Etxeko hondakinen %40-50 inguru, organikoa da. Orain arte, zabortegietara iristen zen hondakin hori guztia. Materia organikoa bertan kudeatu ahal izateko, auzo-konpostagailuak jartzen ari dira herri askotan, eta hala egingo dute Asteasun ere.
Hiru gunetan jarriko dituzte auzo-konpostagailuak; Kale Berriko aparkalekuan, Ibarrazpi pasealekuaren amaieran, eta Betani inguruan. Dagoeneko prest daude gune horiek, eta martxo amaieran hasiko dira lehen erabiltzaileak hondakin organikoak bertara eramaten.
Bi motatako konpostagailuak
Leire Ugalde Asteasuko Udaleko Ingurumen teknikaria da eta hark eman ditu azalpenak: “Ibarrazpikoa eta Kale Berrikoa ohiko konpostagailuak izango dira; lurraren gainean jarritako edukiontzi handiak. Betanikoa, berriz, ezberdina izango da. Konpostagailu birakaria jarriko dugu. Hiru zatitan banatuta dago; edukiontziaren zati bat bete ahala, hurrengoan bota behar da materia organikoa. Konpostagailu mota honek ez du lurraren gainean egon beharrik, eta horregatik aukeratu dugu. Inguruko herrietan ez da horrelakorik, eta gu izango gara froga egiten lehenak”. Orain arte hondakinak sailkatuta biltzeko zeuden edukiontziak, dauden toki berean utziko dituzte.
Ikastaroa eta materiala
Herriguneko familiek jasoko dute auzo-konpostagailuen ekimenean parte hartzeko deialdia. “Hamabost bat familiako hiru talde osatu nahi genituzke. Izena ematen dutenei, konposta egiten ikasteko ikastaro bat eskainiko diegu, eta etxean materia organikoa biltzeko ontzia eta gidaliburua ere jasoko dituzte. Otsailaren 22tik martxoaren 8ra arte luzatuko da izena emateko epea”, azaldu du Leire Ugalde teknikariak.
Materia organikoa eta lehorra
Konposta egiteko gune bakoitzean, materia lehorrez betetako ontzi bat ere egongo da. “Konposta egiteko garaian, garrantzitsua da etxetik eramandako hondakin organikoari materia lehorra nahastea. Herriko langileek osatuko dute beharrezko materia lehorra urtean zehar egiten diren kimaketa eta jardineritzako lanetatik sortzen denarekin”.
Herriko langileek euren laguntza eskainiko diete konpostagailua erabiltzen hasten direnei. Hala azaldu du Leirek: “Autogestioaz kudeatuko den ekimena izatera iritsi nahi dugu, baina badakigu hasieran gainean egon beharko dugula. Gomendioak eman, zalantzak argitu, oker egindakoak zuzendu..., horiek guztiak egingo dituzte herri langileek”.
Herrian erabiltzeko konposta
Herriko lorategietan erabiliko dute konpostagailuetatik sortutako konposta. “Herrian bertan erabiliko dugu, lorategi eta baratzeetan, ongarri gisa. Argi esan behar dugu, hala ere, ekimenaren benetako helburua sortzen dugun materia organikoa herrian bertan kudeatzea dela. Modu horretan, hondakin kamioikada asko aterako genuke zabortegietatik”, gaineratu du Leirek.
Erosotasuna
Martxoaren amaiera inguruan jarriko dira martxan konpostagailuak. Pili Legarra alkateak ere hartu du hitza gaiaren inguruan: “Herritar bakoitzak bere giltza izango du eta nahi duen orduan atera ahal izango du bere hondakin organikoa. Oso sistema erosoa da. Etxean, ohitura batzuk pixka bat aldatzea eskatzen du, baina ez da ahalegin ikaragarria”.
Birziklaketa sustatzeko bidea
Patxi Olasagasti zinegotzia ere aritu da auzo-konpostaren inguruan: “Asteasu herriaren ezaugarrietara moldatuko dugu hondakinei eman beharreko irtenbidea. Auzo-konpostarekin lehen pausoa eman dugu. Jendeak sistema berri hau oso ondo hartuko duela iruditzen zaigu. Urte amaiera bitarte ematen dituen emaitzak ikusita, herri osora zabal daitekeen edo ez aztertu beharko dugu. Helburua, hondakinen %70a birziklatzea da eta hauxe izango da bide horretan emandako lehen pausoa”.
Gaikako bilketarako zakarrontziak
Kaleko zakarrontziak aldatu egingo dituzte laster. Orain arteko zakarrontzien ordez, hondakinak sailkatzeko aukera ematen duten zakarrontzi berriak jarriko dituzte. Herriko langileak ari dira ontzi berriak prestatzen, eta laster hasiko dira lehendabizikoak jartzen.