren, baina orain pilotalekua herriaren erdian egonik hori sustatu beharra dago. Bertan mugimendua sortzen bada, horrek ere herriari bizitasuna emango dio.

Norbaitek izena eman nahiko balu, zer da egin behar duena?
Astelehen eta asteartetan Behar-Zana pilotalekura gerturatu besterik ez du egin behar; bertan azalpen guztiak emateko prest egongo naiz ni. Printzipioz, ekainaren  amaiera arte ikasturtea ahalik eta ondoen amaitzea izango da aurtengo erronka. Irailean, berriz, beste bultzadatxo bat emateko asmoa dugu. Hala ere, gogorarazi nahiko nuke delegatua ni naizen arren, atzetik lan-talde handia dagoela eta denek ere asko laguntzen didatela. Momentu honetan, esaterako, astelehen eta asteartetan nik ematen ditut klaseak eta asteazken eta ostegunetan Ioritz San Sebastian hernaniarra etortzen da. Gure ustez, bi irakasle izatea beharrezkoa da. Dinamika gehiago eskaintzen du eta horrez gain, biren esperientziak gehiago balio du batenak baino. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!