Emakumearen Nazioarteko Eguna eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 21a, 08:17

Datorren martxoaren 8an, ostirala, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko da; lila koloredun edozer janzteko unea izango da. Eskualdean, hainbat herritan ekitaldi desberdinak antolatu dituzte.

Zizurkilen esaterako, Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekitaldi antoaltu dute. Martxoaren 3an, Itziar Nazabalen margolanen erakusketa zabalduko dute, Atxulondon. Arratsaldeko 19:00etan egingo dute inaugurazio ekitaldia eta bertaratutakoek, zizka-mizka gozoak dastatzeko aukera izango dute. Erakusketa zabalik izango da martxoaren 10a bitarte. Erotismoa eta sexualitatea dira erakusketa honen ardatz nagusiak.
Martxoaren 5ean, asteartearekin, “Cincuenta sombras de Grey” liburuaren inguruko solasaldia egingo dute. Aurtengo emakumearen nazioarteko egunerako aukeratutako gai nagusia erotismoa eta sexualitatea izanik, liburuak izandako arrakasta eta emakumeak bertan hartzen duen papera aztertuko dituzte, 19:00etan hasita, Atxulondon.
Martxoaren 8an, kontzentrazioa egingo dute arratsaldeko 19:00etan eta ordubete beranduago, “Gezurretazko Printzea” antzezlana izango da ikusgai, Atxulondo Kultur etxean.
Larunbatean, berriz, Oteiza Museora (Alzuza) irteera egingo dute. Goizean museoa ikusi ondoren, eguerdian bazkaldu eta Iruñeako kaleetan paseatzeko aukera egongo da. Oteiza Museoak 60 laguneko bisitak soilik antola ditzakeenez, izena emandako kopurua 60tik gorakoa izango balitz, azkena izena emandakoen artean beste bisita desberdin bat antolatuko litzateke. Izen-emateak Aurrera Plazako bulegoetan edo Atxulondo Liburutegian egin beharko dira eta 30 euro momentuan ordaindu beharko dira.
Zizurkilen ez ezik, Asteasun ere izango da zer ospatua. Martxoaren 5ean eta 7an, emakumeen inguruko pelikulak eskainiko dira. Bestetik, martxoaren 8an, iazko moduan, aurten ere emakume ekintzaileak omendu nahi izan dituzte. Horregatik, egun hauetan erreportaje bat grabatzen ari dira izendatutako emakume asteasuarrekin; hilaren 8an, Udaletxean ikusi ahal izango da erreportaje hori eta ondoren, omenaldi xume bat eskainiko zaie protagonistei, 18:30ean. Ekitaldiaren ondoren, pintxopote lila ospatuko dute. Herriko taberna guztiak kolore lilaz apainduko dituzte eta ondoren pintxopoteari ekingo diote 19:30ean hasita. Martxoaren 9an, larunbata, arratsaldean, Toti Martinez de Lezea idazleak hitzaldi bat eskainiko du 19:30etik hasita. Ondoren, Patxine jatetxean afaria izango dute eta Argia tabernan diskotekaz gozatzeko aukera izango da, 00:00etatik aurrera.
Martxoaren 4tik 8ra, bestalde, herriko emakumeek egindako eskulanen erakusketa zabalik izango da udaletxean.
Adunan ere ospatuko dute Emakumearen Nazioarteko eguna. Martxoaren 5ean, asteartea, Jone Arrospidek “Emakumeen adinak: osasuna autoezagutzaren bidez” izenburupean solasaldia eskainiko du. Martxoaren 7an, osteguna, “Izarren argia” filma eskainiko da kultur aretoan. Filmak Gerra Zibilean Saturrarango espetxean egondako emakumeen historia kontatzen du: Bertan jasandako torturak, gehiegikeriak... ditu ardatz. Martxoaren 8an, berriz, Arantxa Urretabizkaiaren "Hiru Mariak" liburuari buruzko solasaldia egingo dute, arratsaldez.
Larunbatean, martxoak 9, emakumeen afaria egingo dute Uztartza jatetxean.
Amasa-Villabonan ekitaldi sorta oparoa prestatu du Hutsunea Betez taldeak, Emakumearen Nazioarteko egunerako. Martxoaren 7an ekingo diote ekimenari, hitzaldi-solasaldi batekin. “Zergatik diogu sistema heteropatriarkala dela? Zer dago krisian?” galderei erantzuna ematen saiatuko da Aurora Iturrioz , Mugimendu feministako kidea. Udaletxeko balioanitzeko gelan izango da hitzaldia, 18:30ean hasita.
Martxoaren 8an, bateratze isila egingo da Malkar Plazan, 19:00etatik aurrera eta ondoren, emakumeen pala txapelketa jokatuko da Behar-Zana pilotalekuan. Puntako bi bikote izango dira lehian: Maider Mendizabal eta Amaia Irazustabarrena, Nagore Arozena eta Ainhoa Garmendia.
Martxoaren 9an, larunbatarekin, hainbat ekitaldi koloretsu izango da Errebote plazan. Goizeko 11:30ean, Urban Knitting saioa izango da eta 12:00etan, Sorgin bandaren doinuak iritsiko dira herrira. 14:30ean berriz, Olentzo jatetxean elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!