Martxoaren 14an, denok Korrika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 7a, 13:52

Andoaingo Martin Ugalde kulturgunetik abiatuko da Korrika 18, martxoaren 14an. Arratsaldeko 16:30etan emango ditu lehen urratsak euskararen aldeko ekimenak.

Aiztondo bailara aldera hartuko du Korrikak. Andoain zeharkatu ondoren, Adunara gerturatuko dira korrikalariak. 17:09etan espero dute Benta inguruan. Iñaki Gorostidi harrijasotzaileak jasoko du lekukoa eta metroz-metro, Adunako plazaruntz gerturatuko dira korrikalariak. Korrika 18k ‘Eman euskara elkarri’ dio, horixe da aurtengo mezu nagusia eta mezu hori, eskualde osoan barrena zabalduko da martxoaren 14an.

Adunatik Zizurkilera
17:25etan iritsiko da Korrika Zizurkilera. Plaza inguruan zain izango ditu Korrika txikian parte hartuko duten ikasleak, korrika doazen guztiei txalo zaparrada eskaintzeko prest. Herria zeharkatu ondoren,  Amasa-Villabonan sartuko da, 17:35 inguruan, Zubimusun barrena.
Han ere, zain izango da ehunka korrikalari euskaltzale. Edizio honetan arratsaldeko garai egoki eta erosoan pasako da Korrika eskualdetik, eta horrek, jendearen parte hartzea erraztuko duela espero da.
Aiztondo zeharkatuta, Tolosa aldera hartuko dute korrikalariek. Ekimenak ez du atsedenik hartuko martxoaren 24an Baionara iristen den arte.

Laguntza
Martxoaren 14 iritsi arte, Korrikari laguntzeko modu ezberdinak daude. Diruz lagundu nahi duenak, Korrika laguntzailea euskarria eros dezake AEKko euskaltegietan edota Korrika dendetan. Arropa edo bestelako materiala ere salgai izango dute. Bestalde, herriz herri ere Korrikaren aldeko diru bilketa egingo dute eta hala nahi izanez gero, Korrikaren izenean Euskadiko Kutxan zabaldu den 3035 0072 0207 2003 7810 kontu korrontean nahi den diru kopurua sartuz lagun daiteke.


Egitaraua, herriz herri:


Aduna
Martxoak 11, astelehena
  • Korrika kulturala. Loatzo musika eskolak antolatuta, Korrikaren aldeko emanaldi berezia. Ondoren, argazkia eta parte-hartzaileentzako Korrika batzordeak eskainitako merienda. 18:30, herriko plazan.

Martxoak 14, osteguna
  • Korrika ttikia. Adunako Herri Eskolak antolatuta. Eskolan elkartuko dira eta Korrikako petoak soinean jarrita, herriguneari itzulia emango diote eskolako ikasle eta irasleek. Ondoren, Txulobi elkartean bilduko dira, gurasoek prestatutako txokolate goxoaz gozatzeko. Indarrak berreskuratuta, Korrika nagusiari ongi etorria egitera joango dira guztiak elkarrekin.  15:00, Adunako Herri Eskolan.
  • Korrika. Andoain zeharkatu ondoren, Adunara iritsiko da Korrika.  17:00ak inguruan Benta inguruan.
    Benta inguruan, Iñaki Gorostidik hartuko du Adunako lehen lekukoa, "Muxkil" kultur elkartearen izenean. Ondoren, Zubi txiki iturrian, Txulobiko kide batek hartuko du lekukoa eta Andretegiko bidegurutzeraino eramango du. Han, Basopeta guraso elkarteko Miren Genuak jasoko du. Kanposantu inguruan, Arantxa Aburuzak hartuko du, Ezker abertzalearen ordezkari gisa eta eskolako kideei emango die Goiburuko biribilgunean. Josu Amilibia alkateak egingo du Adunako azken kilometroa, Udalaren eta herriko gazteen ordezkari gisa.



Amasa-Villabona
Martxoak 9, larunbata
  • Azkoitiko Sahatsa dantza taldearen emanaldia. 22:30, Olaederra kiroldegian. Sarrera, 5 euro.

Martxoak 14, osteguna
  • Korrika. Loatzo musika eskolako trikitilariek alaituko dute Korrikaren etorrera. Ohitura den bezala, Aduna eta Zizurkildik pasa ondoren, Zubimusu zubian barrena iritsiko da Korrika herrira. Bide bazterrean zain izango dira herriko euskalzaleak, batzuk txalotzeko, beste asko korrika saioa egiteko.
  • Aurten ez da Korrika txikirik egingo eta ikastetxe bakoitzak, ekitaldi ezberdinak antolatu ditu. Jesusen Bihotza ikastolako haurrek, Korrikako petoak egin, eta abestia landuko dute, besteak beste. Dr. Fleming ikastetxekoek, Korrikaren jarraipena egingo dute, egunez eguneko ibilbidea mapan markatuz. Korrika nagusian parte hartzeko deialdia zabalduko diete bi ikastetxeek euren ikasleei.




Andoain
Martxoak 9, larunbata

  • Korrika eguna.
    Goizean zehar, arropa salmenta eta diru-bilketa.
    19:00, Kantu kalejira.
    21:00, Afaria Arrate pilotalekuan. Ondoren, jolasak eta musika. Txartelak 15 euro. (AEK euskaltegia, Irunberri eta Lanbroa).

Martxoak 13, asteazkena
  •  Musika eskolako ikasleen kontzertua. 18:00, Zumea plaza.

Martxoak 14, osteguna
  • 11:00, Korrika txikia eta gaztea egingo dira.
  • 12:30, Kalejira eta pintxoak Goikoplazan. 
  • Bazkalostean, Goikoplazan jarri dute hitzordua buruhandiekin eta erraldoien, trikitilariekin, bertsolariekin..., handik denak Martin Ugalde parkera gerturatzeko. 16:00, Korrika 18ren hasiera ekitaldia.
  • 16:30 Korrika abiatuko da, Martin Ugalde parketik. Ondoren, txarangarekin berriz ere Goikoplazara igoko dira.
  • 19:00, Musika eta festa.

Martxoak 16, larunbata
  • Mus txapelketa. Herrialdeko finala, Andoaingo Irunberri elkartean. Adunako Justino Zubeldia eta David Izagirre bertan lehiatuko dira. Aduna eta Tolosaldeako kanporaketak irabazi ondoren, Gipuzkoako txapelketa irabazteko aukera izango dute bertan.  Izen-ematea 17:00etan izango da.



Asteasu
Martxoak 15, ostirala
  •  Korrika ttikia. Pello Errota ikastetxeko txikienek goizean egingo dute korrika saioa eskolan bertan eta gainerako ikasleek, Larraul eta Asteasu arteko bidea beteko dute. Seigarren mailakoek eramango dute lehendabiziko lekuko, Larraulgo plazatik behera. Hortik aurrera, maila ezberdinetako ikasleek hartuko dute korrika txikiko lekukoa, Asteasura iritsi arte. Herrigunea zeharkatu ondoren, plazan amaituko dute korrika saioa. Euskararen aldeko hitzak zabalduko dituzte bertan eta musika ere izango dute gozagarri. 15:00, Larraulgo plaza.



Larraul
Martxoak 15, ostirala
  • Korrika ttikia. Ikastetxeko haurrek Larraul eta Asteasu arteko Korrika txikian parte hartuko dute. 15:00, Larraulgo plaza.



Zizurkil
Martxoak 14, osteguna
  • Korrika ttikia. Zizurkil goiko bidegurutzetik abiatuko da aurtengo Korrika txikia. Herriko hiru ikastetxeetako haurrek hartuko dute parte, Alkizako herri eskolakoekin batera. Aurreko edizioetan, Zubimusu zubiraino egiten zuten Korrika txikia eta bertan, Amasa-Villabonako ikasleei ematen zieten lekukoa. Aurten ordea, Amasa-Villabonan ez dute Korrika Txikirik egingo, eta Aurrera plazan amaituko da zizurkildarren saioa. Elkarrekin merienda goxoa jan ondoren, Loatzo musika eskolako musikarien doinuak izango dituzte lagun Korrika nagusiaren zain egoteko. 15:30, Zizurkil goiko bidegurutzea.
  • Korrika. Andoain eta Aduna igaro ondoren, Zizurkilera sartuko da Korrika. 17:25 inguruan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!