Hirugarren postua lortzen saiatuko da Urnietako eskubaloiko senior mutilen taldea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 8a, 16:12

Pulpo taldea mendean hartu beharko dute larunbat arratsaldeko 19:00etan Urnietako kiroldegian jokatuko den partidan

Gipuzkoako Lurraldeko bigarren mailako hirugarren postua esku-eskura dute Urnieta Balerdi Harategia eskubaloi taldeko mutilek. Horretarako baina, Pulpo taldea mendean hartu beharko dute larunbatean Urnietako kiroldegian arratsaldeko 19:00etan. Sailkapeneko hirugarren da Zumaiako taldea; urnietako seniorrek baino bi puntu gehiago besterik ez dute. Joaneko partidan garaipenak azken momentuan ihes egin eta berdinketarekin itzuli ziren etxera urnietarrak. Partida hartako arantza kendu nahi dute, eta bidez batez, lan txukuna egin eta Elgoibarren erakutsitako irudia garbitu. Sailkapenean zumaiarren tokia hartuko lukete partida irabaziz gero. Fin ibili beharko dute horretarako, baina etxekoen babesak haien alde egingo duela espero dute.

 

Urnietako London School taldeko neskek Urdulizen jokatuko dute jardunaldi honi dagokion norgehiagoka, igandean, 11:30ean. Euskal Ligan eskarmentu handirik ez badute ere, lehiatzeko gogoz daude, eta aurkariak estutuz ziur dira emaitzak iritsiko direla. Jubenil dezenterekin bidaiatuko dute Urdulizera, bi puntuak etxera ekartzeko itxaropenarekin.

 

Azpiko kategoriei dagokienean, jubenil nesken Urnietako HK taldeak ez du partidarik jokatuko asteburuan, atsedena baitagokie. Kadete mutilen Urnieta HK hotelak, berriz, etxean jokatuko du Foru Aldundiko txapelketari dagokion partida, Elgoibarren aurka, larunbatean 15:15ean. Bi taldeak berdinduta daude sailkapenean. Urnietako Bosteko Jatetxea taldeko neskek Errenteriara egingo dute bisita larunbat arratsaldean 17:30ean, Ereintzaren talde indartsuaren kantxatik bi puntuan eraman asmoz. Urnieta Mecanizados Kamox kadete neskak, berriz, Eibarko nesken aurka ariko dira larunbatean 15:45ean. Hiru partida jokatuta eta beste horrenbeste irabazita, Foru Aldundiko Torneoko lehengo postuari eusten saiatuko dira.

 

Infantil mutilen Urnietako Guria Kafetegia taldeari dagokionez, igandean eguerdiko 12:00etan jokatuko du Egiaren aurka, Urnietako kiroldegian. Urnieta Bosteko Jatetxea taldeko infantil neskek, ostera, asteburu gogorra dute aurretik, bi partida jokatuko baitituzte. Batetik, larunbatean Oñatin jokatuko dute 12:15ean. Bestetik, igande goizean ere lana izango dute: Legazpiren aurka atzeratutako partida jokatuko dute 11:00etan. Azkenik, Urnieta Guria Kafetegiako infantil neskek Andoaingo Leitzaran taldearen bisita jasoko dute larunbatean eguerdiko 12:00etan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!