Azken unean garaipenak ihes egin izen eskubaloiko Urnietako senior neskei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko mar. 4a, 11:35

Hamazazpinako berdinketarekin amaitu zen Muskizen aurka jokatutako partida

Bigarren zatian markagailuan aurretik joan ondoren, azken unean garaipenak ihes egin zion Urnieta London School eskubaloi taldeari, eta 17nako berdinketarekin amaitu zen larunbatean Muskizen aurka jokatutako partida.Urnietako taldeak erasoan galdu zituen baloiak oztopo izan ziren gol gehiago sartzeko. Hala ere, defentsako  lanetan fin ibili ziren eta Muskizgo neskek zailtasun asko izan zituzten urnietarren defentsa gainditzeko.

Bestetik, senior mutilen Urnieta Balerdi Harategia taldea ez zen liderraren etxetik ezer onik ateratzeko gai izan. Erasoan makal eta defentsa ahul. Bigarren zatiaren hasieran hiru gol azpitik ziren urnietarrak, baina hortik aurrera kantxan talde bakarra aritu zen jokoan. Partida 34-21eko emaitzarekin bukatu zen, eta beste jardunaldi bat itxaron beharko dute, beraz, igoera postuetara gerturatzeko aukera izateko.

Jubenil nesken mailako Urnieta HK10 hotelak garaipen baliotsua lortu zuen Ordizian (15-19). Gipuzkoako Trofeoa ligaxkako azken postuetatik irten, konfiantza hartu eta hurrengo partidei indar betez aurre egiteko balio izan die garaipenak. Urnietako Bosteko Jatetxea kadete neskek atzeratutako partida jokatu zuten Aloña Mendiren aurka. Nahiz eta partida eskura izan, Urnietako nesken azken uneko urduritasuna aprobetxatu eta berdintzea lortu zuen Aloña Mendik (24-24).

Infantil kategoriako hiru taldeek emaitza ezberdinak lortu zituzten. Gipuzkoako Txapelketa jokatzen duen Urnieta Guria Kafetegia taldeko mutilek ezin izan zuten Amenabar talde indartsua menpean hartu, eta bi puntuak kanpokoentzat izan ziren (16-31). Urnieta Bosteko Jatetxea taldeko neskek zorte gehiago izan zuten, eta defentsan oinarrituta, Pulpo taldea garaitu eta Gipuzkoako Txapelketako lehen bi puntuak lortu zituzten (17-12). Azkenik, Foru Aldundiko txapelketa jokatzen duten Urnieta Guria Kafetegia taldeko neskek aukerarik ez zuten izan Egia Bera Bera liderraren aurka, eta 10-18 galdu zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!