Urnieta Balerdi Harategia taldeak partida garrantzitsua du bihar

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 28a, 16:02

Gipuzkoako Lurraldeko lehen mailara igotzeko lehian sartzeko aukera dute bihar Elgoibarri irabaziz gero

Urnieta Balerdi Harategia taldeak Gipuzkoako Lurraldeko lehen mailara igotzeko lehian sartu nahi du, eta horretarako aukera polita izango dute bihar, ostiralez, 20:15ean jokatuko duten partidan. Ez dute lan samurra izango urnietarrek, sailkapeneko liderraren etxean jokatuko baitute, Elgoibarren hain zuzen. Igoera postuetatik puntu bakarrera daude Urnietako mutilak, eta elgoibartarrei irabazi gero gertuago ikusiko lukete hiru postu horietan geratzeko aukera. 

Bestetik, Urnieta London School senior mailako nesken taldeak larunbatean Urnietako polikiroldegian jokatuko du jardunaldi honetako partida. Muskizgo taldea izango du aurrean 18:30ean hasiko den neurketan. Ligako bigarren faseari ekin berri diote -oraingoz partida bakarra jokatu dute-, eta lehenengo garaipena lortzen saiatuko dira larunbatean. Etxekoen babesa izango dute horretarako.

Azpiko kategoriei dagokienean, infantil nesken bi taldeek larunbat goizean jokatuko dute Urnietan. Urnieta Bosteko Jatetxeak Pulpo Zumaiako taldearen aurka jokatuko du 10:45ean. Partida hori amaitu ostean Urnieta Guria Kafetegia taldearen txanda izango da: Egia Bera Bera taldearen aurkako norgehiagoka jokatuko dute 12:00etan. Hauen aurretik 9:30ean infantil mutilen mailako Urnieta Guria Kafetegia taldearen txanda izango da Amenabar taldearen aurka. Kadete mutilei zein neskei atsedena dagokie asteburu honetan, eta ez dute partidarik jokatuko. Azkenik, jubenil nesken Urnieta HK10 hotelak Ordizian du hitzordua igandean 12:30ean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!