Eskualdeko hainbat kondaira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 21a, 08:29

Beterri-Aiztondo eskualdean ipuin edota kondaira liburuetan irakur daitezkeen pasarteen arrastoak badira; tartean, otsoak, sorginak, lamiak nahiz deabruak protagonista direla. Hara hemen antzinako kontu horietako batzuen berri.

Misterioz betetako zubiak Andoainen
Kondaira bat baino gehiago ezagutzen da Andoaingo Sorabilla auzoan, Oria ibaiaren gainean, antzina eraikitako eta egun desagertua den Azelaingo zubiaren inguruan. Egile eta pauso ezberdinak aipatzen diren arren, legenda gehienek zubi hura harri baten faltan geratu zela diote.
Bazterrak arakatuz, hautsak harrotuz, iraganera jauzi egin eta hainbat oihartzun bildu dugu ondorengo erreportajean. Kondairak dioenez, badirudi Azelaingo zubia sorginek gau bakar batean altxatu zutela izen bereko jauregi edo palazioaren ondoan. Palazio hori eraiki zutenak lamiak izan zirela ere aipatzen dute beste hainbat kondairek.
Antzinako idatzietan kontatzen denez, “egiazki, zubia eraikitzen amaitzen ez zuen hargin batek bere arima sorginei eskaini omen zien haien laguntza eskatuz. Eta gau horretan bertan ekin zioten sorginek lanari. Eginbeharra bukatzear zutela, ondorengo kantua abesten hasi ziren: Eskuz esku Labaingo arria, tu akabatu dugu Azelaingo zubia. Ea neskak, eun tu milà gaituk, arri baten paltan gaituk! (Eskuz esku lantzen dugu Labaingo harria eta ia amaitu dugu Azelaingo zubia. Ea neskak, ehunka mila gara. Harri bakarrarekin amaituko dugu lana). Kantu hura entzundakoan, hargina galbidean sentitu eta apaizari deitu zion exorzismoa egiteko eskatuz. Apaizak harginaren nahia egin eta sorginek azken harria jarri gabe egin zuten ihes”.

Mikolas deabruen esku
Eusko Folklore. Tradiciones y leyendas liburuak biltzen duenez, Azelaingo zubia ez zuten ez sorginek ez lamiek eraiki, Mikolas izeneko deabruek baizik (deabru guztiek izen bera zuten, Mikelats-en aldagaia). “33000 Mikolas ilaran jarri ziren Larrunarritik (Txindokitik) Azelaineraino, eta zubia eraikitzeko behar zuten harria eskuz esku ekarri zuten gau bakar batean, batak besteari ondokoa esanez: ‘Otsok, Mikolas; ekatzak, Mikolas’. (Tori, Mikolas; ekartzak Mikolas). Azken Mikolas, azken harriarekin Azelainera iristear zela, oilarrak abestu zuen eta deabru guztiek azkar batean egin zuten ihes. Horregatik falta zaio Azelaingo zubiari harri bat”. Pasarte horren berri Ataungo Jose Maria Auzmendik eman zuen 1922 urtean.
Oiartzunen ezagutzen den bertsioan, berriz, Sarako Larrun mendia hartzen dute Azelaingo zubia eraikitzeko harriaren harrobi edo jatorri moduan. Ondorengo bertsoetan jakinarazten da gertaera: ‘Eskutik eskura / Larrun’dik arriya. / Alaxen egiña da / Azelain’go zubiya’.
Andoain aldean, ordea, sorginei egotzi zieten zubiaren eraikuntza: ‘Sorgiñak egiña da / Azelain’go zubiya, / eskutikan eskura / Belkoain’dik jarria. // Eskutikan eskura / Labarain’dik arriya. / Sorgiñak egiña da / Azelain’go zubiya’.

Sorginek zubia egitea ezin lortu
Juan Garmendia Larrañagak Eusko Ikerkuntzarekin kaleratutako ‘Jentilak, sorginak eta beste: Euskal pentsamendu magikoa’ liburuan pasarte edota ipuin polita jasotzen da Azelaingo zubiaren inguruan. Ipuin honek zubia ezagutzen ez zen garaietara garamatza, erreka bat igarotzeko bi soka eta burdin-haria erabiltzen ziren garaira (bat eskuz heltzeko eta bestea hanken euskarri). “Andoaingo auzoa den Sorabillan zubi baten nahia agertu zuten eta hori sorginek jakinik, langintza hartan ardura izango zuen nekazari-igeltseroarekin harremanetan berehala jarri ziren. Sorginek gizon hari proposatu zioten zubia berek egingo zutela, oilarraren kukurrukua entzun baino lehen, igeltseroaren etxean aurrena jaioko zenaren truke.
Igeltseroak ontzat hartu zuen proposamena, behia umea egiteko zeukala pentsatuz: Txekorra duk eta txekor baten gorabeheragatik ez zaidak ajola handirik. Baina berehala ohartu zen andrea haurdun zeukala eta zer gertatzen zitzaion esanez apaizarengana joan zen. Honek, larrituta zegoen gizona entzun ondoren, pertz bat urez bete eta ur horretan oilarra sartzeko aholkatu zion.
Igeltseroak kasu egin zion apaizari eta oilarrak uretatik atera orduko kukurruku egiteari ekin zion. Kukurrukua entzutean, sorginek bere lana utzi eta presaka alde egin zuten, zubia egitea lortu gabe. Zubia harri baten faltan gelditu zen.
Baina sorginak beren zarrapastran ez ziren isilik ezkutatu, deiadar egin zuten: Ez garela eta bagarela; baina hamalau mila bagaituk. Labaiendik harria, eskuz esku”. 1991 urtean, Ibarrako Inazio Ulanga Artanok eman zuen pasarte horren berri liburuan eta berriemaileak zubian falta zen harria jartzeko zuloa ikusi zuela gaineratu zuen, –sorginek harriarentzat prestatuta zeukatena–. Denboran zehar, harri hura zementuz tinkatu arren, behin eta berriz lurrera erortzen zela ere jakinarazi zuen.

Sorginen zubia Leitzaranen
Azelaingo zubia ez ezik, Andoaingo Leitzaran bailaran bada egun zutik mantentzen den Andoaingo herrigunetik bi kilometrora dagoen Unanibia zubi dotorea, orain urte gutxi berritua, Sorginen zubia moduan ezagutua. Legendak gau bakar batean sorginek eraiki zutela dielako jaso zuen deitura hori. Izenaren beste arrazoietako bat zubiaren ondoko harkaitz handiaren forma da, izan ere, bi sorginen aurpegiak islatzen dituela ere esan izan baita. Dudarik gabe, inguruak duen misterio kutsuak bultzatuta, sorginei buruzko sinesmenen guneetako bat da.

Zubi bat, hamaika izen
Leitzarango bisitarien etxeko kideek argitu dutenez, XIX mendean eraikitako harrizko zubia da Unanibia zubia, baina litekeena da aurrez toki berean beste zubi bat egon izana. Izen ezberdinak jaso ditu zubiak: Unanibi, Unarribia, Unanai, Unanoi. Igeribia zubi bezala ere ezaguna izan zen garai batean, Olaberria-Igeribia burdinolaren izenetik hartuta. Duela zenbait hamarkada zabaldu zen sorgin-zubi izena.
Zubiaren ondoan, Leitzaran errekan behera, hiru zutabe ageri dira. Ez dago garbi zein zen zutabe horienerabilera. Litekeena da, Lizarkolako zentraleko presa egiteko behar zuten materiala eramateko eraikia izatea. Hiru zutabeen gainean egurrezko oholak jarrita lotzen zituzten Leitzaran errekaren bi aldeak.

Otsoak neska jan zuen lekua, Villabonan
Villabonako Andrestoki baserritik gertu, gurutzea markatua duen harri bat dago. Kondaira berezia du harri hark. Ramon Zalduak eman digu horren berri: “Nonbait, duela 300 bat urte, gure etxeko edo Anoetako Ateaga baserriko neskamea, esne bila abiatu eta otsoak jan omen zuen toki horretan. Gerora agertu omen zen gurutzea duen harri hori. Istorio hori, nolanahi ere, On Sebastian Insausti apaizak idatzi zuen liburu batean. Duela berrogeita hamabost bat urte egon zen On Sebastian gure herrian apaiz, eta hark jaso zuen harriaren inguruko kondaira”.

Laumugarrieta
Harri horren benetako istorioa, ordea, oso bestelakoa da. Hala azaldu du Joxin Azkue zizurkildarrak: “Inguruko herriak mugatzen dituen mugarria da. Andrestoki baserriko kideek erakutsi zidaten, duela urte batzuk. Argazkiak egin nizkion eta GPSan, koordenatuak markatu nituen. Koordenatu horiek mapa gainera ekartzean konturatu nintzen lau herrien arteko muga markatzen duen mugarria dela. Izan ere, gune horretan egiten baitute muga Zizurkil, Villabona, Asteasu eta Anoetak. Laumugarrieta izenez ezagutzen du zenbaitek harri hori”.
Azken asteotan, izan da mugimendurik harriaren inguruan: “Lan ezberdinak egiten ari dira inguru hartan, eta bolada batean estalita egon da harria, baita tokiz mugituta ere. Duela bi aste, berriz, ez genuen harririk bilatzerik izan. Eurite handiak izan dira eta baliteke lokatzak estalita egotea, edo norbaitek bazterren batera bota izana, baina ez nuen mugarriaren arrastorik bilatu. Laster joango naiz berriro, ingurua hobeto miatzera”, gaineratu du Joxinek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!