Auzokonposta herritarren eskura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 7a, 13:42

Amasa-Villabonako Udalak herritarrei auzokonposta egiteko aukera emango die. Horretarako, ordea, hainbat baldintza bete behar da. Rosa Arregi Ingurumen zinegotziak eman ditu azalpenak.

2013ko aurrekontuetan guztira 125.000 euro bideratuko dira Zero Zabor politikan sakontzeko. Politika horren barruan, auzokonpostaren aldeko apustua egin du Udalak: “Konpostatzeak hondakin organikoa ongarri bihurtzea suposatzen du, baina guztiok ez dugu aukera etxean autokonposta egiteko. Horregatik, bizilagunen artean eremu publikoak jarriko ditu Udalak. Era honetara, zabalduko diren gune horiek autokonpostatze bateratua egiteko aukera emango dute”, azaldu du Rosa Arregik.
Atez-ateko sistema eta auzokonposta udaberrian jartzea aurreikusten du Udalak. Auzokonpostari dagokionean, “Amasa-Villabonako Udalak beharrezkoak diren material guztiak erraztuko ditu eta modu egokian egiten den konpostaren jarraipena ere egingo du”, azaldu du Rosa Arregik.

Hiru gune
Auzokonposta egiteko hiru gune aurreikusi ditu Udalak eta dagoeneko prestaketa lanei ere ekin diete: “Lehenik eta behin Txermingo gunearekin hasiko gara. Konposta gunea Ikastolaren ondoko jardinean kokatu dugu eta bertan Txermingo, Altzingo, Erniobeako, Kale Berriko eta Kale Nagusiko bizilagunek egingo dute konposta. Azken bi hauen muga Kutxa sukurtsala izango da; Kutxatik aurrera bizi direnek Kiroldegiko gunea izango baitute”, azaldu du Rosak. Txermingoaren atzetik, Etxe-Ondoko gunea jarriko dute martxan eta bertan Arroa, Etxe-Ondo eta Larrea auzoko bizilagunek egingo dute konposta. Hirugarrenik, Olaederra kiroldegiko gunea izango da, zeina jolas parke zaharraren ondoan kokatuko den. Azken honetan Oriamendiko, Larreako, Errotako, Pilotariko, Aldudeko, Kale Berriko (Kutxatik gora) eta Kale Nagusiko (Kutxatik gora) bizilagunek egingo dute konposta.

Izen-ematea
Dagoeneko 100 familiak baino gehiagok eman dute izena auzokonpostan parte hartu ahal izateko. Herritar hauek konposta modu egokian egiteko, ikastaro bat jasoko dute. Izena emateko epea iraungi den arren, herritarren bat interesatua balego Udal bulegoetara hurbildu edota 943692100 telefonora deitu besterik ez du: “Herritar gehiago animatuz gero, Udalak beste gune batzuk prestatu beharko ditu. Oraingoz, ezer zehazteko daukagun arren, herritarren beharretara moldatuko gara”.

Atez-ate
Auzokonposta egingo duten bizilagunek, sistema hau atez-atekoarekin uztartu beharko dute: “Auzokonposta egiteaz gain, gainerako materiala, hots, papera, ontzi arinak, beira eta errefusa atez-ateko sistemarekin bideratu beharko dute. Hori bai, material guztia Udalak jarriko du eskura”, azaldu du Rosak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!