Otsailaren 26an aurkeztu zuten herri baratzeen ekimena. Herritar askok azaldu zuen izena emateko interesa eta dagoeneko, zabalik dago horretarako aukera. Berrogeita hamabost metro karratuko baratzeak prestatu ditu Udalak Matxintxuloko agroaldean. Hala azaldu du Pili Legarra alkateak: “Garbi genuen, agintaldi hasieratik, herri baratzeak martxan jartzeko asmoa. Iaz eman genion forma orokorra ekimenari, baina konturatzerako, abuztua etorri zitzaigun gainera eta urte garai hori ez da egoekiena baratzeak martxan jartzeko. Aurten berriz ekin diogu baratzeen proiektuari, eta azkenik, herritarrei informazioa eman eta izen ematea zabaltzeko aukera izan dugu”.
Zerbitzu orokorrak
Guztira, hogeita zortzi baratze egingo dituzte. Leire Ugalde ingurumen teknikariak eman ditu azalpenak: “Kanpotik itxitura nagusi bat izango du baratzeen guneak eta hogeita zortzi baratzetan banatuta egongo da. Biltegi nagusi bat eta komunak ere izango dira. Konpostagailu handi bat jarriko da erabiltzaile guztiek erabili ahal dezaten. Udazkenean, esaterako, hondakin asko sortu ohi da baratzeetan eta hondakin horiei irteera emateko baliatuko dute”.
Baratzeak ureztatzeko ura, Udalak bideratuko du: “Aska bat jarriko dugu eta errekako ura aprobetxatuko da ura betetzeko. Baratzeetako erabiltzaileek, aska horretako ura erabili ahal izango dute ureztatzeko”.
Etxerako barazkiak
Auto hornikuntzarako pentsatutako baratzeak dira Asteasun jarriko direnak. “Ezingo da ekoiztutakoa saldu eta merkaturatu, eta baratzeen mantenimendua eta zaintza, erabiltzaileei dagokie. Horrez gain, garbi utzi nahi dugu ezingo dela inolako txabola edo berotegirik jarri, ezta animalirik hazi ere”, argitu du Leirek.
Etxerako barazkiak lortzeaz gain, denbora-pasa polita eskainiko dute herri baratzeek. “Egunez egongo dira irekita baratzeak. Udaletxeko langileek izango dute gunea ireki eta ixteko ardura eta astegun zein asteburuetan egongo dira zabalik. Denborarekin, baratzeetako erabiltzaileei emango zaie guneko giltza, baina hasiera batean, Udaletik bideratu nahi da gunearen kudeaketa”, azaldu du Pilik.
Ekologikoa
Ustiapen ekologikoa sustatu nahi dute herri baratzeetan: “Ongarri edota produktu fitosanitario kimikoen erabilera saihestu nahi dugu, erabilitako lurra kutsa ez dadin. Gainera, helburua etxerako barazkiak ekoiztea izanik, logikaren barnean sartzen da modu garbian lan egin nahi izatea. Horretarako, eta behar izanez gero, baratzegintza ekologikoaren inguruko ikastaro bat antolatuko dugu aurrerago. Zenbait izurriteri aurre egiteko moduak, ongarriak ondo erabiltzeko ideiak..., beharrezko azalpen guztiak emango ditugu”.
Izena ematea
Martxoaren 25era arte egongo da zabalik izena emateko aukera. Leire Ugaldek eman ditu xehetasun guztiak: “Ekimenean parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da asteasuarra izatea, eta jabetzan lursailik ez dutenek lehentasuna izango dute. Etxe bakoitzeko kide bakarrak izango du izena emateko aukera. Hogeita zortzi pertsonak baino gehiagok izena emango balu, zozketa bidez erabakiko da esleipena nori egingo zaion. Gainerakoekin, itxaron zerrenda osatuko da. Baratzea erabiltzearen truke, berrogeita hamar euroko fiantza jarri beharko da eta urteko kuota 50 eurokoa izango da”.
Baratze bakoitzaren ondoan, tresnak gordetzeko kutxa bat jarriko dute eta konpostagailu txiki bana jartzeko aukera ere zabalik dago. “Mankomunitateari eskaera egingo diogu eta baratze bakoitzean konpostagailu txiki bat jarriko da. Hondakin asko sortzen den garaietarako, lehen aipatutako konpostagailu orokorra erabili ahal izango da. Ezingo dira, inolaz ere, baratzeko hondakinak erre”, azpimarratu du Leirek.
Urtebeteko esleipena
Baratzeak erabiltzeko esleipenak urtebeteko iraupena izango du. “Nolanahi ere, urtez urte luzatzeko aukera izango da, bost urte igaro arte. Bost urte horiek pasatakoan, berriro ere esleipen orokor berria egingo dugu. Norbaitek baratzea egiteari utzi nahiko balio, itxaron zerrendara joko genuke”.