Joxe Migel Irazu korrikalari aparta izandakoa da. Hamazazpi urterekin murgildu zen lasterketaren munduan eta 37ra bitartean ibili zen buru-belarri, Euskal Herrian zein kanpoan korrika: “Hamazazpi urte nituela inguruko krosetan parte hartzen hasi nintzen. Egunkarian, Oñatin Gipuzkoako txapelketa zegoela ikusi, parte hartu eta irabazi egin nuen. Asko gustatzen zitzaidan kirola zen”, azaldu du Joxe Migelek.
Behobia-Donostia
Hogeita hamasei urte zituela, Behobia-Donostia froga arrakastatsua irabazi zuen, “1979ko azaroaren 11n izan zen. 1:03:55eko denboran egin nuen. Lasterketa gogorra da, igoera eta jaitsiera asko baititu, baina oso polita da, baita ikusteko ere. Dagoeneko, ordea, ez naiz ikustera joan ere egiten; sufritu egiten dut. Zahartzaroan berdin jarraitu nahi izaten da eta hori ezinezkoa da”. Behobia-Donostiako marka egin ondoren, bi urtez jarraian, Donostiako Maratoiean hartu zuen parte: “Bietan laugarren postuan geratu nintzen, baina Euskadi mailan lehena izan nintzen”. Profesional mailan Espainiako bi txapelketa ere irabazi ditu Joxe Migelek, 1968an eta 1974an hain zuzen. Hala ere, korrikalari ibilbidean lehiakide gogorrak izan dituela aitortu du: “Gure garaian, Gipuzkoan, Aguilar izaten zen lehena, bigarren Maiz eta ondoren ni. Hortxe ibiltzen ginen hirurok”.
Aia-Getaria-Aia
Apustu bat tarteko, Aia-Getariako joan etorria 1:46:06 denboran egin zuen Joxe Migelek: “Ez naiz gogoratzen lehiakidearen abizenaz, izena Agustin zuen. Bost minutuko aldea eman nion nik eta azkenean, zazpi atera nizkion. Izugarria izan zen ikustera gerturatutako jende andana”.
Plaierekin
Amateur maila utzi eta gero zuntz haustura bat izan bazuen ere, lehiaketa garaian sekula lesiorik ez zuela izan aitortu du Joxe Migelek. Ordutik hona garaiak asko aldatu direla ukaezina da. Guztiak bilakaera bat izan du, baita korrikalarien janzkerak ere: “Orduan ez zegoen zapatilarik, plaierekin ateratzen ginen. Gero bai, diru pixka bat irabazi nuenean, zapatilarik onenak erosi nituen Elizondon. Hori bai, oinetakoa beti lasa gustatu izan zait, behar baino pixka bat handixeagoa”.
Sakrifizio handiko kirola
“Oso gogorra da. Egunero, kazkabarra ari badu ere, entrenatu egin behar izaten da, 30 kilometro inguru, eta horrek, noski, denbora eta sakrifizioa eskatzen ditu”. Korrikalari ibilbidearen gehiengoa bere kabuz egin badu ere, maila horretan ibiltzeko medikuen beharra azaldu du: “Ondo prestatzeko mediku baten azterketa eta egoera fisikoaren jarraipena beharrezkoak dira. Azken urteetan hasi nintzen ni mediku eta entrenatzaile fisikoekin. Gaur egun, kirolaren munduan doping-a modan dago. Gure garaian, zer zen ere ez genekien”.
Omenaldiarekin pozik
Esan bezala, Larraul-Ernio-Larraul mendi lasterketaren baitan Joxe Migel Irazu izango da aurtengo omendua. Berria jakin zuenean, gustura hartu zuela adierazi du: “Aita larrauldarra nuen, beraz, nik ere badut zertxobait larrauldarretik. Horrelako berriak, gainera, pozik hartzen dira”. Oraindik sasoi betean dago Joxe Migel. Dagoeneko korrika ibiltzen ez den arren, ia egunero, oinez ibiltzera irteten da.
III. Larraul-Ernio-Larraul
Cdutseta klubak herritarren laguntzarekin antolatzen duen Larraul-Ernio-Larraul mendi lasterketa martxoaren 17an ospatuko da. Parte hartzaileek 15 kilometro eta erdiko ibilbidea egin beharko dute, 840 metroko desnibelean. Aurtengoa, hirugarren edizioa izango da eta antolatzaileek, urteroko moduan, 150 lagun inguruko parte-hartzea espero dute. Parte hartu ahal izateko, ordea, izen-ematearekin batera 10? ordaindu beharko dira. Horretarako argibideak www.cdutseta.es atarian daude zintzilikatuak.
Lasterketa goizeko 10:30ean hasiko da, baina aurrez, 10:15ak inguruan, Joxe Migel Irazu, Asteasuko korrikalari ohia omenduko dute.