Justino Zubeldia eta David Izagirre Korrikako txapelketako finalera iritsi dira eta martxoaren 16an lehiatuko dira, Andoainen. Aitor Iparragirre eta Iñaki Ormaetxea, berriz, Euskal Herriko Mus Txapelketan lehiatu dira eta eskualdeko kanporaketara iristea lortu zuten.
Lehendabizikoz elkarrekin
Adunan egindako Korrika egunean erabaki zuten Justino Zubeldiak eta David Izagirrek mus txapelketan elkarrekin izen ematea. Hala azaldu du Justinok: “Korrika eguneko herri bazkariaren ondoren hasi ginen muserako prestatzen. Gu biok ez genuen aurrez elkarrekin inoiz musean jokatu, baina bikote gisa aritzea erabaki genuen. Lau bikotek eman genuen izena Adunako kanporaketarako eta gu suertatu ginen irabazle”.
Adunako garaipenak, Korrikako mus txapelketako eskualdeko kanporaketan aritzeko txartela eman zien: “Justu xamar ibili ginen kanporaketa hartara joateko. Arratsaldeko txanda genuen biok lanean eta ia ziur geunden ezin izango genuela garaiz iritsi. Adunako beste muslari batzuei pasa genien abisu, badaezpada. Azken momentuan, mus saioko ordutegia aldatzea erabaki zuten antolatzaileek, eta David eta biok joan ginen azkenean. Gustura aritu ginen Ikaztegietako kanporaketa hartan”, adierazi du Justinok.
Finalerdietara zuzenean
Ikaztegieta, Andoain, Ibarra, Anoeta, Amezketa eta Aduna lehiatu ziren Tolosaldeako kanporaketan. Otsailaren 22an jokatu zuten Ikaztegietan, eta Justinok eman du egun hartako mus saioaren berri: “Ibarrako taldea ez zen aurkeztu eta taldeetako bat erreserbara pasatzea erabaki zen. Zozketa egin genuen eta guri tokatu zitzaigun erreserban geratzea. Suerteko hasi ginen! Lehia finalerdietara iritsi zenean sartu ginen gu jokora eta irabaztea lortu genuen. Andoaingo bikotearen aurka jokatu genuen finala, eta partida hori ere irabazi egin genuen”.
Ondo pasatzea helburu
Gustura ari dira David eta Justino. “Gure helburua ondo pasatzea da. Herrian antolatzen diren ekintza ezberdinetan parte hartzea gustatzen zaigu eta helburu horrekin eman genuen izena Korrikako Mus Txapelketan. Gure helburu nagusia ez da garaipena lortzea, ondo pasatzea baizik. Oso giro ona sortu da Korrikako txapelketan eta gustora ari gara. Beste zenbait mus txapelketatan jendeari irabazteko grina handiagoa nabaritzen zaio, baina Korrikako honetan oso giro jatorra dago, lagunarteko giroa”, jakinarazi du Davidek.
Arriskua eta zortea
Musean elkarrekin sekula aritu gabeak ziren Justino eta David. “Elkarri bere jokoa egiten utzi diogu. Musean, arriskatu beharra izaten da tarteka, eta erabaki horiek hartzeko garaian, ondo ulertu eta errespetatu dugu elkar. Ondo asmatu dugu arriskatzerako garaian eta zorteak ere lagundu egin digu. Horregatik lortu ditugu emaitza onak”, azaldu dute.
Elkarrekin hitz egiteko keinu berezirik ez dutela adierazi dute Justinok eta Davidek: “Ez dugu horren beharrik izan. Gure jokoa naturalagoa da. Korrikako txapelketan ez dut inor nabaritu elkarri keinuak egiten. Lehiakortasuna badago, baina ez horrenbesterainokoa”.
Martxoaren 16an
Andoaingo final handirako txartela lortu dute Justinok eta Davidek: “Martxoaren 16an izango da, Andoaingo Irunberri elkartean. Bederatzi herri ariko gara lehian eta gure helburu nagusia ondo pasatzea izango da han ere”. Zorte on!