Buruntzaldeko Enplegu Plana aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 28a, 15:02

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek jarriko dute abian, martxotik aurrera

Buruntzaldeko Enplegu Plana aurkeztu zen joan den asteazkenean Andoaingo udaletxean. Bertan izan ziren plan hau abian jarri duten sei herrietako alkateak: Ana Carrere (Andoain), Andoni Gartzia (Astigarraga), Luis Intxauspe (Hernani), Pablo Barrio (Lasarte-Oria), Mikel Pagola (Urnieta) eta Mertxe Aizpurua (Usurbil).
Ana Carrerek azaldu bezala, “2012aren hasieran ikusi genuen eskualdeko herri bakoitza bere aldetik genbiltzala enplegu gaiei zegokienean, ez zegoela gure artean inolako koordinaziorik. Horren aurrean, iazko maiatzean eskualdeko lankidetza protokoloa sinatu genuen, eta hortik hasita, Enplegu Plana diseinatu da sei herrientzat”.
Prozesu horren baitan, alde batetik, diagnostiko sozioekonomiko kuantitatibo bat egin da, eta bestetik, mahai sektorial bakoitzeko eragileen proposamenak jaso dira.

 

Hiru ildo nagusi
Martxotik aurrera abian jarriko den Enplegu Planak 484.772 euroko aurrekontua du; kopuru horretatik 334.000 euro Lanbidek hartzen ditu bere gain. Sei proiektu biltzen ditu planak, hiru ildo nagusitan banatuta.
Enplegu eta formakuntzaren atalean, bi proiektu aurreikusten dira: Leitzarango Turismo Aktiboko Zentroa, batetik, eta Hiri eta industri hondakinen kudeaketa, bestetik. Bigarren lan ildoa autoenpleguarena da: bederatzi enpresa berri sortzeko aholkularitza eskainiko da; hain zuzen ere, zerbitzu hau martxan dago dagoeneko, eta Andoaingo Urigain kultur etxean egin liteke eskaera. Azkenik, kontratazioa sustatzea helburu duen ildoa legoke; besteak beste, langabetuak kontratatzeagatik diru-laguntzak emango zaizkie enpresei.
Zerbitzu guztiak eskualde osoko herritarrentzat izango dira, eta proiektu horietatik sortuko diren lanpostuak eskualde mailan banatuko dira.

 

Jarraipena behar du
Aipatu bezala, Buruntzaldean ez zegoen arlo honetan inolako aurrekaririk; hain zuzen ere, Buruntzaldea da Euskal Autonomi Erkidegoan enpleguaren arloan eskualde mailako inolako egiturarik ez duen eskualde bakarra. “Hutsetik hasita egin den proiektu bat izan da, eta zentzu horretan, udal teknikariei bereziki lan handia eskatu die”, azaldu zuen Andoaingo alkateak. Gaineratu zuenez, Lanbidetik oso epe zorrotzak jarri zizkieten, eta zentzu horretan ere ahalegin berezia egin behar izan zen. Baina emandako erantzuna oso ona izan da. Oso modu positiboan baloratzen dugu sei herrietako teknikarien zein udal ordezkarien artean sorturiko elkarlana”, azpimarratu zuen Ana Carrerek, “eta plan hau epe motzerako izan arren, amaitu ondoren ere lanean jarraitu behar dugu, langabeziari aurre egin beharra baitago ezinbestean. Beraz, zentzu horretan hausnarketa egin beharko da hemendik aurrera eman beharreko pausoak zein diren zehazteko. Edozein kasutan, orain abian jartzera goazen plan hau etorkizunean emango diren urrats horientzat oinarri izango da, dudarik gabe”.

 

PROIEKTUAK

ENPLEGUA ETA FORMAKUNTZA:
    - Leitzarango Turismo Aktiboko Zentroa: 6 lan kontratu / 116.876,63 euro.
    - Hiri eta industri hondakinen kudeaketa: 6 lan kontratu / 103.353,89 euro.

AUTOENPLEGUA:
    - 9 enpresa berri sortzeko aholkularitza: 14 lanpostu / 56.490,00 euro.

KONTRATAZIORAKO LAGUNTZAK: HERRITARRENTZAKO
ZERBITZUAK:
    - Enpresak: kontratazioengatiko laguntza zuzenetarako deialdia: 51 lan kontratu / 03.599,48 euro.
    - Enpresen azterketa zerbitzua: 2 lan kontratu / 8.521,49 euro.
    - Usurbilgo Udala: mendi bideen errekuperazioa: 2 lan kontratu / 1.246,37 euro.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!