Jostunen taldea, gogotsu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 21a, 08:31

Sei emakumez osatutako taldea aritzen da astelehenetan Larraulgo Kultur Etxean josten ikasten: bost ikasle eta irakasle bat. Taldekide diren Pili Otaegik, Aitziber Mendiolak eta Aitziber Egañak hartu dute hitza.

2011n Gabon eskean atera zirenean sortu zen proposamena: “Datorren urterako baserritar jantziak guk gerok egin behar genituela esan genuen; astean behin elkartu eta denen proposamenak aintzat hartuz. Hala ere, denok geneukan makinaz josten ikasteko gogoa”, adierazi du Pili Otaegik. Horrela, 2012ko irailean taldetxo bat elkartu eta martxan jarri ziren. Hasiera batean, irakaslerik gabe aritzeko asmoa bazuten ere, azken momentuan, aukera sortu zitzaien. Miren Alberro etortzen da Donostiatik josten irakastera: “Taldekide den Maiderren amaginarreba da. Sekula josteko eskolarik jaso ez duen arren, oso irakasle ona da. Zortzi seme-alaben ama izanik, berak josi izan dizkie haurrei jantziak eta hori nabari zaio. Oso erraz eta era praktiko eta dinamikoan azaltzen du guztia. Gainera, ez du perfekzioa bilatzen, zer nahi hura lortu. Esan liteke, zapatak bere hormarekin egin duela topo. Orain arte egin dugun lan guztia berari esker egin dugu”, azaldu dute.

Lehen hiruhilekoa
Aurrez aipatu bezala, irailean izan zuten lehen zita. Ezertan hasi aurretik, Aitziber Egaña, Esther Gil, Aitziber Mendiola, Maider Sanz eta Pili Otaegi, irakasle duten Miren Alberrorekin Tolosako Kilo dendara joan ziren telak erostera. Handik aurrera joste lanei ekin zieten: “Hasiera batean, helburua baserritar jantziak egitea izan zen. Lehen hiruhilekoan lan asko egin dugu, baina oso erraz. Gabonak pasa dira eta oraindik hemen jarraitzen dugu. Oso gustura etortzen garenez, aurrera jarraitzea erabaki dugu. Zailena hastea izaten da eta hori, dagoeneko, egin dugu”.  
Maila guztietako jostunak
Batzuek aurrez josten zerbait bazekitela aitortu dute, baina beste batzuk hutsetik hasi dira. Hala ere, gehienen iritziz, zailena buruan dagoen ideia hori islatzea izaten da: “Buruan bi dimentsiotan duzun hori hiru dimentsiotara pasatzea da zailena, muntatzea, alegia. Gero, jostea erraza da, markatutako tokitik makina pasatzea baino ez da”.

Beharren araberako lanak
Irakasle baten gidaritzapean aritzen badira ere, taldekideek “erabat librea” dela adierazi dute, hots, bakoitzak bere nahiaren eta beharren arabera josten du: “Batzuek galtzak konpontzen dituzte eta beste batzuek jantziak egiten dituzte. Orain inauteriak izan direla eta, horretan zentratuta ibili gara pixka bat, baina gainerakoan norberak markatzen du bere erritmoa eta nahia.  Mirenek irakatsi eta laguntzen badigu ere, ez du inongo pautarik markatzen, bakoitzak nahi duena josten du eta hori da guk nahi duguna”.
Taldekide batzuek egoera bitxia ere badela adierazi dute: “Gutako askori orain urte batzuk baserritar jantziak egingo genituela esan eta ez genuen sinetsiko. Bizitzan zehar gauzak aldatuz joaten dira eta orain, sortutako beharrei irtenbidea eman diegu. Oso produktiboa da eta, gainera, autosufizientziari dagokionez, pauso txiki bat eman dugu. Izugarrizko poza ematen du zuk jositako zerbait eskuartean izateak”, azaldu dute. Taldekideen ustez, “guztiok nahi eta behar desberdinak ditugun arren, oso ondo uztartzen gara”.

Lokalaren mugak
Egun, Udalaren baimenarekin Kultur Etxeko bigarren pisuan elkartzen da jostunen taldea astelehenero 14:45etatik 17:00ak arte: “Beste hainbat ekintza ere badaudenez, ordutegi mugatua dugu eta horrek asko baldintzatzen gaitu. Askotan, denbora gehiago ere pasako genuke, baina ezinezkoa zaigu. Horrez gain, ez da josteko prestatua dagoen tokia; ez daukagu makinarik. Horregatik, klasean patroiak ateratzen ditugu, albaindu, etab. Gainerakoa etxean egiten dugu. Datorren ikasturteari begira gustatuko litzaiguke josteko toki bat izatea, ordutegi mugarik gabe”.

Gonbidapena
Egun taldea sei emakumez osatua dagoen arren, erabat irekia dela berretsi dute: “Guk hemendik gonbidapena luzatu nahi diegu ingurukoei, berdin da larrauldarra izan edo ez, josten zerbait ba ote dakien edo hutsetik hasi behar duen. Anima zaitezte. Talde lanean asko ikasten da, denok daukagu zerbait eskaintzeko”. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!