HILEKO DOKUMENTALA zikloa martxan jarriko du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 20a, 13:03

Hilero dokumental bat eskainiko da Basteron. Lehena apirilaren 10ean izango da. Ekainera bitartean Agur esatea, Ziztadak-Tábanos eta Pura vida proiektatuko dira.

Andoaingo Udaleko Kultura eta Hezkuntza sailak HILEKO DOKUMENTALA zikloari hasiera emango dio. Izenak berak dioen moduan, hilero dokumental bat proiektatuko da Bastero kulturgunean, asteazken batez, arratsaldeko 19:00etan. 

 

Lehenengo hiru dokumentalak hauek izango dira:

Apirilak 10: AGUR ESATEA. (3,5 €).

Animazio teknika berritzaileak erabiliz, filmak 1937an Erresuma Batura ebakuatu zituzten Euskal Herriko ia 4000 haurrei buruzko istorioa kontatzen du. 36ko Gerran pasatutako haurtzaroaren eta nortasunaren galerari buruzko istorioa da, baina batez ere, esperantzaz beteriko istorio hunkigarria.

 

Maiatzak 15: ZIZTADAK - TÁBANOS (doan).

Euskal Herriko desobedientzia zibilaren eta indarkeriarik gabeko borroken iragana,  oraina eta etorkizuna aztertzen duen dokumentala. Ikastolen sorrera, intsumisioa, Itoitz, Lemoizi egindako oposizio baketsua, Demo mugimendua, Laborantza ganbararen sorrera Iparraldean, Kukutza...  

 

Ekainak 12: PURA VIDA (3,5 €).

Annapurnaren hego isurialdean, 7.400 metroko garaieran, Iñaki Ochoa de Olza eskalatzailea gaixotu egin zen. Haren lagunak laguntza eskatuko du eta Himalayan inoiz izan den erreskate saiakerarik garrantzitsuenari hasiera emango dio. Lau egunez hamar herrialde baino gehiagotatik etorritako munduko mendizalerik onenak haren bila joango dira.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!