Andoaingo Bildu eta PSE-EEren adierazpen instituzionala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 7a, 13:10

Martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira adierazpen instituzionala kaleratu dute Andoaingo Bilduk eta PSE-EEk.

"Euskal Herriko emakumeak egiturazko krisi batean murgilduta bizi dira, eta egoera horren aurrean, Andoaingo Udal honetatik gogora ekarri nahi dugu martxoaren 8ko oroitzapenak esparru jakin batean kokatu behar direla, hain zuzen 1908an ere emakume talde batek guztientzako eskubideen alde sustatutako aldarrikapenaren esparruan.

Emakume haiek 1908an aldarrikatutako erreibindikazioek indarrean jarraitzen dute 2013an, are indar handiagoarekin gainera, eta horregatik lanean jarraitu behar dugu sistema hau aldatzeko. 

Arlo politiko eta publikoari dagokionez, berdintasunaren zeruertzak urrun jarraituko du, politikan, orokorrean, eta tokiko politikan, bereziki, gizonak nagusitzen diren bitartean. Emakumeei hautagai kopuruak gora egin duen arren, Euskadiko alkateen %22 emakumezkoak dira eta %78 gizonezkoak; horrek argi erakusten du esparru horretan kristalezko sabaia dagoela. Antzekoa gertatzen da Euskadiko zinegotziekin: ez soilik emakumezko zinegotzien kopuruak ez duelako %40,6 gainditzen, baizik eta, horrez gain, garrantzi sinboliko txikiagoko eta aurrekontu murritzagoko sailak hartzen dituztelako euren gain.

Egoera horren aurrean, premiazkoa da emakumezkoan presentzia eta eragina areagotzea udal politikako esparru guztietan. Alderdi politikoen nahiz sindikatu, elkartea eta eragina duten bestelako sare edo espazioen bitartez. Beharrezkoa da tokiko politikan nagusi den eredua, gizonezkoen boterean eta lidergoan oinarritua, aztertu eta eztabaidatzea. Eredu politiko hori mantentzeak, gure gizartean herritarren erantzukizunen banaketa desorekatuarekin batera, oztopo handiak jartzen dizkie politikan sartu eta bertan aurrera egin nahi duten emakumezkoei eta, oro har, esparru publikoan parte hartu nahi duten emakumezkoei.

Urtero-urtero, martxoaren 8an emakumeok asmo feministak eguneratzen ditugu, mundu berri bat sortzeko bidean. Mundu berri horretan, emakumeok gure bizitzaren eta gure gorputzaren jabe izango gara, bizimodu duina izango dugu, gure orain ekonomiko eta soziala eraikiko dugu, eta edonon gaudela ere, subjektu politikoak eta etorkizun politikoaren zuzeneko eragileak izango gara. Gure ustez, xede horiek guztiak lortzeko, funtsezkoa eta estrategikoa da erakundeek berdintasunerako politika publikoak lortzeko baliabideak jartzea, eta, ildo horretan, argi eta garbi adierazi nahi dugu toki-erakundeen eskutik xede horretarako programak eta baliabideak kentzeko asmoarekin etor litekeen erreforma oro baztertu egin behar direla.

Gainera, Udal honek honako lehentasun hauek ere baditu:

- Emakumezkoek herritartasun eskubidea osorik baliatzeko gainditu behar dituzten oztopo errealak aztertzea, etorkizunean berrikusteko.

- Emakumezkoentzako sareak eta espazio berriak sortzea, tokiko bizitzan duten parte-hartzea eta eragin-gaitasuna indartzeko estrategiak praktikan jartzeko.

- Lan bateratua egitea elkarteekin, emakumezkoek tokiko bizitza politikoan parte hartzea bultzatzeko eta elkarteen barruan emakumeen presentzia indartu dezaten, eta burutuko dituzten ekintzetan emakumeen parte-hartzea bultza dezaten.

- Berdintasunerako politika publikoak garatzea:

+ Emakumeentzako autodefentsa talde bat sortzen lagundu, eta egingo duen lana babestu baliabideak eskainiz.

+ Berdintasun erreala lortzeko Berdintasun Plan bat egin.

Dei egiten diegu Andoaingo gizon eta emakume guztiei aldarri honekin bat egin dezaten, eta hitzetatik ekintzetara pasatzerakoan bidelagun izan ditzagun.

Amaitzeko, andoaindar guztiak gonbidatu nahi ditugu martxoaren 8aren harira antolatu diren ekitaldietan parte hartu dezaten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!