Udalak Elurte Plana martxan jarri du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 11a, 14:44

Eguraldi aurreikuspenen aurrean, herritarrei beharrezko neurriak hartzeko deia luzatu die

Euskal Meteorologia agentziek datozen orduetarako egin dituzten aurreikuspenak tarteko, Andoaingo Udalak Elurte Plana martxan jartzea erabaki du. Meteorologia agentziek pasa dituzten oharren arabera, datozen orduetan erruz jaitsiko da tenperatura, muturreko balioetara iritsi arte (zero azpikoak izan daitezkeela diote). Izotza bota eta elurra egiteko aukerak ere handiak direla azpimarratu dute, baita egoera hori hainbat egunez luza daitekeela ere.

Horren aurrean, beharrezko neurriak hartzeko deia luzatu die Udalak andoaindarrei, eta hainbat gomendio luzatu dizkie:

- Ahal den neurrian, norberaren ibilgailuaren erabilera ekidin eta garraio publikoa erabil dezatela.

- Autoa hartzekotan, beharrezko segurtasun neurriekin egin dezatela, segurtasun distantziak errespetatuz. 

- Ahal dela, bide publikoetan aparkatutako ibilgailuak garajeetan gorde ditzatela.

- Izotza eta elurra eginez gero, horiek garbitzeari ekingo diote Udaleko langileek. Beraz, oinezkoak beti espaloitik joan beharko dute, kalea gurutzatzeko garaian arretaz eginez.

- Egoerak okerrera egingo balu, etxean geratzeko gomendioa luzatu die herritarrei Andoaingo Udalak.

Horrekin batera, herriko merkatariei gogorarazi nahi die euren dendetako atari aurreko espaloia garbitu ahal izateko gatza eskuragarri dutela Udaltzaingoaren bulego nagusian (Galardi kalean). 

Ustekabe edo oharrik izanez gero, honako telefonoak eskura dituzte herritarrek:

- Udala: 943 30 08 30

- Udaltzaingoa: 092 / 900 300 819

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!