Loatzo mankomunitateak, hamar urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 14a, 09:16

Orain hamar urte sortu zen Loatzo musika eskola. Hasiera hartan Loatzo mankomunitatea Zizurkil, Amasa-Villabona, Anoeta eta Ibarrako herriek soilik osatzen bazuten ere, berehala atxiki zitzaizkion, Aduna, Irura, Altzo eta Alegia. Sorkuntza prozesuan parte hartu zuten irakasle eta Udal ordezkariek hartu dute hitza.

Loatzo musika eskola sortu aurretik, Anoetan musika eskola bazegoen, baina Udalaren ikuspuntutik dimentsio handia zuen. Amasa-Villabonan ere bazegoen, baina urtetik-urtera eskaria handitzen ari zen eta leku falta zegoen, inguruko herri txikietakoak ere bertara joaten baitziren. Gainera, Iñaki Zalakainek, egun ere irakasle denak, berak bakarrik kudeatzen zuen Amasa-Villabonako musika eskola eta 200 ikasle irakasle bakar batentzat gehiegizkoa zen. Ibarrak ere bazuen nolabaiteko arazoa; bertakoak Tolosara joaten baitziren musika ikastera. Horrela, Tolosaldean herri txiki asko zegoela, eta herri txikietako ikasleak handiagoetara joaten zirela ikusirik, Zizurkilgo, Anoetako eta Ibarrako udal ordezkariek mankomunitatearen aldeko apustua egin zuten: “Lehen pauso hori udaletxe mailan eman zen. Udal aldetik ikusten genuen, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak jasotzeko legeztatu beharra zegoela. Gainera, musika eskola moduan legeztatuz gero, irakasleak kontratatzeko aukera zegoen. Hala ere, aldaketa guztiek bezalaxe, zalantza egoera ere sortu zen. Momenturen batean bertan behera uzteko zorian ere egon ginen, baina azkenean aurrera egin genuen. Horrela, estatutuak definitu eta Loatzo musika eskola sortu genuen. Loatzo mendia inguruko herrien mugarri denez, hortik datorkio izena”, azaldu dute.

Zortzi herrien arteko apustua
Lehenik, 2002ko irailean Anoeta, Ibarra eta Zizurkil herriek osatu zuten Loatzo. 2003ko urtarrilean Amasa-Villabona gehitu zitzaien. 2003-2004 ikasturtean, berriz, Aduna, Irura, Altzo eta Alegia atxiki ziren eta egun, Loatzo mankomunitatea aipatutako zortzi herriek osatzen dute. Mankomunitatea sortzeko Udal Plenoak egin ziren eta azkenean, guztien adostasunez onartu zen. Sortze prozesuan, Udal ordezkari moduan zeuden Iñaki Aristeta adunarrak eta Juan Manuel Erasun zizurkildarrak adierazi dutenez, “herri txikietan Loatzo mankomunitaterik ez balego, musika eskolek ez lukete funtzionatuko. Mankomunitaterik ezean, Udal aldetik, ekonomikoki ez litzateke sostengarria izango eta urtean astebeteko ikastaro bezala planteatu beharko genituzte musika ikasketak eta gainera, instrumentu bakar bati erreferentzia eginez. Orduan mankomunitatearen aldeko apustua egin zen eta eskerrak! Horrez gain, haurrak herrian geratzea oso garrantzitsua da, herriari bizia ematen diote eta gurasoek mugitu beharrik ere ez daukate. Adunan, adibidez, musika eskolaren bidez, urtean zehar hainbat ekimen egiten da eta horrek herriari sekulako bizia ematen dio. Herritarrek herriarentzat egiten duten zerbait da”. 

Hazia loratzen
Loatzo musika eskola sortu zenean, 250 ikasle matrikulatu ziren. Egun, ordea, zifra hori hirukoiztu egin da eta musika eskola 615 ikaslek osatzen dute. Horrez gain, egungo eskaintza ere zabalagoa dela azpimarratu dute irakasleek. Hasierako hazi hartatik emaitzak ikusten ari direla aitortu dute: “Poliki-poliki emaitzak ikusten ari gara. Musika eskolan ikasitako hainbat ikaslek taldeak sortu dituzte, besteak beste, Kantuki, Lain eta Keiran. Bestetik, zortzi ikaslek kontserbatorioko bidea hartu dute eta hori pozgarria da”.


Hamar urtetan gizarteak aldaketak jasan dituela ukaezina da. Loatzo musika eskolak ere, aurrerapauso ugari egin du. Iñaki Zalakain, Iñaki Salvador eta Ainhoa Elizondo irakasleek eman dituzte horien xehetasunak.

Hamar urte eta gero, aldaketa nagusi moduan zer azpimarratuko zenukete?
I.Z.:
Programazioan eta formatoan aldaketa handiak egin ditugu. Eskaintzen dugun pedagogia gure eskarietara eta euskaraz egokitu dugu. Horrez gain, urte hauetan zehar, beste eskolekin harremana egin dugu eta gure artean sare bat osatu da.
A.E.: Herri txikietan ikasleen parte hartzea bultzatu dugu. Nolabait esatearren, hamar urte hauetan irakasleon lana herrietako dinamikan txertatu da.

Ikasturtean zehar hainbat emanaldi antolatzen duzue. Ikasturtearen hasieran zein planteamentu izaten ditu Loatzok?
I.S.:
Ikasturtearen hasieran, herri bakoitzeko arduradunek euren plangintza erakusten digute. Guk zein eskaintza daukagun ikusten dugu eta horren arabera ekitaldiak antolatzen ditugu.
I.Z.: Urtean zehar, gutxi gora-behera, berrogeita hamar emanaldi eskaintzen ditugu. Urtez urte, ekitaldi desberdinen bat izaten da, baina urtero Xexili egunean, Gabonetan, Inauterietan, Kaldereroetan, Santa Ageda bezperan, herriko jaietan eta ikasturte amaieran eskaintzen ditu Loatzok emanaldiak.
I.S.: Horrez gain, urtean behin instrumentuak ikasten ari diren ikasleekin audizio txikiak egiten ditugu; ikasleak jendaurrean jotzen ohitu daitezen.
A.E.: Azken urteotan asteburu pasak eta beste herritako musika eskolekin elkartrukeak egin izan ditugu eta aurten ere badaukagu zerbait prestatuta.

Musika instrumentuei dagokienean, zein instrumentuk dute eskaririk handiena?
A.E.:
Zalantzarik gabe, trikitixak eta gitarrak. Matrikularik gutxien, aldiz, txeloan, tronboian eta bonbardinoan izaten dira. Gitarra tresna merkea eta praktikoa da. Lau akorde ikasi eta abesti batzuk jo ditzakezu. Trikitixa, berriz, modan dagoela esango nuke. Eskusoinuak garai batean izan zuen prestijioa hartzen ari da trikitixa. Kalean jo daiteke eta instrumentu bizia da, gainera.
I.S.: Bitxia da, baina instrumentu batzuetan sexu bereizketa nabarmena da. Zeharkako flauta, esaterako, normalean neskek aukeratzen dute.

Zortzi urterekin hasten dira instrumentua ikasten. Adin horretako haurrak ba al daki zer ikasi nahi duen?
I.Z.:
Klase orduetatik kanpo ikasleei instrumentuak erakusten dizkiegu eta probatzeko aukera ematen diegu, horretarako egun eta ordu jakinak jartzen ditugularik. Haur batzuek ikustaldi hauen aurretik oso garbi izaten dute zein instrumentu ikasi nahi duten, baina probaketaren ondoren, batzuek aldatu egiten dute. Hala ere, instrumentua aukeratzeko garaian gurasoek eragin handia dute. Kasu askotan, haurren partez gurasoek aukeratzen dute seme-alabaren instrumentua. Normalean, haurrek aukeratzen badute gerora ere aurrera jarraitzen dute.

Krisia dela eta, matrikulen beherakada nabari al da?
A.E.:
Ondo mantentzen gara, baina gurasoen jarreran aldaketa nabari da. Krisia dela eta, beste kezka batzuk nagusitu dira eta askok musika ikasteari utzi egin diote.
I.Z.: Gainera, ikasleren batek ikasturtea pattal samar, ikasi gabe pasa badu, hurrengo ikasturtean ez du izenik ematen.

Zuen ustez, zer dauka Loatzok beste musika eskola batek ez duenik?
A.E.:
Zortzi musika eskola txiki, musika eskola handi baten barruan daude. Baina ez da hori bakarrik, zortzi herri  izan arren, klaseak toki gehiagotan ematen baitira. Zizurkilen, esaterako, hiru tokitan eskaintzen dira klaseak. Horrek, noski antolaketa berezi bat eskatzen du. Irakasleontzat ere apustu gogorra da. Herri askotara joan behar dugu, bidean lan orduetan sartzen ez den denbora pasatzen dugu, kilometro asko egiten ditugu, etab., horiek denak kontuan hartzekoak dira. Horregatik, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, Loatzo da era horretara, hau da, mankomunitate bezala funtzionatzen duen musika eskola bakarra. Arrazoi hori dela eta, Eusko Jaurlaritzan beti aldarrikatu izan dugu, bereziak garela eta laguntzek ere bereziak izan beharko luketela.
A.S.: Horrez gain, adin desberdinetako jende asko dago: haurrak, nerabeak, gazteak, helduak, jubilatuak... Egun, gainera, gero eta heldu gehiagok ematen du izena.

Hala ere, Euskal Herrian Europako beste herrialde batzuetan baino gutxiago lantzen dira musika ikasketak. Zeri zor zaiola uste duzue? Batzuetan musika ikasketak ez al dira gutxiesten?
A.E.:
Arrazoi kulturala da horren erantzule. Eskolako orduetan jasotzen dituzten musika ikasketak oso justukoak dira. Musikak enborreko irakasgaia izan beharko luke, matematika den moduan. Erakundeek ez dute uste probetxagarria denik. Irabazi moduan baino, gastu bezala ikusi da eta murrizketak direnean ere, eraginik handiena erakunde kulturalek jasaten dute.
I.S.: Musika ikasketek diziplina handia eskatzen dute. Orduak sartu behar dira instrumentuarekin, bakarrik, jendaurrean... Normalean, eskolan ondo ibiltzen dena musikan ere ondo ibiltzen da.
I.Z.: Ikasle askok uste du klasean egindakoarekin nahikoa dela, eta oso oker daude. Gaur egungo haurrek gero eta sakrifikazio gutxiagorekin emaitza hobeak lortu nahi dituzte. Gauza gehiegi dituzte eta aseta daude. Orain hamar urteko ikasleei: ‘Hau egingo dugu’ esan eta denak motibatuta pozarren egiten zuten. Gaur egungoei esan eta erantzuna hauxe izaten da: ‘Jooooooo’. Egoera ekonomiko honek, ordea, akaso hau aldatuko du. Orain gutxi, Sting gitar-joleak ikerketa bat egin du musika ikasten duen pertsona eta ikasten ez duena alderatuz. Harrigarria da musika ikasten duen horren burmuina nola garatzen den. Youtuben ere badago, Cerebro musical  du izena, ikusgarria da.

Zer du Loatzok hobetzeko?
I.Z.:
Beti dago zer hobetua. Egoera berrietara egokitu behar dugu, batez ere, teknologiari dagokionean.
I.S.: Musikaren mundua oso zabala da. Urtero, irakasleok birziklatu egin behar dugu eta datozen haur horien mundura egokitu.
A.E.: Ikasleei, nerabezaroan sartzean, musika ikasten jarraitzeko gogoa nola piztu ere ikasi behar dugu.

10 urte, hamaika ekitaldi
Urteurrenaren harira, Loatzo musika eskolakoek hainbat ekitaldi prestatu dute. Joan zen urtarrilaren 25ean, Ibarrako Udal batzar aretoan Loatzo sortu zuten udal hautetsiak, ikasleak, irakasleak eta gurasoak bildu ziren. Ainhoa Elizondo irakasleak gidatu zuen saioa eta, nola ez, ikasleek izan zuten protagonismoa. Bertso eta musika emanaldien ondoren, Loatzoko bandak eta Aimar Odriozola dantzariak agurra eskaini zuten. Bertaratutakoen artean poza eta emozioa ez ziren falta izan: “Atzera begiratu eta orain hamar urte egindako apustua handitzen joan dela ikustean izugarrizko poza sentitzen da. Herriari begirako zerbitzu moduan sortu genuen Loatzo eta orain herritarrek estimatzen dutela ikusten da”, adierazi du Juan Manuel Erasunek.

Korrika 18
Ekintza berezi moduan, Korrika dela eta, kilometro bat erosi du Loatzo musika eskolak: “Era berezi batean egingo dugu lasterka. Ibarran eskatu dugu, baina oraindik ez digute konfirmatu. Amasa-Villabonara sartzen den unea musikarekin girotuko dugu. Horrez gain, korrika kulturalaren harira, Amasa-Villabonan pintxo potean kalejira egingo dugu eta Adunan ere asmo horretan gabiltza”, aipatu dute Iñaki Zalakain eta Ainhoa Elizondok.

Eskualdetik Tuterara
Aurten, Nafarroa Oinez ekimena Tuteran egingo denez, Loatzo musika eskolakoek udaberrian asteburu pasa egingo dute Nafarroako herri honetan: “Tuterako  kontserbatorioarekin harremanetan jarri ginen eta apirileko asteburu batean joatea adostu genuen. Bertan, kontserbatorioarekin elkarlanean, kontzertuak eta kalejirak eskainiko ditugu”, azaldu du Ainhoa Elizondok.

Amaiera borobila
Ikasturte hau era berezi batean amaitzeko, ikasturte bukaeran emanaldi berezi bat eskaini nahi dute, gauez. Hala ere, oraindik lekua eta data zehazteko dauzkate. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!