Elurte Plana martxan jarri du Andoaingo Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 21a, 14:43

Eguraldi aurreikuspenen aurrean, herritarrak neurriak hartzera deitu ditu

Euskal Metereologia agentziek datozen orduetarako egin dituzten aurreikuspenak tarteko, Andoaingo Udalak Elurte Plana martxan jartzea erabaki du. Aurreikuspen horien arabera, datozen orduetan tenperatura asko jaitsiko da eta zeroz azpiko balioetara irits daiteke. Izotza bota eta elurra egiteko ere aukera asko dagoela nabarmendu dute, eta egoera hori hainbat egunez luza daitekeela.

Horren aurrean, Udalak tentuz ibiltzeko deia luzatu die herritarrei, eta edonolako ezustekoak saiheste aldera behar besteko neurriak har ditzatela. Honako gomendioak ere zabaldu ditu:

- Ahal den neurrian, norberaren ibilgailuaren erabilera ekidin eta garraio publikoa erabil dezatela.

- Autoa hartzekotan, beharrezko segurtasun neurriekin egin dezatela, segurtasun distantziak errespetatuz.

- Ahal dela, bide publikoetan aparkatutako ibilgailuak garajeetan gorde ditzatela.

- Izotza edota elurra egingo balu, horiek garbitzeari ekingo liokete Udaleko langileek. Beraz, oinezkoek beti espaloitik joan beharko dute, kalea gurutzatzerakoan arreta zorroztuz.

- Egoerak okerrera egingo balu, etxean geratzeko gomendioa luzatu die herritarrei Andoaingo Udalak.

Gomendio horiekin batera, Andoaingo Udalak herriko merkatariei zein bizilagunei jakinarazi die euren atari aurreko espaloia garbitu ahal izateko gatza eskuragarri dutela Udaltzaingoaren bulego nagusian (Galardi kalean). Bestalde, ustekabeko edo oharrik izanez gero, honako telefono hauek erabil daitezke:

- Udala: 943300830

- Udaltzaingo: 092 / 900300819

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!