Eskualdeko korrikalariak denboraldi berrirako prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 7a, 14:08

Aitziber Ibarbia zizurkildarra eta Hassan Ait-Chaou billabonatarra mendi lasterkari iaioak dira. 2012an, biek ala biek, denboraldi aparta egin zuten; besteak beste, Mendiko Lasterketen Euskal Kopa eskuratu zuten. Denboraldi berriari begira, Euskal Selekzioaren izenean hainbat kopa jokatuko dituzte.

Mendi lasterketetan izugarrizko denboraldia egin zenuten iaz. Besteak beste, Isabako Camille Extreme lasterketan errekorra apurtu zenuten. Berria jakitean zer sentitu zenuten?
Hassan Ait-Chaou:
Izugarrizko poza. Oso lasterketa polita da eta errekor berri jarri nuela jakitean zerbait berezia sentitu nuen. Lehen aldiz 2006an hartu nuen parte proba honetan. Lasterketen munduan murgildu berria nintzen denboraldiko bigarren proba izan zen eta, noski, ez nengoen behar bezala prestatuta. Urik edatera ohitua ez nagoenez, deshidratatuta amaitu nuen, oso gaizki. Iaz, berriz, arantza hori betirako atera nuen; 2:59:08-ko denbora egin nuen, aurrez zegoen denbora baino 7 minutu gutxiago.
Aitziber Ibarbia: Oso esperientzia polita bizi izan nuen, nire ustez, 2012 denboraldiko lasterketarik politena izan zen. 31,9 kilometroko ibilbidea da, oso teknikoa eta oso mendikoa, Pirinioetan sartzen baitzara. 3:46:13-ko denboran egin nuen, aurreko errekorrari 6 minutuko aldea atereaz.

Iazko lasterketak buruan izango dituzue. Denboraldiko laburpen txiki bat egingo al duzue?
A. I.:
Neumonia baten ondorioz, behar baino beranduago hasi nintzen lehiatzen, apirilean gutxi gora-behera. Ekainean eta uztailean, beraz, oso forma onean ibili nintzen. Uztaila eta abuztua, adibidez, oso gogorrak izan ziren, mundu mailako lasterketa asko izan baikenituen. Irailetik aurrera “txipa” aldatu egin nuen eta lasaiago ibili nintzen.
H. C.: Iazko denboraldia martxoaren 4an hasi nuen, Azpeitian. Ondoren, Aia-Pagoeta lasterketa egin nuen. Atzetik etorri ziren Loatzoko igoera eta Kopako lasterketak. Lakuntzako lasterketa eta Camille Extreme egin eta gero, hilabetez, atseden hartu nuen eta abuztuan berriz ere lehiatzen hasi nintzenerako, forma galdua neukan. Amaitzeko, Zeanuriko lasterketa egin nuen. Oso lasterketa polita izan zen; oso eguraldi ona egin zuen eta asko disfrutatu nuen. Azaroan, egin behar ez nuen lasterketa batean hartu nuen parte, Donostiako Maratoian. Min hartu eta, ondorioz, hilabetean geldirik egon behar izan nuen.

2012an biek Mendiko Lasterketen Euskal Kopa irabazi zenuten. Esperotakoa izan al zen?
A. I.:
Niretzat bigarren aldia izan zen, 2011n ere eskuratu bainuen. Lehen aldian bila joan nintzen, ilusioz eta helburu hori buruan nuela. 2012koa, berriz, nahigabekoa izan zela esan liteke. Lehen hiru lasterketetan lortutako puntuekin nahiko erraz ikusten nuen Kopa irabaztea eta aukera hori ikusita, ezin pasatzen utzi. Zeanuriko lasterketa burutu aurretik, Kopako azkenekoa, dagoeneko banekien ni nintzela irabazlea. Aurten, ordea, oso zaila ikusten dut. Espainiako eta Munduko Kopak ia batera tokatzen dira eta egutegiak ez du denerako ematen.
H. C.: Denboraldiaren hasieran ez nuen inondik-inora ere espero. Lasterketetan, ordea, denbora politak egiten hasi nintzen eta Camille Extreme-a irabazi nuenean, Euskal Kopa irabazteko aukerak ikusi nituen. Zeanurin abantaila pixka batekin jokatu nuen, baina ez zegoen ezer erabakita, besteek egiten zutenaren araberakoa izan zen.  

30 kilometro inguruko lasterketa hauek prestatzeko zer behar da?
H. C.:
Batez ere, entrenamenduak. Korrika hasi nintzenean, astean lauzpabost aldiz entrenatzen nuen, baina lasterketetara nekatuta iristen nintzen. Orain, lana dela eta, astean hirutan entrenatzen dut. Igandean lasterketa izanez gero, astelehenean atseden hartzen dut, asteartean ia bi orduko entrenamendua egiten dut. Asteazkenean serieak; osteguna, atseden eguna izaten da eta ostiralean, hamabost minutuz edo ibiltzen naiz, poliki-poliki. Larunbatean, berriz ere deskantsatu egiten dut. Gutxi gora-behera, astean 60 kilometro inguru egiten ditut.
A. I.: Ni gehixeago ibiltzen naiz, astean sei egunetan entrenatzen dut. Selekzioan entrenatzaile bat daukagu eta hark ematen dizkit entrenatzeko pautak. Ez dira eguneroko “matxakeak”, orotariko entrenamenduak dira: gimnasioa, bizikleta, korrika... Orain, urtarrilean eta otsailean, aurredenboraldian, astean ia 100 kilometro egin ditut. Berdin da zer nolako eguraldi dagoen, zapatilak jantzi eta entrenatzera.

Denboraldiaren hasieran, zer da pentsatzen duzuena?
A. I.:
Batez ere, izugarrizko gogoa izaten dut. Iaz, zuntz haustura batengatik abenduan geldirik egon behar izan nuen, eta amorratzen egon nintzen. Denboraldiaren hasieran izugarrizko ilusioa izaten da. Lasterketen egutegia hartu eta eskema bat egiten dut, zein lasterketetan parte hartu ahal dudan pentsatuz. Aurten, nire helburua Aizkorriko lasterketa ondo egitea da, iaz bederatzigarren egin nuen eta aurten marka hori hobetu nahi dut. Horrek Munduko Koparako ateak zabalik uzten dizkit eta...
H. C.: Nire kasuan ere, helbururik handienetakoa Aizkorriko lasterketa da. Munduko Kopako sariketaren barruan dagoen lasterketa da eta marka ona eginez gero, ea Coloradora (Kalifornia) joateko aukerarik ematen digun.

Behin irabazten hasitakoan, zaletasun hori ez al da obsesio bihurtzen?
A. I.:
Gero eta helburu eta erronka altuagoak jartzen dizkiozu zure buruari.  Orain urte batzuk laugarren postua egitearekin konformatzen nintzen, baina orain gehiago nahi izaten dut.
H. C.: Lasterketak ondo egitea nahi izaten da eta lehen postuetan bada, hobe.

Hainbeste lasterketatan eta toki desberdinetan ibili eta gero, anekdota bitxiak ere izango dituzue...
H. C.:
Zeanuriko lasterketa amaitu eta gero, maleta hartu eta lagun bat eta biok dutxara abiatu ginen. Bidean, iturri bat ikusi eta zapatilak garbitzea erabaki genuen. Ilara luzea zegoen eta maleta lurrean utzi nuen, nigandik bi metrotara. Lagunarekin hizketan ari nintzela, konturatu nintzenerako maleta falta zen; lapurtu egin zidaten. Momentu horretan, gainera, mikrofonoz deitu zidaten saria jasotzera joan nendin eta, egia esan, momentu hura kaotiko samarra izan zen. Ni maleta aurkitu nahian eta bitartean, sari banaketan nire zain. Pena da mendizaleen artean horrelako gauzak gertatzea, baina denetarako dago jendea.
A. I.: Abuztuan Suitzara joan behar genuen selekzioarekin lasterketa batera. Eguerdian genuen hegazkina eta goizeko 11:00etarako maleta guztiak prest nituen, baina NANaren bila hasi eta ezin aurkitu. Taldekideei hegaldiko txartelak eskatu eta korrika batean Donostiara joan nintzen NANa egitera. Ordubete ilaran egon eta gero, barrura sartu nintzen. Egun hartan, ordea, ordenagailua ez zegoen nire alde, errorea ematen zuen eta azkenean, hirugarren saiakeran eman zidaten txartela. Ziztu bizian aireportura joan eta justu-justuan hartu nuen hegazkina. Eta noski, etxera itzulitakoan NANa aurkitu nuen.

Euskadiko Kopan erabakigarria zen Zeanuriko lasterketa, dopinaren aurkako kontrola egin zizueten. Espero al zenuten halakorik? Zuen ustez, beharrezkoa al da froga hauek egitea?
A. I.:
Euskadiko Kopako lehen lasterketan ere egin zuten eta banuen berriro egingo zutenaren susmoa.
H. C.: Nik berriz, Zeanurikoa baino lehenago egingo zigutela uste nuen.
A. I.: Ilusio guztiarekin prestatzen ibiltzen garenontzat amorrazioa ematen du ondoan dopajearekin dabilen bat aurkitzeak. Herriko lasterketetan inora ez doan marka bat lortzeagatik, afizionatu mailan, horrela ibiltzeak izugarrizko pena ematen dit. Dopinaren aurkako kontrol horiek ondo egiten badira, ondo iruditzen zait, ea kirol guztietan egiten hasten diren.
H. C.: Ni ere Aitziberrekin bat nator. Inora ez doan marka bat lortzeagatik zure bizitza arriskuan jartzea ez zait zentzuzkoa iruditzen. Hala ere, gure mailako kirolarietan kalamuarekin positibo ematea ez dut uste dopatzea denik. Profesional baten kasuan akaso bai, baina afizionatu batenean... Hala ere, legeak jarrita daude eta berdin aplikatzen dira maila guztietan.

Mendiko lasterketak edo errepidekoak nahiago?
A. I.:
Zalantzarik gabe, mendikoak. Aurrez errepidean ibiltzen nintzen, baina lesioak zirela eta errepidea utzi eta mendian hasi nintzen. Mendiko lasterketak entretenituagoak dira. Askotan eguraldi onarekin entrenatzera atera eta ezin etxeratu ibiltzen naiz.
H. C.: Nik ere mendia nahiago. Mendiko lasterketak gogorragoak dira, baina ez dira hain monotonoak.

2013ko egutegia nola daukazue?
A. I.:
Martxoan hasi eta urrira bitarte ibiliko gara lasterketetan. Euskadiko, Espainiako eta Munduko Kopen barruan sartzen diren lasterketez gain, herrikoietan ere parte hartuko dugu. Hala ere, aurten, Espainiako Kopako eta Munduko Kopako lasterketa asko eta asko batera aldi berean tokatzen dira, beraz, aukeraketa bat egin beharko da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!