Gurea zinemaren etorkizuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 21a, 08:22

2012ko azken hilabeteetan ez zen apenas zinema programaziorik izan Gurea zineman. Ondorioz, itxiko ote zen zurrumurruak zabaldu ziren herrian. Hau guztia argitzeko, Amasa-Villabonako kultura zinegotzia den Nora Urbizuk hartu du hitza. 

Krisi ekonomikoak sektore guztietan eragin badu ere, Kulturak pairatu ditu ondoriorik larrienetakoak. Horren adibideetako bat da, 2012ko urtearen amaieran Gurea antzokian zineko programazioan egon zen hutsunea. Aurrekontu arazoak zirela eta, oso pelikula gutxi eta noizean behinka proiektatu ziren. 2013rako, ordea, Amasa-Villabonako Udalak Gurea zinemarekin aurrera jarraitzeko apustua egin du. Nora Urbizu zinegotziaren ustez, zinemak ematen duen errentagarritasuna erlatiboa da: “Ekonomikoki begiratzen badugu, hau da, zinemak gasturik ez izatea eta sarreren bidez lortutako diruarekin gastuak ordaintzea, Gurea zinema ez da errentagarria. Aldiz, arlo kulturaletik begiratuta gure ustez oso errentagarria da. Gurea zinemak herriari bizia ematen dio eta gainera, eskualde mailan herrien buru den Amasa-Villabonak zinema areto bat izatea beharrezkoa dela uste dugu”.

Haurren filmak, estimatuenak
Hilean zehar, haurrentzako zein helduentzako hiruzpalau pelikula proiektatzen dira Gurea zineman. Horrez gain, noizean behin, ostiraletan ikuskizun edota antzerkiren bat ere izaten da ikusgai. Aukera zabala den arren,  haurren pelikulek izaten dute estimaziorik handiena: “Zalantzarik gabe, gainera. Batez ere, denboraldi hasieran, urritik abendura bitartean. Hori bai, Errealaren partidek asko eragiten dute ikusle kopuruan. Hala ere, haurren pelikulek izugarrizko arrakasta izaten dute, gehienbat pelikula ezaguna bada. Gogoan dut 2012 urte bukaeran, zinema osorik bete zela. Gurea zinemak ia 300 lagunentzako aforoa dauka; egun hartan, ordea, 40 lagun kanpoan geratu ziren. Hori dela eta, hainbat pelikula, batez ere ezagunak direnak, bi aldiz proiektatuko dira haurrentzat, inor ikusi gabe gera ez dadin”.

Zinemaren funtzionamendua
2012ko apirilera arte Gurea zinema enpresa batek kudeatzen zuen, baina Udalak ez zuen kontratua berritu. Orain, beste enpresa batek kudeatzen du eta iaztik hainbat aldaketa egon dela azpimarratu du Nora Urbizuk: “Egun, neurri handi batean, Udalak aukeratzen du pelikulen programazioa; helburua kalitatezko programazio baten alde egitea da: ikusle kopuru aldetik minimo batzuk betetzen dituena, irizpide ekonomiko hutsen menpe egon gabe. Gustatuko litzaiguke, herritarrek euren ekarpenak egitea, zer pelikula mota ikusi nahi dituzten jakitea. Eta horren inguruan jendea inplikatzea. Horretarako, kultura@villabona.net helbidera idatzi besterik ez da egin behar”.

Bonoak salgai
Ikusleak erakarri asmoz, Udalak zinema bonoak jarri ditu eskuragarri 15?-tan: “Herritarrok estimatu eta apreziatu egin behar dugu kultura baliabide hau; alegia, daukan balioa ematen ikasi eta horregatik jarri ditugu bonoak salgai”. Bono bakoitzak bost sarrera ditu eta bono bera pertsona batek edo gehiagok erabil dezake, nahi izanez gero, film emanaldi berean ere bai. Era honetara, pelikula bakoitzak 3?-ko balioa du. Dagoeneko, bono hauek Gurea zinemako leihatilan daude salgai, 2013ko apirilera arteko balioa dutelarik.

Etorkizunera begira
Egun zinemaren mundua mehatxu asko jasaten ari den arren, Amasa-Villabonako Udalak ez du zinema ixteko asmorik. “Gurea zinema Villabonako parrokiarena da. 1991 urtean, Parrokiak eta Udalak 25 urterako tratua sinatu zuten, beraz, hemendik hiru urtera amaitzen da hitzarmen hori. Legealdi honetan hasi beharko dugu gai hau aztertzen eta bilerak lotzen, berriz ere hitzarmen horri bide emateko”, azaldu du Norak.
Zine digitalaren aroak ere eragin handia izan du Gurean: “Gaur egun pelikula asko eta asko era digitalean produzitzen dira. Gurea zinemako proiektorea, ordea, analogikoa da eta horrek arazoak sortzen ditu, hots, ezin dira pelikula digitalizatuak proiektatu. Horregatik, udazkenerako proiektore berri bat ekartzeko asmoa dugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!