Hainbat mozio onartu ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 7a, 13:41

Otsailaren 20an, Amasa-Villabonako Udalean egindako Osoko Bilkuran hainbat mozio eta adierazpen instituzional onartu ziren, horien artean, Bilduk Frankismoaren biktimen aldeko aitortzaren inguruan prestatu zuen adierazpen instituzionala.

Aitortza publikoa Frankismoaren biktimen alde
Modu honetara, 1936az geroztik, desagertu, atxilotu, torturatu eta hobi komunetan lurperatu zituztenei aitortza publikoa egiteko konpromisoa azaldu zuten Udaleko ordezkari guztiek. “Haien senide eta hurbilekoak jasan zituzten sufrimendu, irain eta kalteak onartu eta Udal honek bere esku dagoen dena egiteko konpromisoa hartzen du”, adierazi zuen Galder Azkue alkateak. Horren harira, martxoaren 3an Beran (Nafarroa) 1936an fusilatutakoei omenaldi hunkigarri bat eskaini zieten; musika, dantza, irakurketak eta bertsoak izan ziren nagusi.

Gurea Ikurriña
Espainiar Gobernuak, eskualdeko beste hainbat Udal bezalaxe, Amasa-Villabonako Udala ere espainiar bandera Udaletxeko fatxada nagusian jartzera behartu du. Horren harira, Bai Euskal Herriari herri ekimenak Gurea Ikurriña! mozioa aurkeztu zuen eta Udalak onartu egin zuen.  Bilduk eta Alderdi Jeltzaleak aldeko boza eman zuten. Sozialisten bozeramaile den Maria Luisa Arija, aldiz, abstenitu egin zen. “Euskal nortasuna eta gure nazioaren izatea ukatu nahi dutenen aurrean zutitzeko deia luzatzen diogu euskal jendarteari. Inposaketen aurrean herri gisa erantzutea ezinbestekoa da”, adierazi zuen Galder Azkue Amasa-Villabonako alkateak. Zentzu horretan, Gobernu Taldearen izenean, antolatzen diren egitasmo guztietan parte hartzeko deia zabaldu zuen. Era berean, herriko jaietan nahiz Aberri egunaren testuinguruan, Ikurriña eta Euskal Ikurrak etxeetako balkoietan zintzilikatzeko deia egin zien herritarrei. Horrez gain, martxoaren 9an, eguerdiko 12:00etan Inposaketarik ez geurea ikurriña! lemapean, Tolosan egingo den manifestazioarekin bat egiteko eskatu zien herritarrei.

Parot doktrina
Aurrez aipatutakoaz gain, Udal Taldeak Parot Doktrina deituriko mozioa aurkeztu zuen pleno ekitaldian eta hau ere aho batez onartu zen. Idatziak besteak beste hauxe dio: “2012ko uztailean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalak, aho batez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 197/2006 doktrina (Parot doktrina gisa ezagutu dena), ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa dela ebatzi ondoren, berau bertan behera uzteko eskatzen du Udal honek. Ondorioz, eta nazioarteko giza eskubideen legeria aplikatuz, 197/2006 doktrina aplikatu zaien euskal preso guztiak berehalakoan aske uzteko eskatzen dugu”.

Peroteko langileei elkartasun adierazpena
Zizurkilgo Huyck Wangner, Peroteko langileek enpresaren egoera lazgarriari buruzko mozioa aurkeztu zioten Udal Gobernuari, hots, 81 langiletatik 75 kaleratuak izatearen asmoa. Osoko bilkuran, alderdi guztiek enpresako langileei euren elkartasuna erakutsi nahi izan zieten mozioaren aldeko boza emanez.

Mendebaldeko Saharako lurraldearen defentsan
Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zeneko 37. urteurrenean, Tolosaldea Sahararekin elkarteak  Amasa-Villabonako Udalbatzari aurkeztutako mozioa eztabaidatu, bozkatu eta aho batez onartu zen. Udalak, beraz, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan etengabe gertatzen diren manifestazio eskubidearen zanpaketa, atxiloketak, torturak, bortxaketak, desagerketak, deportazioak eta orokorrean giza eskubideeen aurkako erasoen “zalantzarik gabeko salaketa eta gaitzespen bortitzena” adierazi zuen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!