XX. Txapela Eguna ospatuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 7a, 09:44

Martxoaren 9an, larunbatarekin, ospatuko dute Zizurkilen XX. Txapela Eguna. Parranda batean sortutako ideia honek, herrian bere sustraiak ondo boteak ditu dagoeneko. Aurtengo txapelduna egun berezi honi hasiera eman zion lan-taldea izango da. Xabier Oiartzabal eta Inaxio Fernandez taldeko kideek hartu dute hitza.

Parranda giroa sortu asmoz hasi ziren Txapela Eguna antolatzen. Joxelu Geresta “Ttotto” zenak, Xabier Oiartzabal, Inaxio Fernandez eta Joxin Azkueri festa Egun hau antolatzeko proposamena egin zien: “Nafarroako herriren batean egiten zela eta, Zizurkilen ere egin behar genuela esan zigun. Horrez gain, txapela janztearen ohitura galtzen ari zela ikusten genuen eta hori ere bultzatu asmoz antolatu genuen 1994ko martxoaren 12 hartan, lehen Txapela Eguna”, azaldu dute. Horrela, goizean ahari-jokoak eta idi-demak izan ziren ikusgai. Ondoren, Iriarten mus-txapelketa jokatu zen eta gero, poteoa egin zuten. Aurretik, ordea, erronda nork ordaindu jakiteko, errenkadan jarri eta txapela botatzen zuten. Metro gutxien egiten zuten bi txapelen jabeek ordaintzen zuten erronda. Poteoaren atzetik afaria etorri zen. 1300 pezetaren truke baratzuri zopa eta oilo zaharra saltsan. “Lehen urtean baserriz-baserri ibili ginen oiloak biltzen. Ordea, jaterako orduan konturatu ginen batzuk gazteagoak zirela besteak baino. Hurrengo urteetan neronek hazitakoak jan genituen eta orain granjatik ekartzen dituzte”, azaldu du Xabierrek.

Lehen urtean, txapelak erostera
Txapela Egunean baldintza bakarra txapela jantzita ibiltzea izan ohi da. Lehen urtean, baina, inork falta izanda ere, Tolosako Boinas Elosegitik erostea erabaki zuten: “Txapela Eguna antolatzearen asmoa azaldu genienean asko gustatu zitzaien. Lantegi osoa erakutsi ziguten eta txapelen inguruko azalpenak ere eman zizkiguten. Txapela janzteko erak gure nortasuna islatzen duela ere adierazi ziguten. Horrela bada, hiru tamaina desberdinetako txapelak erosi eta tabernan jarri genituen saltzen; denak saldu ziren”.  

Belaunaldi guztiak bat eginda
Egun honek berezitasunik baldin badu adina izango da aipagarrienetako bat. Txapela Egunaren baitan belaunaldi desberdinetako jendea biltzen da mahai inguruan. “Lehen Txapela Egunean, txapela Nekolako Prasku Alkortari eman genion hartan, afaltzen 70 bat lagun izango ginen. Gazteenak bederatzi urte zituen eta zaharrenak, berriz, 89”. Oraindik ohitura hori mantentzen den arren, zertxobait aldatu dela azaldu dute: “Lehenengo urteetan jende helduagoa etortzen zen. Orain zaharrenetakoak gu izaten gara”.

Ohorezko txapela
Aurtengo omenduak izateagatik oso pozik daude taldekideak. Inaxioren iritziz, “lan-taldeari ez ezik, Txapela Egunari berari emango zaio txapela”. Urteek aurrera egin ahala, gauza batzuk aldatu diren arren, gazteek aurrera jarraitzeko ilusioa dutela ikusten dute protagonistek: “Egun polita izaten da eta gazteek aurrera jarraitu beharko lukete festarekin. Ea norbaitek hartzen duen testigua”, azaldu dute irribarre artean.

Andramaritako suziria
Azken urteetan, Txapela Eguneko omenduak izaten du Andramaritako suziria botatzeko ardura: “Ahal izanez gero hirurok botako dugu. Inaxio eta Joxinek hamar urtez festa guztiak grabatu dituzte eta polita litzateke irudi horiek gogora ekartzea. Horrez gain, Txapela Egunari erreferentzia txikiren bat egitea ere espero dugu”, aipatu du Xabierrek.

Egitaraua
  • 16:00: Txapeldunen mus lehiaketa zentroan.
  • 19:00: Trikipoteoa.
  • Ondoren, txapel jaurtiketa txapelketa.
  • 21:00 Txapeldunen afaria zentroan: Arrai zopa, oiloa saltsan, mamia, kafea eta kopa. 19 €.
  • Afal ondoan XX. Txapela Eguneko txapela jarriko zaie lehen edizioaren antolatzaileei. Iazko edizioko txapeldun Miguel Mari Zurutuza "Potxolok" jarriko die.

Orain arteko txapeldunak
1994    Nekolako Prasku Alkorta.
1995    Elizaldeko Inixio Aranburu.
1996    Garetzako Anttonio Kortajarena.
1997    Pantxikaneko Pilar Mendizabal.
1998    Pello Mari Otaño.
1999    Iruñako Jokin Geresta.
2000    Iruñako Joxelu Geresta, “Ttotto”.
2001    Mugirozarreko Anttonio Otamendi.
2002    Donemiliagako Dionisio Bengoetxea.
2003    Nekolako Inaxi Aranburu.
2004    Saizarko Pedro Mari Eizagirre.
2005    Patxi Lartin.
2006    Pantxikaneko Joxe Mari Mendizabal.
2007    Zentroa.
2008    Andrezketako Maria Dolores Eizmendi.
2009    Larrondobunoko Joxe Mari Tolosa.
2010    Bernarda Usabiaga.
2011    Iruñako Lesmes Mujika.
2012    Migel Mari Zurutuza, “Potxolo”.
2013    Txapela-egunari hasiera eman zion lan-taldea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!