Zumeatarra, Andoaingo atleten habia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 21a, 08:26

Zumeatarra taldea da Andoaingo eta eskualdeko atletek izan duten lehendabiziko etxea.
Hirurogei kidetik gora ditu eta haurren atletismo eskola martxan jarri berri dute. Joxean Alberdi eta Eva Pelaezek eman dituzte azalpenak.

Zumeatarra elkartearekin batera sortu zen atletismo taldea ere. Hala azaldu du Joxean Alberdi taldekideak: “Elkarte berria sortu ahal izateko, derrigorrezkoa da kirol edo kultur arloko ekintzaren bat aukeratu eta haren alde lan egitea. Zumeatarra sortu zutenek, atletismoaren aldeko apustua egin zuten. Bixente Huizi zenak hartu zuen atletismo taldearen ardura, Pakitin Arnaizen laguntzarekin. Bixente hil zenean, haren atzetik gentozenok hartu genuen taldea: Jon Lanz, Imanol Arruti, Jon Iturralde, ni neroni eta beste hainbat taldekide”.

Atleta herrikoiak
Bixente Huizik urte asko egin zituen Zumeatarrako atletak prestatzen: “Garai hartan, maila altuko kirolariak zeuden taldean eta lehia zen helburu nagusia. Duela hamar bat urte, ordea, izaera hori aldatzeko erabakia hartu genuen. Gaur egun, atleta herrikoi asko dugu, maila altukoekin batera”.
Duela lau urte, beste talde bat sortu zen Zumeatarraren barnean. Hala azaldu du Joxeanek: “Andoainen bazen triatleta taldetxoa eta haietako bat, Javi de Miguel, etorri zitzaigun triatloi taldea sortzeko proposamenarekin. Berehala eman genituen beharrezko pausoak eta geroztik, bi sail ezberdin ditugu Zumeatarraren barnean: atletak eta triatletak”.

Atletismo eskola
Egitasmo berri bati ekin diote ikasturte honetan. Eva Pelaezek eman ditu argibideak: “Garai batean, atletismo eskola indartsua zuen Zumeatarrak. Nik neronek bertan egin nuen urte mordoa, zazpi urte nituenetik hasita. Neska-mutil asko joaten ginen entrenatzera eta Bixente Huizik zuen gure entrenamenduak zuzentzeko ardura. Gerora, indarra galtzen joan zen talde hura eta azkenik, desagertu egin zen atletismo eskola. Denbora asko generaman behar horren inguruko hausnarketa egiten. Bagenuen ekimen hura berreskuratzeko gogoa, baina ez genuen garbi ikusten hori egiteko bide egokia zein ote zitekeen. Urtero, atletismo eguna antolatu ohi dugu ikasturte amaieran eta iazkoaren ondoren, zenbait gurasok atletismo eskola sortzeko beharra proposatu zigun. Jendearen gogo hori ikusita, aurrera egiteko pausoa eman genuen”.

Eskola kirolaren barnean
Ikastetxeekin harremanetan jarrita egin zuten lehen deialdia: “Hogeita hamar ume inguru dugu. Izena ematea ikastetxeek kudeatu dutenez, eskola kirola ekimenaren barnean sartu dute atletismo eskaintza. Horrek esan nahi du, 8 eta 12 urte arteko gaztetxoek jaso dutela deialdia. Ikasturte hasierarekin batera eman genituen lehen atletismo eskolak eta pixkanaka, adin ezberdinetako haur gehiago joan zaigu hurbiltzen. Ahoz ahokoaren bidez zabaldu da atletismo eskolaren inguruko berri, eta interesa piztu duela dirudi”, azaldu du Evak.
Kiroldegian biltzen dira, astelehen eta ostiral arratsaldetan. “Joko ezberdinak egiten ditugu, ordubeteko saioetan. Neska eta mutil kopuru beretsua dugu eta pozik gaude emaitzarekin. Lehen harria jarrita dago, ea orain bide polita egiten duen atletismo eskolak”.

Pakitin Arnaiz
Pakitin Arnaiz andoaindarrak urte asko darama Zumeatarrako atletismo taldean, eta oraindik ere lan handia egiten du. Hala azaldu du Joxeanek: “Hirurogeita zortzi urte ditu, eta taldean buru-belarri murgilduta dabil. Beteranoen mailako Europako txapelketaranparte hartzeko prestatzen ari da, gogotsu, eta taldeko erabakietan ere parte hartzen du. Taldeko kide garrantzitsua da, zalantzarik gabe”. Gainerantzean, zuzendaritza batzordeak hartzen ditu taldearen funtzionamenduaren inguruko erabakiak, eta Pakitin ere tartean izaten da: “Nik ez dut talde itxi batek erabakiak hartzerik nahi, horregatik, deialdi irekiak egiten ditut bilerak antolatzen ditugunean. Egokiagoa iruditzen zait erabakiak guztien artean hartzea”.
Hirurogei kidetik gora hartzen ditu Zumeatarra taldeak: “Gehienak andoaindarrak dira, baina eskualdeko beste herrietako jendea ere badabil: Amasa-villabonakoak, Asteasukoak, zizurkildarrak...”.

Erabakiak eta aldaketak
Krisialdiak ere izan du bere eragina taldearengan eta zenbait erabaki hartu beharrean izan dira: “Orain arte, fitxa egin nahi zutenek ez zuten ezer ordaindu behar izaten. Urteko kuota ordainduta, fitxa, arropa, zenbait lasterketatan izena emateko abantailak, denda batzuetan erosketa egiteko beherapenak..., horiek guztiak eskuratzeko aukera zegoen. Baina egoera ekonomikoa aldatzen ari da eta ikusiko dugu hori guztia nola gauzatzen den. Momentuz, izena eman nahi duten atleta berriek euren fitxa ordaindu beharko dute”, azaldu du Joxeanek.
Evak ere hartu du hitza gai honen inguruan: “Urte askotan zehar, abantaila handiak izan ditugu Zumeatarrako kide izateagatik, baina ekintzaren bat antolatzeko laguntza eskatzen zenean, oso jende gutxik erakusten zuen horretarako borondatea. Horrek, erabaki bat hartzera bultzatu gaitu. Lehen fitxa egin nahi duenak, bere poltsikotik ordaindu beharko du eta trukean, Zumeatarraren ekipazioa jasoko du. Arropari dagokionez, orain arte edozein momentutan eska zitekeen arropa baina orain, hori ez da horrela izango. Gutxieneko parte hartzea ere eskatuko zaio jendeari. Zumeatarran egon nahi duenak, abantailak izango ditu, baina jendearen inplikazioa eskatuko dugu”.

Emakume gutxi
Taldeko hirurogei kideetatik gehienak mutilak dira. Evak eman ditu horren inguruko azalpenak: “Taldean izena emateko maila altua behar dela iruditzen zaio emakume askori. Mutil bat korrika hasten denean, nahiz eta maila txikia izan, ez du arazorik izaten Zumeatarrara gerturatzeko; emakumeen artean, berriz, zailagoa da pauso hori. Ez dago, ordea, horretarako arrazoirik. Mutilen artean maila ezberdineko jendea dagoela ondo onartzen eta barneratzen dugun bezala, berdin beharko luke emakumeen artean ere. Asko kostatzen zaigu, ordea, hori onartzea. Euren kabuz korrika aritzen diren emakumeei taldean sartzeko proposamena eginda, ezezkoa ematen dute askotan. Taldean egoteak, ordea, babesa emango lieke, euren korrika egiteko modua aldatu gabe. Garai bateko Zumeatarran maila altuko korrikalariak bakarrik biltzen ziren, baina hori asko aldatu da eta denetzako tokia dago. Emakume gehiago izateak, gainera, indar handiagoa emango liguke gauzak pixkanaka aldatuz joateko. Garai batean, adibidez, mutilentzako arropa bakarrik ekartzen zuen elkarteak. Orain, badago neskentzako aproposa ere. Gauza txiki horiek pixkanaka moldatzen joan behar dugu, naturaltasunez eta taldean parte hartuz”.

Gogotsu
Etorkizunari begira, jendearen parte hartzea sustatu nahi dute Zumeatarran: “Taldeko kide izateak onurak ekar ditzan nahi dugu, jendearen parte hartzea sustatzeko. Bestela, beti jende berdina gabiltza bueltaka. Taldeari iraupena eman ahal izateko, ideia berriak, jende berria behar dugu. Pixkanaka ari gara hori lortzen, eta etorkizunera begira, horixe izango da jorratu beharreko bidea”.

Taldearen bloga
zumeatarra.blogspot.com.es helbidean aurki daiteke Zumeatarraren inguruko informazioa. Antolatzen dituzten ekintzak, entrenamenduak egiteko hitzorduak, irteerak, lasterketen inguruko informazioa..., denetarik jartzen dute bertan. “Taldeko gazteek asko erabiltzen dute tresna hori. Oso erabilgarria da elkarren berri izateko eta taldearen inguruko informazioa zabaltzeko. Norbaitek zalantzaren bat izanez gero, posta elektronikoa ere badugu: zumeatarra@yahoo.es”, azaldu du Joxeanek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!