Hauxe dio adierazpenak:
Urnietako Udalak nazioarteko legalitatearen alde argi eta garbi azalduz, eta, ondorioz, exijitzen du saharar herriaren autodeterminazio-prozesua bukatzea erreferendum bat deituz, eta erreferendum horretan sartzea independentziaren aukera ere. Horrez gain, laguntza humanitarioa sustatu eta sustatuko du. Eta azkenik, salatu egiten du Mendebaldeko Saharan gertatzen zen eta oraindik ere gertatzen den giza eskubideen zapalketa.
Gaur egun, saharar herriaren bizi-baldintzek ez dute hobera egin, eta larriagotu ere egin dira laguntza humanitarioa ematen duten eta iheslariekin lankidetzan ari diren herrialdeek eta Europak bizi duten krisi ekonomikoko egoeraren ondorioz. Marokoko erregimenaren polizia-jazarpenak eta giza eskubideen urraketek oraindik ere badiraute Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan.
Horregatik guztiagatik, Urnietako Udalak, Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararra, otsailaren 27an aldarrikatu zela 37. urtea betetzen direnean, ondorengoa adierazi nahi du:
Berretsi egiten ditu Saharako herriaren askatasunaren eta giza eskubideen babesaren alde onetsi diren adierazpen instituzionalak eta gainerako erabakiak, eta Marokoko Erresumak okupatutako lurraldean bizi den saharar populazioaren eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzen ditu.
Marokoko agintariei eskatzen die eten dezatela giza eskubideen aldeko ekintzaileen kontrako jazarpena Saharako Mendebaldean, eta aska ditzatela Marokon eta Mendebaldeko Saharan kartzelatutako preso politikoak.
Berretsi egiten du saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea Nazio Batuen Erakundeak adostutako eran.
Espainiako Gobernuari eskatzen dio bete dezala dagokion papera eta babestu dezala, bere jardunean eta Europar Batasunean, gatazka konpontzeko prozesua Nazio Batuen ebazpenen arabera.
Herritarrak eta erakundeak animatu egiten ditu politikaren esparrutik eta esparru humanitariotik saharar herriari babesa ematera eta harekin lankidetzan aritzera, eta orobat salatzera, nazioarteko krisi ekonomikoko egoerak larriagotu duen saharar herriaren babesgabetasun- eta ahanztura-egoera.
Aintzatetsi egiten du Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren gobernu legitimoa eta babestu egiten dituela Fronte Polisarioko kideak, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoak dituen ordezkariak; eta, saharar herria babesten duten elkarteekin batera, kausa haren aliatu leialaren paperari eusteko konpromisoa hartzen du.
Gaitzesten du “24en taldea” deitua epaitu behar zuen tribunal militarrak emandako epai injustua.