25 urte eta gero, Pello Zelarain etxean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 21a, 08:18

Bederatzi urte Mexikon eta hamasei urte espetxean pasatu ditu Pello Zelarain billabonatarrak. 2013ko urtarrilaren 17an utzi zuten aske. 25 urte hauetan bizitako hainbat gertaera kontatu ditu.

Hainbeste urteren ondoren herrira itzulita, zer sentitzen da?
Herria ikaragarri aldatu da, beste herri bat ematen du. Azken egun hauetan eskualdeko herrietan ibili naiz. Aurreko batean, adibidez, bidegorritik barrena Asteasura joan nintzen; izugarri disfrutatu nuen: Erreka soinua, belar usaina..., baina Asteasura iritsi nintzenean plazara nola joan ez nekiela geratu nintzen. Auzo berriak sortu dira eta guztia oso aldatuta dago.
Espetxetik irten berritan neurriak ez nituen menperatzen. Kaleak oso estuak iruditzen zitzaizkidan eta kotxean gindoazela kamioiak ondotik pasatzean, berriz, izugarriak zirenaren irudipena nuen. Orain, ordea, ohitzen ari naiz.
Jendea ezagutzea ere kosta egiten zait. Urte asko pasa dira eta nik lehengo oroitzapenak ditut, gaztetako aurpegiak. Izena esan arte ez naiz jabetzen aurrean dagoen hori nor den.
Horrez gain, teknologiarekin harrituta nago. Eskerrak Maite maistra (emaztea) ondoan daukadan. Etxean nagoenean mikrouhin labea dela, telefonoa dela, mugikorra dela eta abar dela, soinuak ez ditut bereizten. Hasierako aldaketa oso gogorra da.
Janarekin, berriz, izugarri disfrutatzen ari naiz, guztia oso goxoa dagoela iruditzen zait. Villenako espetxean, adibidez, urtean bi arrautza besterik ez genituen jaten. Etxeko jana ederra da.

Mexikon urte askoz bizi izan zinen. Amasa-Villabonatik harako aldaketa ere ez zen samurra izango...
1987an Iparraldera alde egin nuen eta bertan bi urte pasa nituen. Ondoren, 1989an Mexikora joan nintzen, eta aldaketa handia izan zen; beste kultura bat, beste mundu bat da hura. Lehen sei urteetan bizimodu normala egin nuen,  Acapulcon.  Lana neukan, etxea, paperak ere legeztatuta neuzkan... Maiterekin, berriz, telefonoz hitz egiten nuen. Maite Tolosara joaten zen niri deitzera, telefono bidez ez nintzaten lokalizatu. Horrez gain, urtean behin, bizpahiru hilabeterako ere etortzen zen ni bisitatzera eta horrela moldatzen ginen. Bisita baten ondorioz, ordea, kontrolpean nengoela konturatu nintzen. Egun batean, lantokira bi pertsona ezezagun etorri ziren. Nik usain txarra hartu nien eta Cancunera alde egin nuen, bertan bi urte egin nituelarik. Cancunen lagun baten bidez lana lortu nuen eta han ere bizimodu nahiko normala egin nuen. Goiz batean, ordea, etxetik irteten ari nintzela poliziak etorri eta furgoneta batean aireportura eraman ninduten. Hegazkin txiki batean Mexiko D.F.-ra eraman ninduten. Komisaldegian datuak hartu eta hegazkinean Madrilera ekarri ninduten. Bidaia mexikar poliziekin egin nuen, baina Madrilen Guardia Zibilak neuzkan zain. Madrilgo aireportutik Polizia Nazionalaren Canillas kuartelera eraman ninduten. Hiru egunez inkomunikazioan egon ondoren, epaia eman eta Carabanchelgo (Madril) espetxean sartu ninduten. Urte hauetan zehar lau espetxetatik pasa naiz: Carabancheldik Aranjuezera  (Madril) eraman ninduten, ondoren Teruelera eta azkenik, Villenara (Alicante).

Nola eraman dituzu espetxeko urteak? Bertako poliziek zer nolako tratua izan dute zurekin?

Momentu txarrak izan ditut, baina, hala ere, onak gehiago izan direla uste dut. Lagun-min handiak egin ditut, izugarrizko harremana egin dut batzuekin eta horrek asko lagundu didala uste dut. Beste era bateko borroka izan da. Hainbeste urte espetxean egiteko psikologikoki prestatua egon behar duzu. Hala ere, espetxetik espetxera alde handia dago. Jaenetik Villenara etorri ziren batzuek, azken honetan, askoz ere hobeto egoten zela esaten zuten.
Danetariko jendea dago, toki guztietan bezalaxe, baina, orokorrean tratua nahiko  normala izan da. Preso normalekin agintzeko erraztasun gehiago dute, baina guri nolabaiteko errespetua edo beldurra digute.

Zer da gogorrena egin zaizuna?
Gose grebak. Gaztea nintzenean 24 egun egon nintzen jan gabe. Azken gose greba Uribetxeberriaren kasua zela eta egin nuen. 19 egun egon nintzen gose greban, baina aipatutako aurreko horretan baino okerrago pasatu nuen. Adinagatik izango da akaso.
2013ko urtarrilean irten zaren arren, lehenago behar zenuen kalean. Bitartean, etxekoak borrokan ibili dira. Nola bizi izan duzu egoera hau?
Oso gaizki. 2012ko uztailean kaleratzeko auto bat lortu genuen, baina epaileak atzera bota zuen eta azken sei hilabete hauetan horrela ibili dira, atzera eta aurrera. Gogorra izan da, batez ere, etxekoentzat, Maiterentzat. Nik inpotentzia handia sentitu dut, barruan zaude eta ezin duzu ezer egin. Orain dela gutxi iritsi zait 2011ko irailaren 10ean aske behar nuela dioen Audientzia Nazionalaren eskutitza. Orain erreklamatu egin dugu eta, berandu bada ere, ea kalte-ordaina jasotzen dugun.

Zu etxean zauden arren, arantza bat geratu zaizu barruan...
Halaxe da. Oscar semea Alcala Mecoko (Madril) espetxean dago eta hamaika urte generamatzan elkar ikusi gabe. Askatu eta hurrengo astelehenean bisa nuen berarekin eta oso momentu bereziak bizitu genituen.

Otsailaren 3an omenaldi hunkigarria eskaini zizueten Maite eta biei. Nola bizi izan zenuen?
Otsailaren 3a baino lehen, urtarrilaren 17a aipatuko nuke, askatu ninduten eguna hain zuzen. Oso egun polita izan zen. Goizeko 4:00ak inguruan iritsi ginen Amasa-Villabonara. Euria etengabean ari zuen eta hala ere, herritar koadrila bat ongi etorria ematera gerturatu zen plazara. Dudarik gabe, hori eskertzekoa da.
Omenaldiari dagokionez, oso polita izan zen; oso ondo antolatua egon zen eta espero ez nuen jende asko ikusi nuen: Mexikon ezagututako lagunak, nirekin lanean ibilitakoak, espetxean egondakoak... Emozio handiko eguna izan zen, oso ondo pasatu genuen.

Etorkizunari begira, milaka gauza izango dituzu buruan...
Espetxean zaudenean mundua jan behar duzula iruditzen zaizu, baina kanpora irten naizenean gauzak lasai hartzea pentsatu dut. Irten eta berehala Maite eta biok astebetez oporretara joan ginen. Horrez gain, lagunek oparitutako bidaiatxoak ere badauzkagu, beraz, denborarekin irteerak ere egingo ditugu.
Bestetik, hiru biloba ere baditut eta orain hauekin disfrutatzea tokatzen zait, nire seme-alabekin bizi ez dudana biziko dut. Asko ezagutzen ez nauten arren, lehen egunetik lotu dugu harremana. Beraiek gustura eta aitona, gusturago. Gainera, aspalditik hitza emana diet EuroDisney-ra joan behar dugula, beraz, bidaia hori ere egin beharra daukagu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!