Urnieta Balerdi Harategia taldeko senior mutilek ezin izan dute bigarren postura gerturatu, Zarautzen kontra galdu egin baitzuten, 32-25. Lehen zatitik bertatik alde handia atera zieten zarauztarrek, baina defentsako aldaketa batzuk medio, eta erasoko jokoa hobetu ostean gol bat azpitik zirela joan ziren atsedenaldira (16-15). Bigarren zatia ondo hasi zuten Urnietako mutilek; markagailuan aurretik jarri ziren. Epaileen zenbait erabaki eztabaidatsuk, ordea, jokoz kanpo utzi zituzten, eta zarauztarrek tartea zabaltzea lortu zuten. Zarauzko pibota eta eskuin hegaleko jokalaria defendatzeko arazo gehiegi izan zituzten. Bigarren zatiaren erdialdean lau goleko tartearekin ari ziren galtzen. Hutsartea eskatu zuen orduan Urnietako entrenatzaileak egoerari buelta eman asmoz, baina ezin izan zuten markagailuan alderik moztu. Baloi asko galdu zuten erasoan, eta zarauztarrek ederki baliatu zuten kontraerasoa partida erabakitzeko. Gipuzkoako Lurraldeko Bigarren mailan jokatzen du Urnietako taldeak. Bigarren postua urrunago dute, eta hirugarrena defendatu beharko dute nola edo hala. Atzetik dute Pulpo Zumaiako taldea, eta ezinbestean irabazi beharko dituzte gelditzen zaizkien azken lau partidak. Hurrengo asteburuetan azken honetan erakutsitako jokoa hobetu beharko dute, beraz.
Bestetik, Urnieta HK 10 hotela kadete mutilek Egiaren aurka galdu zuten 37-31, eta lehenengo postuetatik jaitsi dira. Urnieta Mecanizadox Kamox kadete neskek azken momentuan berdintzeko aukera izan arren, esku hutsik itzuli ziren etxera, Ereintzaren aurka 15-14 galduta. Hala ere, Foru Aldundiko torneoko lehen postuan jarraitzen dute. Infantil mutilen Urnieta Guria Kafetegia taldea 21-12 galduta itzuli zen etxera Elgoibartik. Infantil nesken Urnieta Bosteko Jatetxea taldeak lau gol besterik ez zituen sartu, eta 10-4ko emaitzarekin itzuli ziren Bidebietatik. Azkenik, Urnieta Guria Kafetegiako infantil neskek bi goleko aldeagatik galdu zuten Urolaren aurka, 15-13.