Egunkaria itxi zutela hamar urte bete dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 20a, 15:29

Ekitaldia egin dute gaur eguerdian Martin Ugalde parkean

Egunkaria itxi zutela hamar urte bete dira gaur, eta urteurren hori dela eta, ekitaldia egin dute eguerdian Andoaingo Martin Ugalde parkean.
Ekitaldi irekia izaki, hainbat herritar gerturatu da hitzordura, eta eurekin batera bertan izan dira, besteak beste, Egunkaria auziko auzipetuak, baita Euskal Herriko eragile eta gizabanako ugari ere, politika, gizarte nahiz kultur arlokoak.
Ekitaldiaren hasieran Egunkaria-ren sorrerari eta itxierari buruzko bideo bat proiektatu da. Jarraian Aitor Gorosabel musikariak abesti parea kantatu du, eta honen atzetik Joan Mari Torrealdaik ekitaldiko hitzaldi nagusia egin du.

Auzi ekonomikoa
Torrealdaik gogoratu duen moduan, Egunkaria-ren auzi ekonomikoak zabalik darrai oraindik; zortzi lagun daude auzipetuta, Torrealdai bera, horien artean. “Ez gaude Egunkaria auzia itxitzat emateko harik eta auzi ekonomikoa amaituta ikusi arte. 2010eko ekainaz geroztik Donostiako epaitegian dago. 2011n kasuko epaileak kanporatu egin zuen herri akusazioa eta kanporaketa hori Gipuzkoako auzitegiak berretsi zuen. Fiskaltza dugu akusatzaile bakarra. Auzi nagusiaren ondoan auzi ekonomikoa anaia edo ahizpa txikitzat jo izan da, baina ez da horrela, zigor eskariak beste auzian baino handiagoak baitira: 18na urte eta 31 milioi euro bost lagunentzat; 13na urte pasa eta 25 milioi euro beste birentzat; eta 9 urte pasa eta 20 milioi zortzigarrenarentzat. Guztira 128 kartzela urte eta 221 milioi euroko isuna zortzi lagunentzat. Auzi ekonomikoa absoluzioarekin itxi arte Egunkaria-ren zauriari odola dario”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!