Mintzapraktikak ingelesez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 21a, 09:25

Aiztondo bailarako eta Tolosaldeko kideez osatutako taldea hamabostean behin elkartzen da ingelesez hitz egiteko. Ordu eta erdiz, mihiak ingeles hutsean dantzatzen dituzte. Azkenekoz, Asteasun izan zuten zita. Taldekideek, bizitzen ari diren esperientziaren berri eman dute.

Josu, Lierni, Olga, Gloria, Juli eta Elena dira, besteak beste, ingeles tertulia hauetan parte hartzen duten kideak. Inguruan ingelesez hitz egiteko premia zegoela eta, Olgak orain pare bat hilabete jarri zuen martxan proiektua: “Orain dela hiru urte ere horrelako zerbait antolatu genuen eta bi urtez aritu ginen ingelesezko tertuliak egiten. Orain, berriz ekin diogu”. Aiztondoko eta Tolosaldeko hainbat hedabidetan eman zuten proiektuaren berri eta ordutik jende askok eman du izena: “Olgak iragarkiak jarri zituenean, 22 lagunek eman zuten izena, baina oraindik ere taldeak handitzen jarraitzen du. Hala ere, dagoeneko izen-ematea itxita dago. Hori bai, eskualdean natiborik balego, asko eskertuko genioke laguntza txiki bat, besteak beste, ahoskeran bai baitugu zer hobetua. Hemendik, beraz, gonbitea luzatu nahiko genioke”, azaldu du Julik.

Askotariko ariketak
Bi astero, astelehenetan elkartzen dira taldekideak. Herri desberdinetako jendea dagoenez, euren asmoa elkartze horiek txandakatuz egitea da: “Lehen tertulia Larraulen egin genuen, bigarrena Anoetan eta hirugarrena Asteasun. Polita litzateke hamabostero herri desberdin batean elkartzea”, azaldu dute. Herriz herri egiteaz gain, lantzen dituzten ariketak ere askotarikoak dira. Irakaslerik ez dutenez, tertulia bakoitzean, kide bakoitzak zerbait proposatzen du: “Aldiro-aldiro gauza desberdinak lantzen joatea da helburua, besteak beste, irakurketak, abestiak... Gure helburua ahozkotasuna lantzea da, ahaztuak ditugun terminologiak lantzea, hain zuzen”, adierazi dute.

Maila bertsua
Tertulietan parte hartzen duten kide gehienek hizkuntzaren oinarria sendotua dute, ez dago hutsetik hasi den inor. Askok akademiatan ikasten dute ingelesa eta hitz egiteko orduan batzuek besteek baino joritasun gehiago duten arren, gehienek aitortu dutenez, “mintzari dagokionez, hankamotz gabiltza. Inguruan ez daukagu aukerarik ingelesez mintzatzeko eta tertulia hauei esker, hiztegia freskatzen dugu. Hala ere, ahal duguna egiten dugu”.
Adinari dagokionean, gehienak 40 urteren bueltan dabiltza. %20 gizonezkoak dira eta gainerako %80 emakumeak. Euren asmoa ikasturte amaierara arte tertuliak egitea da. Aurrera begira, berriz, gogoaren eta ahalmenaren arabera jarraituko dutela adierazi dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!