Bihar abiatuko da Korrika 18 Andoaindik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 13a, 14:52

Lau kilometroko ibilbidea egingo du Andoainen bertan

Bihar arratsaldeko 16:00etan egingo da Martin Ugalde parkean Korrika 18ren hasiera ekitaldia eta, horren ostean, arratsaldeko 16:30ean Edurne Brouard Korrikako arduradunak Martin Ugalde kultur parkeko langileei emango die lekukoa, Korrikari hasiera emanez. Ondoren, Irrien lagunak taldeko kideek hartuko dute lekukoa.

Andoainen lau kilometro eta erdiko ibilbidea egingo du Korrikak Berrozpe etxetik La Salle eraikinera Urki dantza taldeak, Ikastolako langileek eta La Salle Berrozpeko irakasleek eramango dute lekukoa.

La Salle kaletik Agustin de Leitza kalera, berriz, honako talde hauek eramango dute lekukoa: La Salle-Berrozpeko ikasleek, Oroituz taldeak, Hurria-Sahara taldeak, Ondarreta eta Leizaran ikastetxeek, Euskalduna futbol taldeak eta Larramendi Bazkunak.

Bazkunak erraldoi eta buruhandien konpartsari pasako dio lekukoa Agustin de Leitza kalean, 4. kilometroari hasiera emanez. Kilometro hau goiko zonaldetik barrena Kaleberriko parkerainokoa izango da. Honako talde hauek eramango dute lekukoa: Andoaingo PSE-EE, ezker abertzalea, ikastolako ikasleak, Andoaingo Udala eta Maikrux eta Maikarmen.

5. kilometroa parkean hasiko da eta gaztetxeraino iritsiko da. Bertan lekukoa talde hauek hartuko dute: Udaleko langileak, Andoaingo emakumeak, Axeri Dantza, Bankoa eta ikastolako artezkaritza. Azken kilometroa gaztetxean hasi eta Adunako mugetan amaituko da. Talde hauek eramango dute lekukoa azken kilometro horretan: gaztetxea, AHT taldea, Arrospeko langileak, Herriko elkarteak, Mendiolako LABeko langileak eta kirol taldeetako ordezkariak. Hauek adunarrei pasatuko diete lekukoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!