Emakumea Zizurkilen beka, abian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 21a, 08:23

Zizurkilgo emakumeen egoera aztertu eta lanerako oinarri bat finkatzeko helburuz, beka deialdia luzatu zuen Zizurkilgo Udalak 2012 uztailean eta Maider Eizmendi herritarrak eskuratu zuen. Hilabete hauetan buru-belarri dabil lanean. Ikerketaren nondik-norakoen berri eman du.

Aurrez ere berdintasunaren arloan hainbat lan egindakoa da Maider Eizmendi. Herriko azterketa bat egiteko aukera ikusi bezain laster izena ematea erabaki zuen: “Bekak aurrez markatzen zituen zein atal aztertu behar ziren eta nik nola aztertu proposatu nuen”, azaldu du zizurkildarrak.

Hainbat alor aztergai
Hezkuntza, ingurugiroa, garraioa, hirigintza, genero indarkeria, kirola, kultura eta ekonomia edo lan arloa dira aztertu beharreko atalak. Datuen azterketa kuantitatiboa egin ondoren, datu horiei esanahia bilatu nahian dabil orain Maider. Jendearen ikuspegia jaso nahian, dagoeneko hainbat elkarrizketa egin du: “Hezkuntza arloan, esaterako, bi ikastetxeetako zuzendariekin bildu naiz. Hezkuntza da sakontasunean aztertu nahi dudan arlo bat. Izan ere, berdintasunari dagokionenean, heziketak markatutakoaren arabera jokatzen dugu, gizarteak hala erakutsi digulako. Esaterako, oraindik ere, zergatik jolasten dute neska-mutilek jolas desberdinetan? Eguneroko horrelako keinuak oraindik hausnartzeko daudela uste dut”.

Azterketaren helburua
Diagnosiak herriko errealitatea azaleratzea du helburu, baina Maiderrek badu haratago doan helburu bat ere: “Ikerketa honek etorkizunerako tresna izan behar du. Egunen batean, aldaketak egin ahal izateko baliabidea. Askotan gauzak ondo pentsatu gabe egiten dira, ingurua aztertu gabe. Nire ustez, garrantzitsuagoa da ondo planifikatutako azterketa baten bidez, ondoren egingo den horretarako bideak irekitzea”.

Datu bilketarekin zailtasunak
Lehen pausoa datuak biltzen eman zuen Maiderrek. Ordea, berak aitortu duenez, ez zaio batere erraza egin: “Hainbat arlotan datuak badauden arren, datu orokorrak dira, sexuak bereizi gabekoak. Horrez gain, hainbat datu 2009an eguneratutakoak dira eta horrek lana zaildu egiten du”.

Zenbait hausnarketa
Berdintasunari dagokionean, gaur arte lan asko egin den arren, oraindik zer egina badagoela azaldu du Maiderrek: “Berdintasunak bide luzea eskatzen du eta gizarteak hausnartu egin behar du horren inguruan, gure buruari galderak egin behar dizkiogu”. Emakumearen eguna ospatzearen aldekoa bada ere, eguneroko gaia izan beharko lukeela uste du zizurkildarrak. Hala ere, “martxoaren 8ko egunak gaia plazaratzeko balio badu ez dago gaizki”, gaineratu du Maiderrek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!