Andoaingo hainbat emakumeri omenaldia bihar eguerdian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 8a, 13:38

Zortzi emakume edo emakume talde omenduko dira, “Martxoak 8, zortzi emakume” ekitaldian. Urteetan emakume horiek borrokalariak, emankorrak eta ekintzaileak izan direlako, itzalean egin duten lan izugarria aitortu nahi da. Hainbat tokitan jarri diren kutxetan andoaindarrek egin dituzten proposamenen bidez hautatu dira emakume horiek.

DOLORES IZTUETA

83 urte ditu Etxebeste baserrian (Leizotz) jaio zenetik bertan bizi den emakume baserritar honek. Esnetarako behi mordo batekin sostengatu zen baserriaren ekonomia urtetan, eta hiru pertsonek egin zuten lan bertan: Juanita Iztuetak (ahizpa), Prudencio Jauregik (koinatua) eta hirurek. Lan nekagarria inondik ere, ezin baitzituzten ahaztu baserriko gainerako ardurak. Doloresek  alaba bat ere hazi behar izan zuen.
Etxeko astoa esne marmitekin zamatu eta Andoainera egunero jaistea egokitzen zitzaion. Ia mende erdia horrelaxe, hamar urte besterik ez zituela hasita. Nozbait, Joxe Mari Jauregi bere ilobak gidabaimena atera, autoa erosi eta biak esnea partitzen hasi ziren arte.  
Dolores eta bere astoa famatuak egin ziren herritar ugarirentzat hamarkadetan. Argazki maitagarria osatu zuten, Andoaingo hainbat herritarren oroitzapenean itsatsita geratu dena.
Egun, baserrian bizitzen jarraitzen du, aipatu ilobarekin batera. Larunbatetan jaisten da herrira etxeko enkarguak-eta egitera, eta herritar askok agurtzen dute oraindik, gogoan baitituzte haren hizketarako gogoa eta umorea. 
Osasunez ez dabil dantzan egiteko moduan, baina kalejiran parte hartzeko borondatea agertu du. Basteroko plazatik irtengo da, bere iloben laguntzarekin eta lekukoa eskuan hartuta. Egun berean, bere familia osoa bazkari eder batean bilduko da; etxekoek eguneko bigarren omenaldia eskainiko diote Dolores Iztuetari.  


MARI CRUZ BIDARTE ETA ROSARIO RIO

Andoaingo kaleko hezitzaileak izan dira bi emakume horiek nabarmendu nahi izan dituztenak; biak ere bizitza latzari aurre eginez amon egin diren emakume borrokalarien eredu baitira. Hezitzaile horien ustetan, euren seme-alaben sostegun ez ezik euren biloben sostengu ere badira.
Mari Cruz Bidartek sei seme-alaba hezi ditu, eta 72 urte dituen honetan, aitortzen du merezi izan duela egin duen ahalegin guztiak. “Bizimodu gogorra jasan dut; senarra oso gazte hil zitzaidan eta bakarrik tira behar izan nion familiari, aitaginarreba eta amaginarreba barne. Joan ziren garai latzenak, ordea, eta une honetan harrotasunez hitz egiteko moduan naiz.
Orain gehiegitan esaten da aiton-amonoi lan gehiegi ematen digutela seme-alabek, euren umeak noiznahi gure esku uzten dizkigutelako… Bada, ez nago batere ados uste horrekin. Hamar biloba dauzkat, eta une pozgarriak igarotzen ditut horien zaintzan. Biloba jatorrak eta denetan dabiltzanak (kirola, musika…) ditut, eta ez zait batere kostatzen Hernanira, Irunera, Usurbilera… joatea haiekin egoteko. Gaur egungo nire bikotea gaixo daukat eta seme-alabak ere langabezian dauzkat, baina ez dut etsia hartzen, eta ahal dudan guztian laguntzen diet. 
Lotsa pittin bat ematen dit hori dena kontatzeak, baina bada garaia emakume anonimoek ere geure buruaz harrotasunez hitz egin dezagun!”.
Rosario Riok ere ez du ibilbide makala egin. “Nire bizitzarekin nobela bat idatz daitekeela pentsatu izan dut behin edo behin. Caceresen jaio eta bertan ezkondu nintzen, baina 1960an etorri ginen Andoainera; bertan, bederatzi seme-alaba ekarri nituen mundura. Bi bizki jaio ziren, baina horietako bat orain ezagutzera eman diren ume lapurtuetako bat izan zen. Zortzi seme-alabak beste inoren laguntzarik gabe hezteaz gain, kanpora atera behar izan nuen soldatapean lan egitera urteetan; besteak beste, Andoaingo farmazia batean 20 urtez eta Ziako lantegian beste hainbat urtez. Erretiroa hartu ahal izan nuen noizbait, baina berdin-berdin jarraitzen dut lanean, etxeko eginkizunekin eta seme-alabek zaintzarako uzten dizkidaten 14 bilobekin. Nire senarrak zera esaten die alabei: ‘Zuen amak ume asko zaindu ditu eta izugarri egin du lan, baina inoiz ez da zuek bezala ibili, ezin inora iritsi”. Bost axola niri senarrak zer dioen; pozik bizi bainaiz bilobez inguratuta”.


BEGOÑA TOLARETXIPI

Musika ikasiz, irakatsiz eta interpretatuz bizitza osoa pasa duen emakumea da. Donostian jaio zen, familia musikazale baten baitan, eta berehala amaitu zituen pianoko ikasketak. Sabin Mujika andoaindarra ezagutu, harekin ezkondu eta etorri zen Andoainera. Zortzi seme-alabaren ama da, eta denei transmititu die musikarako zaletasuna; horietako askok musika tresnaren bat jo eta musika irakasten dute. Bilobak ere bide beretik doaz.
Begoñak, musika eskola ireki zuen bere etxebizitzan, zortzi seme-alabak hezten zituen denbora berean; tarteka, 50 ikasleko eskola izan zen hura, eta horietako asko musikari bikainak izatera heldu dira.
Aiurrik 2011ko urrian egin zion elkarrizketan aitortu zuen nahiko ondo antolatzen zela bizimodu hori aurrera eramateko: “Hamarreko taldeak osatzen nituen; 17:00etatik 20:00etara izaten ziren eskolak. Nire seme-alabak arratsaldean ikastolatik etortzen zirenerako merienda prestatuta edukitzen zuten. Zaharrenak kalera joaten ziren jolastera, eta balkoitik zaindu ahal izaten nituen. Txikienak, berriz, ikasgelako bazter batean jartzen nituen; zintzo eta isilik egoten ziren ikasleei eta niri begira, eskola ordutan”.
15 bat urtez horrela aritu ostean, Andoaingo musika eskolan hasi izen irakasle gisa, 1998an erretiroa hartu zuen arte. Egun, ez dio ekintzaile izateari utzi: Andoaingo eta Urnietako parrokietan organoa jotzen du eta Zuena emakumeen elkartean ikastaroak ematen ditu musikaren inguruan. Berak dioen bezala: “Elizetako organoetarako bidean dauden eskailera guztiak igotzeko gauza naizen bitartean, hor segituko dudala iruditzen zait. Niretzat musika poztasun eta gozamen iturri izan da beti. Buruan eta gorputzean beti eraman dudan zerbait da”.


NIKOLASA LANGARA

Bera izendatu duten herritarrek adierazi dutenez, emakumeek ere kirola egin behar zutela praktikan aldarrikatu zuen emakume aitzindaria da Niko, izaeraz baikorra eta bizia, bera bezalakoa.
Kirola betidanik maitatu zuelarik, 60ko hamarkadaren amaieran gimnasiako irakasle bezala hasi zen, Kutxak Agustin Leitza Kalean zeukan Familia eta Gizarte Formaziorako Egoitzan. Emakumeek kafe bat hartzeko ohiturarik ez zeukaten garaiak ziren haiek. Hala ere, Nikok lortu zuen herriko hainbat emakumek gonak erantzi eta txandala jantz zezaten. “Aurretik Donostiara joan nintzen, gimnasiako irakasle izateko titulua ateratzera. 40 urte nituela hasi nintzen, eta 62 urterekin edo utzi nuen. Hasieran berrikuntza nabarmena izan zen Andoaingo gizartean, ez baitzegoen ez gimnasiorik, ez kiroldegirik, eta gutxiago aerobic-a praktikatu edo eta paseoan joateko ohiturarik; emakumeek ia-ia galarazita geneukan inolako kirolik egitea.
Makina bat emakume jarri zen nire agindutara! Denak etxeko-andreak, hirutik gora seme-alaba txiki zaintzen zituztenak! Gimnasiako ordu hura forma onean jartzeko ez ezik, sozializatzeko ere erabiltzen zuten emakumeek.
Zintzo azaltzen ziren hitzordura egunero, niki bat eta txandal bat jantzita. Estiramenduak, abdominalak, arnasketa ariketak… denetik egiten genuen; egur latza ematen nien, baina poz-pozik etortzen ziren emakumeak. Ni neroni ere ederki asko antolatzen nintzen, hango lanak egiteko eta etxean hiru seme-alaba hazteko.
Pasadizo bezala, esan dezaket urtean behin norabait txangoa egiten genuela autobusez, eta ez dakit zein urtetan, Debako hondartzara joan ginen. Ikusi egin behar zen zer nolako ikuskizuna eman genuen: emakume pila hantxe jarrita, gimnasia egiten! Badira argazkiak egun hura jasota daukatenak “.


IRENE ARREGI

Irenek hiru urte zituela hil zitzaion aita; Juanita Moraza, alarguna, lau seme-alabarekin geratu zen, bederatzi hilabetekoa gazteena. 11 urterekin eskola utzi behar izan zuen; amak etxean jertseak eta galtzerdiak egiten zituen bizimodua ateratzeko, eta hari laguntzen hasi zen. Aurrerago, Joxe Mari Olazabalekin ezkondu, eta lau seme-alaba izan zituzten.
Bera nabarmendu dutenek zera adierazi dute: “Isil-isilean, zaratarik atera gabe eta itzalean aritu da, gizon on baten itzalean. Beti zabaldu izan die atea bere etxeko aldaba jo dutenei eta esku zabalik eskaini dio beretik behar zuenari”. Gogoan izan behar dugu, ‘behartsunen abokatu’ gisa ezagutzen den Olazabalek Andoaingo domina jaso zuela bertako udalak emanda 2010ean, behartsuenen alde bizi guztian erakutsi zuen eskuzabaltasuna zela medio.
Irenek aipatu duenez, “koinatak esan izan dit gizon handi baten atzean, beti, emakume handi bat egon ohi dela. Ez nuke esango hala denik; nik egin dudan gauza bakarra senarra izan den bezala eta bere saltsak etorri diren bezala onartzea izan da; kristau fedeak lagundu dit niri horrela jokatzen. Modurik naturalenean egin izan diot beti harrera, gizatasunez alegia, Joxe Mariren laguntza eskatuz ate joka etorri den edonori, nongoa den galdetu gabe. Gure etxeak, mediku kontsulta baten antza hartzen zuen Joxe Marik gestioren bat egiteko eskatzera etorritakoekin, eta horrelakoetan, bat senarrarekin zegoen bitartean, beste hiru edo lau sukaldean edukitzen nituen, kontu kontari”.
Joxe Marik hurkoarekiko eduki duen eskuzabaltasuna Irenek ere partekatu behar izan du bizitza osoan, gustura asko partekatu ere. Makina bat pasadizu konta ditzake alde horretatik. “Esate batera, kalean eskean topatzen zituenak ere etxera ekarri ohi zituen; mahaian plater bat gehiago jarri, eta elkarrekin bazkaltzen genuen”.
Ezkondu aurretik, Irenek gogoratzen du familiako kideek, txantxetan, nola sartzen zioten ziria, ohartaraziz Joxe Marik, ezkondu eta gero maiz bakarrik utziko zuela. “Banekien ondo, bai, zein estiloko pertsona zen, eta ondorio guztiekin onartzen nizkion bere on egin beharrak eta joan etorri guztiak”.

 
ESPERANZA RODRIGUEZ

Lehen Langarak aipatu duen Kutxaren egoitza itxi zenean, 2002an, emakume asko umezurtz geratu zen, eta batzuk egoitzan bertan egiten zen dinamikari eusteko asmoa azaldu zuten. Garai latzak izan ziren, hutsetik hasi beharra izan zutelako, emakumeek elkartzeko eta bizitzako arlo guztietan formatzeko topaleku bat izan zezaten. Esperanza Rodriguez izan zen gogotsuen jardun zuena: “Bilera ugari egin behar izan genuen bateko eta besteko arduradunekin, sinetsi zezaten Andoaingo emakumeek bazituztela premiak eta horiek egoitza berri batekin ase zitezkeela”. Aldi berean, Esperantza jabetu zen emakumeek ezin zutela erakundeen menpe bizi, eta antolatu beharra zeukatela. “Ahalegin biziak egin nituen sinadurak biltzen eta kanpaina egiten emakumeen artean, elkarte bat sortze aldera.
Horrela, poliki-poliki, 2004an, Zuena elkartea sortu ahal izan genuen. Udalak Urigain kultur etxean gela utzi zigun, baina berehala ohartu ginen motz geratzen ginela gero eta ikastaro eta emakume gehiagori erantzuteko. Berriro borroka eginda, lortu genuen orain elkarteak daukan egoitza”.
Osasuna pattal eduki zuen bolada batean, eta ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuen, besteak beste, elkarteko lehendakaritza. Zuenak eraman duen ibilbideari begira jarri, eta irribarrea marrazten zaio ezpainetan: “Harrezkero bi zuzendaritza izan ditu elkarteak eta biek ere oso ondo egin dituzte lanak; makina bat bazkide bildu dute, eta ikastaroak erruz antolatzen dituzte”.  


LEIRE AIZPURUA, MAIALEN SANTA CRUZ ETA IXIAR EIZMENDI

Hiru emakume gazte horiek izendatzeko orduan, azpimarratu nahi izan da gizonezkoak erabateko nagusitasuna duen kirol batean jokatzeaz gain, ahalegin berezia egin dutela kirol hori emakumeen artean zabaltzeko.
12 bat urte zituztenean, orain zortzi urte hasi ziren jokatzen, Euskalduna futbol taldean. Garai hartan sortu zen emakumeen taldea Andoainen, eta hirurek ere maila ezberdinetan jokatu zuten zazpi urtez segidan. Gaur egun Donostiako Luberri taldean jokatzen dute.
Euskaldunan jokatzen hasi ziren unetik beretik ireki zitzaizkien begiak, eta erabaki zerbait egin behar zutela emakumeei futbolaren munduan bultzada emateko. “Andoainen eskubaloiak badu indarra emakumeen artean, ez, ordea, futbolak. Gure atzetik apenas zetorren inor, eta horrela, Euskaldunako zuzendaritzari gure asmoak azaldu ostean, infantilak entrenatzen hasi ginen hirurok”. Bi urteko lan etengabea burutu zuten futbola nesken artean sustatzeko, eta oroitzapen onak gorde dituzte alde horretatik: “Eskoletan-eta, jokatu nahi zuten neskak bilatzen eta animatzen ibili ginen. Oso giro polita sortzea lortu genuen taldean, eta jokalariek bezain ongi pasa genuen geuk bi denboraldi horietan”.
Nolanahi ere, Leire, Maialen eta Ixiar nekatu egin ziren, eta taldea uztea erabaki zuten, ikusita gehiegizkoa zela futbolean mutilek zeukaten nagusitasuna, eta ezin zitzaiola errealitate horri aurre egin. “Ordutegiak, materiala, sariak... denetan beti mutilek zeukaten lehentasuna. Gauza txikiak izango ziren gu bigarren mailan uzten gintuztenak, baina azkenean pilatzen joan ziren eta amore ematea erabaki genuen; beti gauzak eskatzen eta eztabaidatzen ibiltzeak erre egiten baitu bat!”.
Penaz hartu zuten erabakia; izan ere, neska futbolarien entrenatzaile eta sustatzaile gisa jarraitzeko ilusioa zeukaten.
Esan behar da, hala ere, hiru emakume gazte horien jokabideak bideak urratu dituela gerora begira, eta egun, beste hiru neska gaztek entrenatzen dutela infantilen taldea; Yeiza Rey, Nahia Artola eta Leire Etxeberria dira horiek.


EUSKARA TRANSMITITU DUTEN AMAK

Zortzi emakume edo emakume talderen jokabide eredugarriekin bukatzeko, euskara transmititu duten amak omenduko dira ekitaldian, Andoaingo ikastetxeek proposatuta. Hain zuzen, euren seme-alabei euskara transmititzeko era askotako ahaleginak (euskaltegira joanez, kalean belarria jarriz...) egin dituzten emakumeak goraipatu nahi dira. Andoainen gaur egungo haurrak euskaldun izateraren erantzukizunaren zati bat horiei guztiei zor zaie, eta merezi dute aitortza horrexegatik.
Oraindik zehaztu ez diren emakumeek hartuko dute lekukoa ekitaldian.
 



 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!