Hirugarrenak, eta gorantz begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 12a, 08:54

Urnietako senior mailako mutilen eskubaloi taldeak garaipen garrantzitsua lortu du asteburuan

Emaitza bikaina erdietsi zuten Urnieta Balerdi Harategia senior mutilek Pulpo taldearen aurka: 25-22 hartu zuten mendean Zumaiako taldea. Hirugarren dira jada sailkapenean, eta asteburu honetan bigarren taldearen aurka lehiatuko dira.

Partidaren lehenengo zatian oso parekatuta ibili ziren bi taldeak (13-11), baina bigarren zatiko defentsa lanari esker hamar goleko tartea zabaltzea lortu zuten urnietarrek. Bi taldekideren lesioek, ordea, erritmoa geldiarazi zuten, eta ondorioz markagailuan aldeak murriztea lortu zuten zumaiarrek. Gogoz ekin zioten urnietarrek norgehiagokari, ongi baitzekiten partida horretan zer jokatzen zuten. Hala ere, ez zuten partida bikain osatu, baina bi puntuak etxerako lortu eta sailkapenean gorantz begira daude.

Zumaiarrek ez zuten taldekide guztiekin bidaiatu, eta horrek onura egin zion etxeko taldeari. Nolanahi ere, erasoan min asko egin zien hegaleko Pulpoko jokalariak, harik eta defentsako aldaketak medio, zumaiarren erasoa indargabetu zuten arte. Kontraerasoan ez zuten behar adina korri egin urnietarrek, eta horrek partidako azken zatian gol gehiago sartzea galarazi zien, azken momentura arte sufrituz, hala.

Urnieta London School taldeko senior neskak, berriz, esku hutsik itzuli ziren Urduliztik (28-25), baina kontent egoteko arrazoiak sobera dituzte. Ondo lehiatuta eta itxura ona emanda itzuli ziren etxera. Baja askorekin eta jubenilen taldeko neska dezenterekin joan ziren Bizkaia aldera. Lehenengo zati osoan eta bigarrenaren erdian aurretik joan ziren urnietarrak. Epaileen erabakiek, ordea, partida desorekatu zuten: kanporaketek min handia egin zieten Urnietako neskei,  eta ongi baliatu zuten hori etxekoek. Urduliz aurretik jarri ostean, urnietarrak ez ziren gai izan markagailuari buelta emateko. Ordea, garaipena lortzeko modurik izan ez bazuten ere, harro sentitzeko arrazoiak badituzte urnietarrek: Urdulizera joandako jokalarien batez besteko adina 18 urtekoa da. Bizkaian egindako lan txukunarekin, beraz, denbora kontua besterik ez da emaitza onak lortzen hastea.

Bestetik, Urnieta HK 10 hotela taldeko kadete mutilek 31na berdindu zuten etxean Elgoibarren aurka. Urnieta Bosteko Jatetxea kadete neskek, berriz, ezin izan zuten punturik atera Errenteriatik, eta 22-17 galdu zuten. Urnieta Mecanizado Kamox taldeko kadete neskek lehenengo postuari eusten jarraitzen dute Eibarren aurkako garaipenaren ostean (26-18). Bestalde, Urnieta Guria Kafetegia infantil mutilek Egia Bera Bera taldea garaitu zuten etxean (22-17). Urnieta Bosteko Jatetxea infantil neskek asteburu gogorra izan zuten, bi partida jokatu baitzituzten. Aloña Mendiren aurkako lehenengo partidan 6-10 gailendu ziren. Bigarrenean, ordea, ezin izan zuten emaitza errepikatu, eta 12-17 galdu zuten Legazpiren aurka. Urnieta Guria Kafetegia infantil neskek, berriz, 13-21 galdu zuten Leizarango nesken aurka. Urnieta HK 10 hotela jubenil neskek, azkenik, ez zuten neurketarik jokatu, atsedena baitzegokien.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!