Eskualdeko alkateek errauskailuaren aurkako adierazpena aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 28a, 15:29

Zubietako errebote plazan bildu dira gaur goizean, errauskailurik ez dutela nahi argi eta ozen esateko

Hauxe errauste plantaren inguruan aurkeztu duten adierazpena, osorik:

ZUBIETA INGURUKO ALKATEEN ADIERAZPENA ERRAUSKAILUAREN INGURUAN

Duela sei urte, 2007an, Gipuzkoako errauskailua Zubietan egitea onartu zuten herrialdeko erakundeek. Inguruko herriei ez ziguten ezer galdetu, ez zuten inongo erreferendumik egin: geure etxe ondoan errauskailua jartzea erabaki zuten, eta errauste planta eraikitzeko prozesu luzearen lehen urratsak ematen hasi ziren.

Hemen gauden alkateok, gure herritarrekiko dugun gure ardurari eutsiz, eta guregana etortzen diren herritarren arduragatik, errausketa plantari buruzko eztabaida publikoan parte hartzera behartuta sentitzen gara.

Hondakinak erretzea pertsonen osasunerako oso arriskutsua da. Errausketa plantek inguruan bizi diren bizilagunen osasuna arriskuan jartzen dute. Hori frogatu duten azken urteotan publiko egin diren ikerketa desberdinek. Errausketa plantek sortzen dituzten keak eta hondakinak toxikoak dira, inguruko herriei erasaten diete eta, horren ondorioz, patologia desberdinen kopurua areagotzen da. Eta frogatuta dago ere minbiziagatiko heriotza tasa handiagoa dela erraustegi planten inguruan dauden herrietan.

Azken hilabeteotan errauskailua egiteko lanak geldirik egon dira. Baina inguruko herritarrentzat mehatxua hor dago oraindik ere: ez dugu mamua uxatzerik lortu, bertatik bertara dugu, etxe alboan. Horregatik, proiektu hau behin betiko amaitzeko garaia dela uste dugu. Are gehiago, errauskailuen eraginaren inguruan egindako azken ikerketaren ondorioei erreparatzen badiegu: Madrilgo Carlos III Institutuko ikerlariek berriki adierazi dutenez, errausketak nabarmen handitzen du minbizia izateko aukera inguruko herritarren artean. Ez da guk esana, ikerlariek esana baizik. Gure herritarrek ez dute halakorik merezi. Inork ez du halakorik merezi.

Gure mezua, beraz, garbia da: errauskailurik ez. Ez Zubietan, ez Zarautzen, ez Tolosan, ez Azpeitian, ez Legazpin, ez Bergaran, ez Beasainen, ez Donostian. Ez dugu errauskailurik nahi; inon ez. Errauskailua ez da inola ere hondakinen arazoaren konponbidea. Are okerragoa: ezer ere ez konpontzeaz gain, mehatxua da pertsonen osasunerako eta ingurumenerako. Gipuzkoako jendarte osoari dei zuzena egin nahi diogu, beraz: arduraz joka dezagun denok, kontuan har dezagun ikerlarien iritzia eta utz dezagun alde batera, behingoz eta behin betirako, errausketaren aukera. Dei hori, bereziki, gipuzkoarren ordezkari politikoei eta herrialdeko erakundeei egin nahi diegu: berma ezazue herritarron osasunerako eskubidea eta bukatutzat eman ezazue, lehenbailehen, errauste planta egiteko proiektua, inork ez duelako etxe ondoan halakorik izan nahi eta alternatibak egon badaudelako. Errauskailurik ez: ez Zubietan, ez beste inon.

ZUBIETA INGURUKO ALKATEAK:

Alazne Olaizola (Zubieta).

Mertxe Aizpurua (Usurbil)

Juan Karlos Izagirre (Donostia).

Pablo Barrio (Lasarte-Oria).

Ana Carrere (Andoain).

Andoni Gartzia (Astigarraga).

Luis Intxauspe (Hernani).


 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!