Urtero bezala, Urnietako Udalak herriko hainbat talderekin elkarlan hitzarmenak sinatu ditu. Joan den ostiralean Denda Berri Jubilatu eta Pentsionisten elkarteko eta Odol Emaileen taldeko ordezkariekin bildu zen lankidetza hitzarmenak berritzeko.
Denda Berriren izenean Lupe Martirena elkarteko lehendakaria gerturatu zen sinadura ekitaldira, eta Odol Emaileen ordezkari gisa, berriz, Izaskun Miner. Udalaren izenean, Mikel Pagola Urnietako alkateak eta Miren Martiarena Gizarte gaietarako zinegotziak hartu zuten parte ekitaldian.
Miren Martiarenak herrian egiten duten lana eskertu nahi izan zien bi elkarteei, eta Mikel Pagola alkateak ere ildo berean hitz egin zuen, “hitzarmen honen bidez Urnietako herriak eta baita Udalak ere onurak jasotzen baititu”. Udalaren xedea Urnietako eragileekin elkarlana bultzatzea dela gaineratu zuten, “guztien artea herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzen aldera”.