Atzo aurkeztu zituzten Zizurkilgo Udal aurrekontuak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 21a, 13:09

Atzo iluntzean egin zuten Atxulondon, 2013ko aurrekontuen aurkezpena. Aurreko urteetan pilatutako zorrak baldintzatuko du urteko jarduna. Guztira, 3 milioi pasatxo izango ditu Udalak, urteko gastuei aurre egiteko.

Hiru milioi euroko aurrekontuaren zati handi bat, ia 500.000 euro, zorrak ordaintzeko beharko ditu Zizuzkilgo Udalak;  61.600 euro maileguen interesetan eta 424.000 euro zorraren amortizazioa, eta 2009ko Fonfo Foralaren itzulketa egiteko. Zor horrek, asko mugatzen du inbertsioak egiteko aukera. Hala azaldu zuen Nerea Lizarraga zinegotziak: "Legealdi honetan, nahikoa izango dugu gastu orokorrei aurre egin eta zorrak ordaintzen joatearekin. Ezinezkoa zaigu mailegu berririk eskatzea eta horrek, asko baldintzatzen du Udalaren jarduna. Ezin dugu ia inbertsiorik egin". 

1.600.000 euro pasatxo beharko ditu Udalak, langileen soldata ordaindu eta gastu arruntei aurre egiteko (Argindarra, telefonoa, garbiketak, gasa...,). "Aurten, ez da KPIaren igoerarik aurreikusten langileen soldatetan eta lanpostuak mantetzearen aldeko apustua egin dugu. Hala ere, idazkaritzan aritzen zen langile bati kontratua amaitu zaionean, ez berritzea erabaki dugu. 2013an, honenbestez, iaz baino langile bat gutxiago ariko da Udalean, 23 guztira", azaldu du Nereak. 

Urtean zehar egingo dituzten lanei dagokienez, San Migel inguruko ur saneamendua berritzea, Eizmendiko errepideko eraberritze lanak egitea, eta hondakinen kudeaketarako beharrezko materiala jartzea izango dira egiteko nagusiak. San Migelgo lanek, 456.525 euroko aurrekontua izango dute, eta 364.365 euroko dirulaguntza jasoko du Udalak. Eizmendiko errepideko lanek berriz, 54.00 euroko aurrekontua dute  eta 27.000 euroko laguntza izango dute. Hondakinen kudeaketarako, 50.000 euro erabiliko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!