Udal gobernuak Korrikan parte hartzera animatu ditu andoaindarrak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 13a, 15:03

Korrika dela eta, bihar egun guztian burutuko diren ekitaldien inguruan hainbat ohar ere kaleratu du

Andoaingo Udal gobernuak bihar arratsaldean hasiko den Korrikan parte hartzera gonbidatu ditu herritar guztiak. Horretarako, honako adierazpena kaleratu du:

EMAN EUSKARA ELKARRI!

Biharko egunarekin batera hasiko da gurean, Andoainen, Korrika jaiaren 18. edizioa. Martin Ugalde Kultur Parketik abiatuta egingo ditu bere lehen kilometroak 16:30ean hasita, eta Euskal Herriko hainbat txoko bisitatu ostean, Baionara helduko da martxoaren 24an, eguerdi partean.

Martin Ugalde Kultur Parkean hastearen aitzakiapean, euskararen normalizaziorako bidean ezinbesteko izan diren hiru elementuri egin nahi die gorazarre AEK euskaltegiak: Martin Ugalde berari, lehena; orain hogei urte, Ugalde omendu zuen Korrikak, eta hark egin zuen azken kilometroa, Bilbon. Bigarrenik, urte hartan bertan hil zen Joxemi Zumalabe; hain zuzen ere, haren mezu bat joan zen lekukoaren barruan, Ugaldek berak azken ekitaldian irakurri zuena. Eta azkenik, duela 10  urte itxiarazi zuten Euskaldunon Egunkaria; Ugalde eta Zumalabe izan ziren, hain justu, Egunkariaren sortzaileetako batzuk, eta haren itxierarekin batera etorri zen Berria egunkariaren sorrerak erakusten du, AEKren hitzetan, haiek ereindako hazia etengabe loratzen doala.

Hazi horren ernamuina, beraz, Andoainen bertan aurkitzen dela esan dezakegu harrotasunez. Euskalgintzaren bihotza bertan egotea ohore bat da guretzat, Andoainek euskararekin izan duen lotura historiko-kulturala agerian uzten baitu. Gu guztion ardura da horri heltzea, belaunaldiz belaunaldi transmisio lan hori egitea; Korrikaren mezuak dioen bezala, euskara elkarri ematen jarraitzea. Horregatik animatu nahi ditu udal gobernuak herritar guztiak bertan parte har dezaten. Euskararen geroan guztiona baita giltza!

 

Adierazpenarekin batera, biharko egunari begira hainbat ohar ere kaleratu du Udalak:

- Herriko eskolek Korrika Txikian hartuko dute parte, goizeko 11:00etan hasita 12:00ak arte. Bitarte horretan trafikoak aldi baterako mozketa jasan dezake.

- Korrika nagusia 16:30ean hasiko da Martin Ugalden, eta 17:30ak aldera aterako da Adunara bidean. Bitarte horretan, trafikoak aldi baterako mozketa jasan dezake.

- Ibilbideak iraun bitartean autorik ez erabiltzea eskatzen da. Gurasoei eskoletako irteera orduetan autorik ez erabiltzea eskatzen zaie.

- Hiribusaren ibilbidean eta ordutegian aldaketak gerta daitezke.

- Goikoplazan arratsaldeko 19:00etatik 23:00ak arteko egongo den kontzertua dela eta, errepidea itxi egingo da. Bide alternatiboak erabili beharko dituzte ibilgailuek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!