Igandean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots Asteasun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 21a, 09:28

Etxeko txikiekin arratsalde-pasa polita egiteko aukera egongo da Asteasun igande honetan. Pirritx, Porrotx eta Marimotots herriko pilotalekura
hurbilduko dira euren abentura eta abestiekin guztiak alaitzera.

Sentitu, pentsatu, ekin! ikuskizuna eskainiko dute sudurgorriek Usarrabi pilotalekuan. Asteasuko Udalak antolatu du saioa eta arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Sarrerak erosi ahal izateko, aurrez joan beharko da pilotalekuko leihatilara bertara. Sei euroren truke, pailazoen abenturekin gozatzeko aukera izango da.

Urteurrena
Urte berezia da hau Pirritx eta Porrotx pailazoentzat, izan ere, eszenatokietara igotzen hasi zirela hogeita bost urte bete batira dagoeneko. Beraz, ospakizunetan murgilduta ibili dira azken hilabeteotan. Asteasuarrek ere izango dute pailazoak zoriontzeko aukerarik.

Urtebetetzea
Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin batera, beste hainbat pertsonaia ere gerturatuko da Asteasura. Bertan izango dira, esaterako, Pupu eta Lore txikiak eta baita amona Josefina ere. Amona Josefinarentzat ere oso urte berezia izango da hau, 100 urte beteko baititu. Sentitu, pentsatu ekin! ikuskizunean, pailazoak eta lagunak amonaren baserrira joango dira amonarekin festa egitera. Guztiek zoriondu nahi dute Josefina maitagarria. Bada norbait, ordea, festa zapuztu nahi duena eta etengabe oztopatzen saiatuko dena. Abentura politak biziko dituzte pailazoek eta euren lagunek.

Kantuak eta umorea
Pirritx eta Porrotx pailazoen betiko abestiak ez dira faltako eta ikuskizun honetarako sortutako kantu berriek ere izango dute euren tartea. Haurrek zein helduek, ez dute izango gorputza dantzan ez jartzeko aitzakiarik. Kulturarekiko maitasuna, zientziaren garrantzia eta elkartasunaren balioa azpimarratzen ditu Sentitu, pentsatu ekin!  ikuskizunak, betiere umorea eta musika erabiliz. Ikuskizunaz gozatu nahi duenak, denboraz gerturatu beharko du Asteasuko pilotalekura, bertan jarriko baitituzte salgai sarrerak, egunean bertan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!