Gaur hasiko da Andoaingo Piano jaialdia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 22a, 11:02

6 eta 18 urte bitarteko 895 piano-jotzaile gazte elkartuko dira jaialdiaren 8. edizioan

Gaur hasi eta igandera bitarte piano doinuak izango dira nagusi Bastero Kulturgunean, Andoaingo Piano Jaialdiaren 8. edizioa ospatuko baita. Andoaingo Udalak eta Seiasle piano jaialdiak antolatzeko elkarteak antolatzen dute, eta 6 eta 18 urte bitarteko 895 piano-jotzaile gaztek hartuko dute parte.
Horietatik gehienak gipuzkoarrak dira, baina beste hainbat tokitatik etorritako musikari gazteak ere izango dira egunotan Basteron: Arabatik, Bizkaiatik, Nafarroatik, Salamancatik edota Santandertik. Gipuzkoarren artean, 23 andoaindarrak dira.
Maila eta modalitate bakoitzean sariak banatuko dira, eta horrez gain, epaimahaiak hainbat aipamen berezi egingo ditu. Hain zuzen, epaimahaiak nabarmendu dituen horiek izango dira igandeko Bukaerako Kontzertuan joko dutenak.

 

Itsaso Goikoetxea eta Izaskun Aizpurua andoaindarrak

Esanda bezala, 23 andoaindarrek hartuko dute parte piano jaialdian.  Itsaso Goikoetxea eta Izaskun Aizpurua musika eskolako 13 urteko ikasleak dira eta irrikitan daude piano jaialdia noiz iritsiko. Bertan parte hartuko dute bikote gisa, eta Nanigo (C. Norton) pieza joko dute lau eskutara.
Eguna iritsi bitartean, antolaketa lanetan murgilduta ibili dira. Hain zuzen ere, kartel iragarleak jartzen aritu dira. Itsaso Goikoetxeak argitu duenez, “bi motatako kartelak dauzkagu eskuartean, asko dira, eta denak kaleko hormetan eta dendetan jarri nahi ditugu. Kartel batek jaialdia bera iragartzen du; besteak, Donostiako Jon Urdapilleta, Julen Cestero eta Uxue Rinconek giroa berotzeko gaur emango duten piano kontzertua”. Kartelak hormetan itsatsi ez ezik, inguruan dabilen jendearekin hizketan geratzeko ohitura hartu dute: Izaskun Aizpuruak azaldu du zergatia: “Oso asteburu polita izango da musikari begira, eta kalean topatzen dugun edozeini gomendioa luzatzen ari gara Basterora hurbildu dadin”.
Biak ere astean hiru entsegu egiten ari dira elkarrekin. Bihar arratsaldeko 17:00etan helduko da euren txanda, eta ordurako ondo prestatuta egon nahi dute, Itsasok esan duenez. “Jaialdiaren zortzigarren edizioa da aurtengoa, eta guk bostetan hartu dugu parte, horietatik hirutan elkarrekin eta lau eskutara. Ez gara berriak honetan, beraz, baina aurreneko aldia balitz bezala igoko gara taulagainera”. Eskuko hatzak pittin bat urduri ibiliko direla aitortu arren, ziurtasunez hitz egin du Izaskunek: “Hainbestetan praktikatu ostean, hatzak batzuetan bakarrik ere joaten dira egokiak diren tekletara, eta horrek konfiantza ematen dizu zeure buruarengan”.
Jaialdia musikaren jai zoragarria dela eta ikuslearen aldetik egundoko erantzuna jasotzen duela aitortu du Itsasok: “Bastero bete egiten da herriko eta Gipuzkoa osoko ikusleekin, eta horietako asko familiakoak eta lagunak izaten dira. Oso giro polita sortzen da eta piano jotzaileok ere elkar ezagutzeko eta adiskidetzeko balio izaten du”.

 

Gaurko kontzertua

Itsaso Goikoetxeak aipaturiko gaurko emanaldi horri eman nahi izan diote garrantzia antolatzaileek, estreinakoz, hasierako kontzertua izango baitu aurten Andoaingo Piano Jaialdiak. Arratsaldeko 19:00etan izango da Basteroko auditorioan, eta Uxue Ricón, Julen Cestero eta Jon Urdapilleta piano-jotzaileek Enrique Lartundo Fundazioko beka jasoko dute bertan.
Uxue Riconek Urnietako musika eskolan egin zituen bere lehen piano ikasketak, eta egun Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan ari da ikasketa horiek amaitzen. Ostiraleko kontzertuan Brahms, Chopin, Poulenc eta Debussy konpositoreen lau obra interpretatuko ditu.
Jon Urdapilleta Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolan ari da bere ikasketak burutzen. Honek, Beethovenen eta Chopinen obra bana eskainiko du ostiraleko emanaldian.
Julen Cesterok Donostiako Noroabe musika eskolan hasi zituen bere musika ikasketak, eta egun Francisco Escudero Kontserbatorioan ari da profesional mailako ikasketak egiten.
Hiru gazteek makina bat sari jaso dute bertako zein nazioarteko piano sariketetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!